Hiztegiak

hiztegiaDexente ponpoxoa geratzen ari da Euskaltzaindiaren Hiztegia

2016tik sei hilabetero egin ohi duen moduan, Euskaltzaindiak bere hiztegia eguneratu du sarean, 758 forma berri jasota eta beste 472 osatu edo finduta. Hiztegiari erantsitako forma berrietatik gutxi dira sarrera berriak: 69, zehazki; gainerakoak, 689, azpisarrerak dira. Berrien artean, gehienak hizkuntza izenak eta herritar izenak dira: krimeera, ladinera, kurdu, palestinar, valentziera, herzegovinar, montenegroera... Halere, bestelako hitzak ere badira, hala nola, dexente, ponposo eta ponpoxo, begiurdin, bixkor, glosategi, gorririk... Sareko hiztegia (www.euskaltzaindia.eus) eguneratuta, iaz, guztira, 1.155 forma berri hiztegiratu zituen Euskaltzaindiak: 381 sarrera eta 774 azpisarrera. Horiei moldatutako beste 937 gehitu behar zaizkie. Azken eguneratzearekin, orotara 39.247 sarrera, 8.086 azpisarrera eta 65.294 adiera ditu orain Euskaltzaindiaren Hiztegiak. Segi bixkor hiztegian kuxkuxeatzera!