Emakumeak, Etxeak eraikitzen

Emakumeen Etxeak elkarguneak dira, emakumeei hainbat egitasmotan partaide izateko aukera ematen dieten lekuak, kontzientzia hartzeko tokiak... Etxe hauetan garatzen diren ahalduntze eskolek berebiziko garrantzia dute emazteen jabetze eta eraldaketa prozesuetan. Badira hainbat gure artean, eta, egiteko asko eduki arren, ondo funtzionatzen ari dira. Horren erakusle, Donostiako Emakumeen Etxea, Basauriko Marienea eta Gasteizko Sorginenea. Alabaina, dena ez dago hain ongi. Esaterako, eskakizuna historikoa izan arren, Bilbo da, Hego Euskal Herrian, Emakumeen Etxerik gabeko hiriburu bakarra. Horregatik, eta hurbil dagoelako, jotzen dute emakume bilbotar askok Mariaeneara, baina han, logikoki, basauriarrek dute lehentasuna. Hortaz, Marieneako kideek “gure Etxea kopiatzera” animatzen dituzte beste udalerriak. Haiek Donostiakoa hartu zuten eredu, eta joan izan dira Portugaletera, adibidez, Marienearen lana azaltzera. Eta zer esan Etxeen lana oztopatzen duten arazoez? Iruñeko Udalak, duela gutxi, bertan behera utzi du Paola Damonti genero kontuetan aditu eta ikerlariak Iruñeko Emakumeen Etxean eskaini behar zuen hitzaldia. Lehen nahikoa ez, eta orain zentsura lotsagabeari ere aurre egin behar! M. Egimendi, Esti Lanao, Eñaut Mitxelena.

marienea

“Formazioa da jabekuntza prozesuak martxan jartzeko aitzakia”

Anabel Sanzek (Ermua, 1963), Basauriko Udaleko Berdintasun teknikariak, 20 urte daramatza lan horretan. Isabel Cadaval (Basauri, 1974), berriz, pasa den urtetik da Basauriko Udaleko Berdintasun zinegotzia. Marieneako Berdintasun Kontseiluko idazkaria eta presidentea dira, hurrenez hurren.

Marieneak, Basauriko Emakumeen Etxeak, 2012ko maiatzean ireki zituen ateak. Udalak kudeatzen du, “eta mugimendu feministako taldeek edota bestelako emakume elkarteek hemen garatzen dituzte beren lanak eta ekintzak” dio Cadavalek. Gainera, talde horietako askoren egoitza soziala ere bada Marienea. Sanzek azaldu duenez, “herrian ziren emakume taldeak (feministak, gazteak, alargunak...) elkartzeko eta denena izango zen leku bat sortzeko osatu zen Marienea elkartea, bazkideak edukiko zituena; horren barruan eratu zen Berdintasun Kontseilua, guztion parte hartzea bermatzeko”. Gaur egun, hamar talderen ordezkariak biltzen dira bertan, eta hitz egiten dute, adibidez, talde bakoitzak egun berezietan-eta egin nahi duenaz, ondoren egitaraua guztien artean prestatzeko. Berdintasun Kontseiluak, Sanzen hitzetan, “hanka bat erakundeetan eta bestea gizartean dauka, onerako eta txarrerako. Ez du erabakitzeko gaitasunik, baina praktikan funtzionatzen du. Iritzi ezberdinak eta haserreak egon arren, nola ez, nik daramatzadan 20 urtean ez da izan konpondu ezinezko gatazkarik Udalarekin. Parte hartzen ikasteko esparrua ere bada, emakumeentzat zein elkarteentzat. Hemen biltzen diren taldeak ezberdinak dira: batzuk ohituta daude politikagintzan, beste batzuk ez; erritmoak ere ezberdinak dira...”. “Denen idiosinkrasia errespetatu behar dugu” dio Cadavalek.
Berdintasun arloko proiektu guztiak Marienean daude: Jabekuntza Eskola; sexu informaziorako bulegoa; aholkularitza juridikoa eta psikologikoa, indarkeria matxista pairatzen duten biktimentzat; ikastetxeetan garatzen den heziketa programa... “Argi dago”, dio Cadavalek, “Udalaren bultzada politikorik gabe ezin dela honelako gunerik sortu, baina egunerokoan elkarteek eman diote bizitza Etxeari”. Elkarlanean oinarritzen da, hortaz, Marienea.
Talde berriak ere osatu dira bertan: “Adibidez, aholkularitza juridiko eta psikologiko zerbitzutik sortu da Zure Ondoan, indarkeria matxista pairatu duten emakumeen taldea; Las Caprichosas clown talde feminista ere hemen sortu zen, clown ikastaro baten ostean; gazteen Kiskali taldea haiekin lan egiteko martxan jarri genuen proiektu batetik atera da; Bolandia, literatura ikastarotik... Taldeok egonkortzen direnean, Kontseilura ekarri nahiko genituzke, duela gutxi Amakume taldea bezala. Ama berriak hemen biltzen dira, ume eta guzti, hitz egiteko eta hausnartzeko gune bat behar dutelako, eta hortik antolatu da ‘Gure amatasunez gozatzeko emozio estrategikoak’ ikastaroa ere” azaldu du Sanzek. Korrikarako taldea ere osatu berria da: “Uztailean, Gasteizko ironmana egiteko entrenatzen ari den Rosa Romero etorri zitzaigun (guk ironwoman esaten diogu), zerbait egin nahi zuelako. Proposatu genion martxoko Lilatoirako taldea prestatzea, Jabekuntza Eskolan zortzi saioko ikastaroa emanez. Azken batean, formazioa aitzakia da jabekuntza prozesuak martxan jartzeko. Azken helburua da gero eta emakume gehiagok parte hartzea, sarea egitea, kontzientzia hartzea, norbere irizpideak edukitzea... Eta hori guztia parte hartuz lortzen da”.
Marieneak 800 bazkide inguru ditu, eta astean ehun bat emakume bertaratzen dira, baita inolako elkartetan ez daudenak ere: “Horiei ere doan ematen diegu bazkide txartela, hemen dagoen guztiaren berri jaso eta nahi bezala parte har dezaten”.
Egungo proiektuen artean, Cadavalek Memoriaren Plaza aipatu du, “matxismoaren biktimei aintzatespena eta erreparazioa eskaintzeko”. Sanzen ustez, berriz, erronka nagusia egindakoa finkatzea da, “eta falta zaigunari heltzea. Aurten, adibidez, emakume edadetuekin hasi gara lanean. Jakin badakigu indarkeria adin guztietan gertatzen dela, baina adin horretan ez da hainbeste ikusten, eta datuak ikaragarriak dira”. Gustura ari dira lanean, baina egitekoak badituztela ahaztu barik.

 

sorginenea“Teoria jasotzeaz eta eztabaidatzeaz gain, herri pedagogia egin nahi dugu”

Koordinazio lanetan buru-belarri dabiltza Elena Cercadillo (Gasteiz, 1967) eta Paka Robles Martin (Salamanca, 1958) Sorginenea etxe feministako bazkideak. Aurrera egiteko gaitasuna sobera badute ere, parte-hartze handiagoa eskatzen dute, bereziki gazteei.

Udazkenarekin batera zabaldu zituzten Gasteizko Etxanobe Jauregiko ateak, Sorginenea etxe feministari tokia egiteko. Zehazki, 2019ko irailaren 21ean inauguratu zuten, eta ordutik lan eta lan ibili dira. Aurretik, baina, 20 bat urte behar izan dituzte feminista gasteiztarrek elkargune fisiko bat lortzeko, Arabako Emakumeen Asanbladak lehenengoz eskatu zuenetik. Horixe baita Sorginenea, hain zuzen: “Emakume, lesbiana eta transentzako elkargunea; elkar ezagutzeko toki segurua”. Elkarrekin topo egin, elkar ezagutu eta beharrak, ideiak zein proposamenak egituratu nahi dituzte bertan, besteak beste. Azkenean, 2017. urteko Berdintasun Planean jaso zuten behin betiko asmoa, aurretiko saiakera guztiek huts egin ondoren. Udalak deitutako prozesu parte hartzaile baten bidez, Etxanobe Jauregia izendatu zuten Gasteizko etxe feministaren egoitza.
Prozesu luzea izan dela onartzen dute bi koordinatzaileek: “Talde oso ezberdinak elkartu ginen hasieran, horietatik feminista bakarrak Asanbladakoak”. Antolaketa kultura oso desberdinak zituzten erakunde haiek: “Esaterako, mugimendu feministak biltzar bidezko funtzionamendua zuen, baina gerta zitekeen beste batzuek antolaketa bertikalagoa izatea”. Batez ere, horregatik izan zen zaila prozesua; oso ezberdinak ziren, eta ez zuten elkar ezagutzen. Hala ere, azkenean zortzi talde geratu ziren, eta Sorginenea elkartea sortu zuten. “Emakume independenteek sortutako elkartea da, eta denok elkarrekin kudeatua izateko helburua du”. Horretarako, koordinazio taldea dute, zeinak inguruan eskaintzen dituzten zerbitzuetako batzorde bana duen.
Sorginenearen filosofia ere argi azaldu dute: “Askotariko emakumez osatua, feminista, alderdietatik edo bestelako taldeetatik independentea eta segurua”. Emakumeek emakumeentzako egina. Donostiako eta Basauriko etxe feministei erreparatu diete sortze prozesuan, baina badituzte aldeak. Esaterako, autonomia handiagoa izatearren, etxe feministako langileak bertako kideak dira, ez Udaletik etorritako teknikariak.
Lana antolatzeko, bost ardatz nagusi dituzte. Alde batetik, etxea ezagutzera eman nahi dute, eta erreferente bihurtu:“Topagune bat izatea nahi dugu, eta emakumeek erabiltzea nork bere proiektuak aurrera eramateko eta denon artean gauzak ikusteko”. Beste ezinbesteko bat parte-hartzea litzateke, hau da, modu aktiboan izatea partaide eta antolatzea: “Ez dugu nahikoa erabiltzea, ez delako gizarte etxe bat; emakumeek antolaketa taldeetan parte hartzea nahi dugu”. Hirugarren ardatzari dagokionez, hausnarketa sortzeko asmoa dute, horren bidez pentsamendu feminista sortzeko, hitzaldi eta tailerren bitartez. Gogoeta horrekin lotuta dago laugarren ardatza: ikerketa feminista. Izan ere, “kontua ez da teoria jasotzea eta eztabaidatzea besterik ez”. Herri pedagogia feministan sinesten dute, hots, herritik ateratzen den horretan. Beste modu batean esanda, “egunerokotasunean sortzen diren kezkak gogoan, ikerketa egin nahi dugu. Hain zuzen herri ikerketa hori sustatzeko, honelako galderak egiten dizkiote bere buruari: “Gasteiz benetan al da hiri feminista? Zenbat kalek dute emakume baten izena?”... Azkenik, bosgarren ardatza aldarrikapen soziala da, zalantzarik gabe.
Horrez gain, ezagutza xurgatzeko helburua lortzeko, ezinbesteko zerbitzu bat eskaintzen dute: liburutegi feminista. Abenduaren 11n jarri zuten abian, ilusio handiz, eta harrezkero andre askok parte hartu dute. “Hona etortzen bazara, feminismoaren gainean ikasteko liburu asko eta oso onak aurkituko dituzu, alfabetikoki sailkatuta”. Eleberriak, saiakerak… denetik. Hitzaldiak eta liburu aurkezpenak egiteko asmoa ere badute, hilean edo bi hilabetean behin. Halere, hori guztia antolatzeak lan handia eskatzen duenez, forma ematen lagunduko duen jendea behar dute, gazteak batez ere. Dena den, ezin uka zerbitzu horiei esker emakume gehiagok ezagutzen dutela Sorginenea: “Ate bat da guretzat, Sorginenean sartu eta eskaintzen dugunaren berri izateko atea”. Gonbidapena egina, beraz, Erdi Aroko eraikineko geletan murgildu eta liluratzeko.

emakume

“Etxearen lana oso positiboa izan da, bai emakumeontzat bai jendarte osoarentzat"

2010eko azaroaren 10ean ireki zuten Donostiako Emakumeen Etxea, Okendo kaleko 9.ean. Ana Txurrukak (Ordizia, 1979) ongi ezagutzen du, Donostiako Udaleko Berdintasun Saileko teknikaria denez, bertan lan egiten duelako, eta militante feminista delako.

Guretzat, Emakumeen Etxea elkargunea da. Harago doa, gainera: kontuan hartuta oraindik ere jendartea matxista dela eta patriarkatuan bizi garela,  oso garrantzitsua da emakumeok gure artean batzea eta honelako elkargune fisiko bat edukitzea. Azken finean, emakumeok elkargune bat dugunean eta elkartu egiten garenean, horrek indarra ematen digu aurrera jarraitzeko, baita gure inguruko jendarte hori eraldatzeko ere” dio. Hala, “ikusi genuen ezinbestekoa zela gure arteko saretzea eta elkarrekin egotea, Donostian eraldaketa feminista lortuko bagenuen”.
Donostiako mugimendu feministak eta emakume taldeek aspalditik aldarrikatu izan dute elkargune baten beharra. “Aldarrikapen historikoa” 2010ean gauzatu zen. Txurrukaren iritziz, “hainbat faktore elkartu ziren horretarako. Batetik, Ainhoa Beola orduko Berdintasun zinegotziak bazuen borondate politikoa. Bestetik, emakumeen mugimendua indartsu zegoen. Azkenik, alde teknikotik, etxea aurrera atera nahi genuen talde tekniko indartsua zegoen Udalean”.
Nolanahi ere, prozesu luzea izan zen: “Apustua izan zen etxea parte hartzailea izatea. Etxea ireki baino lehen, hiru urtez egon ginen emakume ugarirekin kontrastatzen, eztabaidatzen, erabakitzen... Prozesu luzea eta gogorra izan zen, baina horregatik da etxea askoz ere sakonagoa eta egonkorragoa”.
Kogestioan oinarritzen da etxearen kudeaketa, erakundeak eta emakumeen eta feministen taldeak batuta. Bi zutabe ditu: Donostiako Udaleko Berdintasun Saila, bertan kokatua dagoena, eta Emakumeen Elkartea, talde feministak, emakumeen taldeak eta inongo elkarteko kide ez diren emakumeak batzen dituena. Eredu aitzindaria izan zen. “Hainbat eredu aztertu genituen, eta eredu hibridoa aurkitu genuen. Halakoak nahiko berriak dira, normalean ez dira hainbeste ikusten, eta zailtasunak ere badituzte”. Kogestioaren ereduan, “nork bere rola dauka”. Txurrukaren hitzetan, “batzuetan uztartze hori ez da erraza izaten, baina esperientziak erakutsi digu erabaki ona izan zela, proiektua egonkorragoa izateko, batez ere. Orain, argi ikusten dugu etxe honek indarra ekarri diola emakumeen mugimenduari, eta ardura Udalari eta erakundeei". 
Eguneroko jardunari dagokionez, “bi alderdi jorratzen ditugu: behar praktikoak  eta behar estrategikoak direlakoak”. Hau da, alde batetik, ekimen eraldatzaileak egiten dituzte: “Jabekuntzarako ekimenak, hausnarketarako direnak... Bilerak egiteko guneak ere garrantzitsuak dira”. Beste alde batetik, alderdi praktikoa dago: “Emakumeok, gaur egun, oso behar zehatzak dauzkagu eguneroko bizimoduan, egoera okerrenetan daudenek, batez ere. Bada, behar horiei erantzun bat eman nahi genien, eta zerbitzuen bitartez saiatzen gara hori lortzen: aholkularitza juridikoa, laguntza psikologikoa eta abar”.
Emakumeen Etxera “emakume asko” datorrela dio Txurrukak. “Ireki genuenean, gure beldurra zen ea lortuko ote genuen etxea betetzea, jendea etortzea. Orain, 10 urteren ondoren, etxea txiki geratu zaigu, oso mugatuta dago, eta horregatik handiagoa eskatzen ari gara”. Hamar urteotako lanaren emaitza “oso positiboa” izan dela dio, “bai emakumeontzat bai jendarte osoarentzat; bai gure inguruan, behintzat, Donostialdean. Oso inportantea izan da, erreferentea, feminismoan eta berdintasunean: mezu sozialetan, aldarrikapenetan... horixe nabaritzen dugu, mugimendu pila bat egon da Etxearen inguruan”.
Balorazioa positiboa izanik ere, Txurrukari iruditzen zaio egun dutena ez dela nahikoa: "Hori eskatzen ari gara: etxe handiagoa, baliabide gehiago... oraindik asko dagoelako egiteko. Pentsatu nahi dut emakumeon bizitza hobera aldatzen ari dela, gauza batzuetan, behintzat. Dena dela, gizartea motelago doa, eta badauzkagu hainbat erronka. Adibidez, indarkeria matxista gure egunerokotasunean dago, eta ez dugu lortu desagertzea". Hain zuzen, indarkeriak emakumeen bizitzan daukan eragina azpimarratu du: “Emakume asko indarkeriarekin lotutako arazoekin etortzen dira. Indarkeria matxistak gure bizitzan duen pisuak ez digu aske izaten uzten”. Bortxaz gain, non eragin badago: prekarietatea... Txurrukak dioen moduan, “oraindik ez dugu dena lortu, eta guk dena lortu nahi dugu”.
Lanik ez zaie falta, eta ez zaie faltako, Emakumeen Etxean. Aurten, baina, ospakizunei ere tartea egingo diete, 10 urte beteko baititu. “Ospatzeko une edo egunak ere behar ditugu, egin dugun guztiagatik geure burua zoriontzekoak. Gainera, horrek beste 10 urtetarako indarra emango digu!".