Zer egin beharko genuke elikagaiak egoki aukeratzeko?

 

ikamika

Gaur egun, elikadurari garrantzi handia ematen diogu, denok hitz egiten dugu gaiari buruz, baina ba al dakigu zer eta nola jan behar dugun? Ba al dakigu zein diren elikagai onenak eta osasungarrienak? Hemen, Euskal Herrian, produktu asko eta onak ditugu, zorionez, eta saltokietan denetik daukagu. Hala ere, batzuetan ez dugu jakiten zein den produktuen jatorria, beste batzuetan zein diren osagaiak. Hala, marketinaren eraginez, begietatik sartzen zaiguna erosten dugu, gehiegi pentsatu gabe. Gaia garrantzitsua denez, ondo legoke eskola garaian prestakuntza eta informazioa jasotzea. Horrela, jakingo genuke nola elikatu, eta gaixotasun asko saihestuko genituzke. Horrenbestez, zer egin beharko genuke elikagaiak egoki aukeratzeko?
Debagoieneko AEK-ko Aramaioko mintza taldea

1. Elena
Produktu eraldatuak diren begiratu beharko genuke, eta osagaiak ordena eta kantitate egokian dauden. Onena izango litzateke etxeko errezetekin konparatzea.

2. Maite
Elikagaietan, bi osagai mota daude: batetik berezkoak eta bestetik gehitutakoak. Berezkoak onak dira, normalean; gehitutako osagai asko dauzkaten produktuak, aldiz, hobe alde batera uztea.

3. Pili
Gaur egun, informazioa jasotzeko aukera asko daukagu, Internet bidez. Aplikazio  batzuk erabiliko bagenitu, adibidez, unean bertan lortuko genuke informazioa, eta egokiago erabakiko genuke zer erosi, informazio gehiago izanik.

4. Olga
Elikagaiak erosterakoan kontuan eduki beharko genuke haien jatorria eta sasoiko produktuak diren. Zenbat eta hurbilagokoak izan, orduan eta hobeto, jakina!

5. Ana
Publizitatea oso erakargarria eta deigarria baldin bada, ez fidatu. Letra txikiz agertzen den informazioa kontuan hartu beharko litzateke. Askotan, iruzurra egiten digute.

6. Maite 
Zerrendetan lehenengo osagaia azukrea izango balitz, baztertzea izango litzateke onena, eta kontuz ibili azukreen deribatuekin (-osa amaiera dutenak: fruktosa, sakarosa, etab.). Gauza bera gatz eta koiperekin.