Antzinako Erroma

cesarEnperadore izatea, lan benetan arriskutsua

Kontrakoa pentsa daitekeen arren, Erromatar Inperioaren garaian enperadore izatea ez zen kontu samurra: Erromatar Inperio bateratuko enperadoreen erdiak baino gehiago bortxaz hil zituzten. Zehazki, K.a. 27. urtean Zesar Augusto enperadore bilakatu zenetik K.o. 395. urtean Teodosio enperadorea hil zen arte, 69 enperadore izan ziren agintean, eta horietatik % 62 indarkeriaz hil zituzten. Hala azaldu du Georgia Institute of Technology-ko (AEB) Joseph Homer Saleh irakasleak, Palgrave Communications aldizkarian argitaratutako azterketa batean. Kontu jakina da Antzinako Erromako agintariek modu bortitzean hiltzeko aukera handia zutela. Salehk, baina, enperadoreak hil arte agintean egondako denbora aztertu du. Bada, alderdi horretatik ere plazaratu ditu enperadore izateari uko egiteko moduko datuak: enperadoreen bi herenek ez zuten agintaldiaren bigarren urtera arte iraun. Salehk erabilitako adibidea argigarria da: “Erromatar enperadore batek bizirauteko zituen aukerak, gutxi gorabehera, sei balako errebolber batean lau bala sartu eta erruleta errusiarrean jokatzearen parekoak ziren”. Hots, errazagoa zen gladiatore bat borrokaldi batetik bizirik irtetea enperadore batek agintaldiari bizirik eustea baino. Azterketaren egilearen ustez, garaiko faktore sozial, politiko eta militarrekin batera, agintarien motibazio eta anbizioak izaten ziren heriotza bortitzen arrazoi nagusiak. Hori jakinda, aurrerantzean nor ausartuko da “erromatar enperadoreak baino hobeto bizi haiz” eta antzeko konparazioak egiten?