Almudena Garcia, Zadorra euskaltegiko I. Mikroipuin Lehiaketaren irabazle

mikroAzken lamiaren istorioa izeneko kontakizun laburrarekin, Gasteizko Zadorra euskaltegiko I. Mikroipuin Lehiaketa irabazi du euskaltegi hartako B2 taldeko Almudena Garcia ikasleak. Lehiaketan, ikasleek mikroipuin bat idatzi behar zuten, euskaltegian aukeratutako hainbat “hitz kutunen” artean gutxienez bat aukeratuta (Garciak hiru baliatu zituen, testuan beltzez ageri direnak), eta, era berean, pertsonaia mitologikoak sartzeko aukera izanda. Guztira, 36 ipuin jaso zituzten, eta, asko kostata izan bazen ere, azkenean Garciaren lana aukeratu zuen epaimahaiak. Trukean, idazten jarraitzeko materiala eskuratu zuen: liburuxka, koadernoa eta boligrafoa. Zorionak, Almudena, baita gainerako parte hartzaileei ere!

Azken lamiaren istorioa

Bazen behin garai bat gizakiak eta alegiazko izakiak elkarrekin bizi zirena, oreka berezian. Hala ere, kristautasuna iritsi zen eta, bat-batean, inor ez zen izaki hauetaz gogoratzen. Besterik gabe, desagertu ziren edo desagerrarazi zituzten.
Hori izan zen lamia haren kasua. Bere gainerako ahizpek ihes egin zuten, baina bera gazteegia zen ihes egiteko edo hiltzeko. Gainera, errotariaren semearekin maiteminduta zegoen eta ez zuen bere maitea galdu nahi. Horregatik, egun batean bere urrezko orrazia errekara botatzea erabaki zuen eta, hala, bere ahate oinak eta bere adats luzea ere desagertu ziren aldi berean. Harrezkero, emakume gisa bizi ahal izan zen.
Urteak pasatakoan errotariaren semearekin ezkondu zen. Seme-alabak izan zituen, gero bilobak, ... eta gero senar gehiago, seme-alaba gehiago... Eta guztiak nola hiltzen ziren ikusi zuen, bai adinagatik, bai minbiziagatik... Izan ere, lamia hura ezin zen ez zahartu, ez hil; azken finean, ez zelako ez lamia, ez emakumea.
Gerrak, goseteak, epidemiak... denetarik ikusi zuen. Eta orain oso nekatuta zegoen bizitzeaz. Bakarrik ilargia (bere lagun mina) geratzen zitzaion. Ilargia, behintzat, inoiz ez da zahartuko, ezta hilko ere. Bera bezala.
Eta bueno... hemen jarraitzen dut. Amina da nire izena, eta hau da nire istorioa, azken lamiaren istorioa.