Zientzia

zientzia‘Emakumeak Zientzian 2020’, zientzia emakumeen kontua ere badela erakusteko

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen da otsailaren 11n, eta bederatzi euskal erakundek Emakumeak Zientzian 2020 ekimena antolatu dute. Zientzia bada nesken kontua leloa du ekimenak, eta ongi laburbiltzen du helburua: zientzian diharduten emakumeen lana ikustaraztea; jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea baztertzea; eta neskek eta nerabeek zientzia arloko ikasketak aukera ditzaten sustatzea. Horretarako, adin guztietarako hainbat jarduera izango dira, Donostian, otsailaren 7tik 14ra: tailerrak, hitzaldi publikoak, bisitak, ginkana... Adibidez, gazteei begira, Zientzia bada nesken kontua izeneko tailerra eskainiko dute otsailaren 7an; egun berean, sei emakume ikertzailek Zientzialariak, atzo eta gaur izeneko solasaldia egingo dute; hilaren 8an, familientzako ginkana egongo da; 14an, zientzia komunitateko kideentzako Berdintasuna zientzian: esperientziak eta etorkizuna mahai-ingurua... Askotariko ekitaldiak, beraz, eta guztiak doakoak. Egitarau zehatza www.emakumeakzientzian.eus gunean ezagut daiteke, bai eta izena eman ere ekitaldietan parte hartzeko. CIC nanoGUNE ikerketa zentroak, Materialen Fisika Zentroak (CFM CSIC-UPV/EHU), CIC biomaGUNEk, Donostia International Physics Center-ek (DIPC), Biodonostiak, Tecnun-Ingenieritza Eskolak, Ceit-ek, POLYMAT-ek eta Elhuyarrek antolatu dute programazio bateratua.