Ingurumena

espatulaAgur Txinako espatula arrainari

Animalia espezie bat gutxiago munduan: Txinako Arrantza Zientzien Akademiak desagertutzat jo du Txinako espatula arraina (Psephurus gladius). Gaizkatarekin ahaidetua, ur gezetako arrainik handienetakoa zen munduan, 3 eta 7 metro bitarteko luzerarekin. Yangzi ibaia zuen bizileku, baina azken 17 urteotan ez dute alerik ikusi bizirik. Ondorioz, desagertutzat jo dute. Ikertzaileen aburuz, bi arrazoi nagusirengatik desagertu da: gehiegizko arrantza eta ibaiko habitataren eraldaketa. Batez ere, Yangzi ibaian eraikitako urtegien eragina nabarmendu dute ikertzaileek, erabat oztopatzen dituelako espatula arrainek ugaltzeko ibaian gora egin ohi dituzten migrazio bideak. 1989an, babestutako espezie izendatu zuten, eta, babes neurriak hartu arren, ez dira nahikoa izan. Hala, espeziea 2005. eta 2010. urteen artean desagertu zela kalkulatu dute ikertzaileek. Ibaiaren kutsadura gutxitu, arrantza debekatu, arrautzak erruteko migrazioak ahalbidetu... neurriak lehenago hartu izan balira, desagertzea saihestuko zutela uste dute, baina jada beranduegi da. 1990eko eta 2000ko hamarkadetan, toki itxian hazteko saiakerak ere egin zituzten, baina alferrik. Orain, museoetan ikusi beste erremediorik ez da izango.