Neure burua gehixeago ezagutzeko aukera eman dit idazteak

cidAlmudena Cid
Aktorea eta idazlea

Olympia saileko bi liburu argitaratu ditu Cid gimnasta ohiak (Gasteiz, 1980), Alberdania argitaletxearekin, Mitxel Muruak euskaratuta. Sailaren bidez, gaztetxoei bere bizipenak kontatu nahi izan dizkie. 2008an erretiratu bazen ere, erreferentea da gimnastika erritmikoan; besteak beste, Olinpiar Jokoetan lau final jokatu dituen munduko gimnasta bakarra da oraindik ere. Kirola utzi ostean hasi zen gazteentzako liburuak idazten; bere webgunean, gimnastikari buruzko aholkuak ere ematen ditu. Urteak daramatza aktore lanean.

Bada alderik Oly protagonistaren eta zure artean?
Uste dut Olyk Almudenak baino azkarrago konpontzen dituela hainbat egoera. Idazteak hori du ona, analisiak egiten ditudala gimnasta nintzenean baino ikuspuntu urrunagotik. Horrek uzten dit jendearen beste aldea ikusten. Sentipena dut nik orduan baino askoz errazago hausnartzen duela berak. Bestela, gauza asko ditugu komunean. Olyren izaera oso ongi islatzen saiatu naiz, ni bezalakoa izatea nahi nuelako, bai nortasun aldetik bai ziurtasun gabeziei dagokienez... Polita da, neure burua gehixeago ezagutzeko aukera eman didalako idazteak.
Ez duzu autobiografiara jo.
Autobiografiak helduentzako irakurgaitzat ditut, ez dut irudikatzen 9 urteko neska bat biografia bat leitzen. Nire asmoa zen txikientzat lagungarri izatea, ondare bat uztea haiei; izan ere, ni adin horretan hasi nintzen zailtasunak ikusten. Helduagoa zarenean, ulertzen dituzu, eta gutxiago sufritzen duzu. Errealistagoa zara, badakizu ez zarela ezinbestekoa. Hau da, txikitan beste egoera batean zaude, zaurgarriagoa zara, eta gauza askoren zergatiak ez dituzu ulertzen. Horietara iritsi nahi nuen.
Presio handiagoa, pistan ala oholtzan?
Pistan gehiago sentitu izan dut. Oholtzan, aurreiritziak sumatu ditut, “Begira gimnasta, orain aktore izan nahi duen hori”, halakoak. Trantsizio hori mingarri xamarra izan zen. Zorionez, orduan jada ez nintzen umea, eta denbora kontua izaten da zure ilusio berria erakustea. Hala, lehenengo gauza izan zen neure buruari aktorea naizela onartzea. Oso pozik nago egindako urratsarekin, egia esan, egin nahi nuelako. Gimnastika hor dago, hor jarraituko du, dela liburuetan, dela agerraldi jakinetan, dela telebistako emankizunetan; halere, nire bizitza, orain,  bestelako istorioak kontatzea da.
Ilusioa egin dizu euskaraz argitaratzeak.
Bai. Liburuak euskaraz argitaratzea ametsa zen niretzat. Nik euskaraz ikasi nuen Arantzabela ikastolan. 13 urterekin, Espainiako taldera joan behar izan nuen Madrilera, eta nire ikasketak guztiz aldatu ziren; euskara alde batera utzi behar izan nuen. Orain, nire liburuak euskaraz irakurtzeak ilusio handia egiten dit, hizkuntza berreskuratzeko. Magikoa da, ederra.
Joko Olinpikoen urtea aurtengoa. Ikusiko al zaitugu esatari?
Bai, baina oraindik ez dakit non, TVEn edo Eurosporten, zeren orain Discovery da eskubideen jabea. Gustura jarraituko nuke gimnastikari ahotsa jartzen, batez ere ulertzen ez dutenei gerturatzeko. Bestalde, urte olinpikoa izanik, ez diot utzi kirolariek sentitzen dutena sentitzeari. Urduri eta guzti jartzen naiz, badakidalako lau urteetako lana dagoela jokoan. Inertzia horiek ditut oraindik, urteak igaro badira ere.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Filmatzera joango naizela jakiteak.
Eta tristatu? Oro har, jendearen, gizakiaren, enpatia urriak.
Zerk eragiten dizu barrea? Senarrak, kar-kar! Oso pailazoa da.
Bizio bat: Gehiago da errutina bat: grabatzen edota etxean bakarrik denbora asko ematen dudanez, zalaparta dagoen tokietara joatea gustatzen zait, jendea eta zalaparta dagoen lekuetan kafea hartzea. Bestela, txokolate zuria.
Gimnasta bat: Oksana Kostina.
Txapelketa bat: Pekin 2008. Nire kirol bizitza laburbiltzen duela uste dut, benetan.
Aparatu bat: Pilota.

Eñaut Mitxelena