“Akatsak eginez ikasten da”

zelanAlvaro Valera Belmonte
(Murtzia, Espainia, 1989)
Pirinioetan eski estazio batean lanean ari zela Hernanin lan aukera bat suertatu, eta Euskal Herrira etorri zen Valera, 2018ko apirilean. Urte hartako urrian hasi zen, AEKn, euskara ikasten, A1 mailan. Euskaraz bizitzeko oinarria lortuta, egun B2 mailan ari da, presarik gabe.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Berez, hona iritsi baino lehen, ezagun nuen Euskal Herria. Lagun euskaldun batzuk nituen, eta Pirinioetan euskaldun batekin bizi nintzen. Hark amarekin eta anaiarekin hitz egiten zuenean, euskara pixka bat entzuten nuen. Gainera, batzuetan hona etortzen nintzen. Euskarazko hitz batzuk ezagutzen nituen: bai, egun on... oso gutxi. Ondoren, hona etorri nintzenean, euskara ikastea erabaki nuen.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Hizkuntza kuriosoa eta interesgarria iruditzen zitzaidalako. Hona etorri baino lehen, banuen buruan: “Lanean hartzen banaute, segur aski euskara ikasiko dut”. 2018ko urrian hasi nintzen euskaltegian. Gainera, nire ingurunea euskalduna da, eta lagunek animatu egiten ninduten. Dena dela, esandakoa: hemen bizi baino lehen nahi nuen ikasi.
Nolako prozesua izan duzu?
Hasieran, iaz, asko ikasten nuen: beti egiten nituen ariketak eta etxerako lanak,  hurrengo urteetarako oinarri ona edukitzeko, arazorik ez izateko deklinabideekin eta funtsezko gauzekin. Eta prozesua... bada, pixkanaka-pixkanaka jendearekin hitz egiten, saiatzen eta akats pila egiten, noski. Hori kontuan hartu behar da: jendeak ez du hitz egiten akatsak egiten dituelako, lotsagatik... Baina horrela ikasten da, akatsak eginez. Saiatu nintzen, hasieratik, nekiena erabiltzen. Hitz bat gaztelaniaz jarri behar banuen, hala egiten nuen; zerbait ezin banuen euskaraz esan, gaztelaniaz botatzen nuen. Poliki-poliki, jendearekin hitz eginez, telebista ikusiz, egunkaria irakurriz, lanean erabiliz...
Zer izan da zailena zuretzat?
Deklinabideak. Aditzak ere bai, aditz-taulak, nor-nori-nork eta horrelakoak asko kostatu zaizkit. Zenbakiak ere zailak egiten zitzaizkidan; oraindik ere nahasten naiz.
Une barregarriak ere emango zizkizun...
Pila bat! Adibidez, behin, parranda batean edo, ezagun batek kontatu zidan zerbait pasatu zitzaiola, eta nik “Ai, txiroa!” bota nion, “Ai, gaixoa!” beharrean. Halako akatsak egiten ditut, bai. Batzuetan, gauza batzuk ondo esatea kostatu egiten zait. Esaterako, ordu erdi beti esaten dut erdi ordu. Lagunek barre egiten dute horrekin.
Erabiltzen al duzu?
Jakina. Hemen, Hernani inguruan; Astigarragako eta Donostiako lagunak ere baditut, eta haiekin ere beti euskaraz. Hasieran, kuadrillarekin-eta ez nintzen ongi jabetzen: etengabe aritzen nintzen “¿Qué ha dicho?” galdezka. Hori ere bada: hona etortzen bazara, eta kuadrilla batean euskaraz hitz egiten badute, haien hizkuntza hitz egiten saiatu, behintzat, egin beharko zenuke. Ezin duzu nahi izan beste guztiek zure hizkuntzan hitz egitea zuk ez duzulako haiena hitz egiten.
Trikimailuren bat?
Ikasteko (hasieran, behintzat), izan irmoa; eta jarri irratia, entzuteko eta entzuteko, azkenean zerbait ulertuko duzu. Era berean, hitz egin jendearekin ahalik eta gehiena, eta esan zuzentzeko (nik lagunei-eta eskatzen diet)... Finean, erabiltzea. Lanean edo bizitzan gertatzen den moduan, gauzak ikasten dira erabiliz.