Nafarroa

Euskaldunon hizkuntz eskubideak, hutsaren hurrengo Iruñeko Udalean

Euskara eta euskal hiztunon eskubideak jomugan paratu dituzte, berriz ere, Iruñeko Udalean agintean den Navarra Sumaren zenbait erabakik. Batetik, hedabideen artean Udalaren publizitate instituzionala banatzeko irizpideak aldatu ditu. Oraingoen arabera, gutxienez % 10eko audientzia izan beharko dute hedabideek. Iruñean euskaldunak % 10,5 direnez, euskarazko hedabideei ia ezinezkoa zaie irizpidea betetzea, ia iruindar euskaldun guztiengana iritsi beharko luketelako. Neurriaren kontrako iritziak ugariak izan dira, eta zenbait hedabidek iragarri dute helegitea aurkeztu diotela erabakiari. Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak ere salatu du “Iruñeko Udalak euskarazko hedabideak publizitate instituzionalik gabe utzi izana”. Alabaina, hedabideena ez da izan Iruñeko Udalak euskaldunon hizkuntz eskubideen kontra hartutako erabaki bakarra. Izan ere, Enrique Maya alkateak jakinarazi duenez, hiriko bi haur eskola gaztelaniazko eredura itzularaziko dituzte. Aurreko agintaldiko udal gobernuak 4 ikastetxetara zabaldu zuen hiriko haur eskolen euskarazko eskaintza, eta, hala, guraso askoren eskaerari erantzun zion. Beste guraso talde batek, ordea, erabakia epaitegietan salatu zuen, baina auzitegiek ez zioten arrazoia eman orduko udal gobernuari. Horren aitzakian, Mayaren Udal gobernuak iragarri du 4tik 2ra murriztuko duela euskarazko haur eskolen eskaintza, “pixkanaka”.