“Gerta liteke musika izatea zulatu beharreko hurrengo burbuila”

 

francis

Francis Diez (Bilbo, 1958) da Doctor Deseo bandaren oinarria. Hiru hamarkadatik gorako ibilbidea du taldeak, eta hamazazpi disko kaleratu ditu. Azkena, Maketoen iraultza, euskara hutsean. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

 

Euskarazko lehen abestia, Tracy Lord, Edorta Jimenezen hitzekin argitaratu zenuten, 1995ean. Nola bururatu zitzaizuen diskoan kantu solte bat euskaraz sartzea?

Ondarroan sortu zen kontua. Han jo genuen lehenbizikoz gaztetxe batean, eta onartu gintuen aurreneko herri euskaldunetakoa izan zen; ez dakit zergatik, agian gainerakoak baino pixka bat egurastuagoa zegoelako. Gaupasa batean, Oier Ituarte, Kirmen Uribe eta Aitzol Aramaiorekin nengoela, esan zidaten ondo egongo litzatekeela kantuekin zerbait euskaraz egitea. Horixe izan zen, nolabait, jatorria. Gero, Edorta Jimenez ezagutu nuen, eta Mundakan paseatzen edo portuko eskaileretan jesarrita, beti gauez, euskaltzale hain sutsuarekin hizketan, esaldiak lantzeaz eta hizkuntzarekin jolasteaz… Erabaki genuen aurrerantzean beti sartuko genuela kanta bat euskaraz disko bakoitzean.

Hurrengoa Xabier Leteren Ni naiz izan zen…

 Bai, oso kantu garrantzitsua zen niretzat. Nerabezaroan, Leteren jarraitzaile amorratua nintzen, logelako horman kanta haren hitzak nituen euskaraz eta gaztelaniaz. Leonard Cohenek, Bob Dylanek… eragin handia zuten nigan, baina Xabier Lete ezberdina zen, baita haren hitzak ere, eta kanta hark zausk egin zidan. Berriro hartzeko gogoa izan nuen, baina beste era batean: estudiotik kanpo grabatu genuen, gela batean, jostailu antzeko tresnekin;eta nik erabat ezberdin kantatu nuen, oso sotil, gaztetxo baten begiramenduz. Niretzat zoragarria izan da bere hizkuntza maite eta maitasun hori gogo biziz erakusten duen jendearekin lan egin ahal izatea: Unai Iturriaga, Sonia Gonzalez, Marta Ortiz… Lauaxetaren bizkaiera zaharra ere ederra, aurkikuntza handia izan zen niretzat, dendetan artean haren libururik ez zegoenean... horrelako gauzek bultzatu gaituzte harrezkeroko diskoetan euskarazko kanta bat sartzera. Halako batean, 13 abestirekin, ikusi genuen bagenuela kontzertu baten lehen zatia osorik euskaraz eskaintzeko aukera.

Hasiera hartan ez zenuten usteko kanta haiek lehen urratsa zirela disko oso bat euskara hutsean ateratzeko…

Inoiz ez dugu izan etorkizun sen handirik. Beti egon izan gara egiten ari ginen horretan buru-belarri sartuta, taldeak asko edo gutxi iraungo zuen pentsatu barik. Hala ere, 30 urte baino gehiago daramagu jendaurrean.

Azken disko honi izena ematen dion kanta ere, Maketoen iraultza, nahiko zirikatzailea da...

Furgonetan sortu zen ideia, maketo hitzaren parekoei buruz barrezka hizketan: mantxurrianoak, koreanoak, hazurbaltzak, belarrimotzak… Garai batean iraina izan zena, gertatutakoa perspektibaz ikusita, harrotasun bihurtu zen, hain gatazkatsua izan zen zerbaitek ekarpen handia egin zielako euskarari eta euskal kulturari. Garai hartan! Bilbon, adibidez, immigrazioaren ondorioz, hamar aldiz hazi zen biztanle kopurua XX. mendearen hasieratik 70eko hamarkadara. Auzoak ghettoak ziren, ugariak ziren banden arteko borrokak eta delinkuentzia, toki baztertuetan ohi denez. Halere, Trantsizio garaian, hori guztia aldatu egin zen, politikarekiko eta euskararekiko konpromisoagatik, eta Bilbo inguruko auzoak leku oso dinamiko eta berritzaileak bihurtu ziren. Batetik, horri guztiari buruz hitz egin nahi genuen; bestetik, gure gurasoen ahalegina aldarrikatu; baita maketo berriekin, oraingo immigrazioarekin, zer gertatzen den ikusi ere. Aurre egin behar diogu kontu horri, orain, nahitaez. Donald Trumpek horrela jokatzea, immigranteen  ondorengoa izanda, immigranteen seme-alaba diren beste askok bezala… Nola errepika dezakegu hori!? Hori guztia aipatu nahi genuen, izan ginen maketoengatik eta izango direnengatik.

Zuri esan zizuten inoiz maketo?

Ez, auzo honetan (Uribarrin jaio zen Francis, eta bertan bizi da) kontrakoa gertatzen zen, nolabait. Orduan zeuden hiru euskaldunei aldeano esaten genien. Garai hartan, “Goazen Bilbora” esaten genuen, gure auzoa udaletxe atzean dagoen arren.

Sentitu duzu inoiz euskara ikasi beharra?

Irakasle eskolan, ez nuen karrera bukatu, euskara ez zen nahitaezkoa, baina irakasle batek, Egan taldearen managerra bera, euskara eskolak musu-truk ematen zizkigun interesa genuenoi. Bost urte haiek igarota, Meñakako baserri batera joan nintzen, baina nire euskara batu eskasean zerbait esaten nuenean, berehala hasten zitzaizkidan gaztelaniaz. Kontuan izan jende edadetua zela, eta ez zutela Euskal Telebistako euskara ere ulertzen. Ez daukat hizkuntzak ikasteko batere erraztasunik, eta gaztelaniaz ere arazo handiak ditut ortografiarekin. Azkenean, bikotekide nuen bertsolari batekin bizi izan nintzenean, uste izan nuen lortuko nuela, baina ezta orduan ere!

Halere, animatuko zenuke jendea ikastera?

Hitz egin ala ez, euskara geurea dela sentitzera heldu naiz. Arrebak eta lobek, eta inguruko guztiek, euskaraz hitz egiten dutela ikusten dudanean, bizirik ozta-ozta iraun duen hizkuntza bat dugula dakidanean… Nola ez diogu, bada, eutsiko hain gauza bizi, oinarrizko eta hurbilari? Ez dago esan beharrik ere. Gainera, jendarte osoaren konpromisoa ere hor dago...

Lauzpabost kontzertu emango dituzue, maiatza aldera, Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Eta gero?

Madrilera, Bartzelonara eta Mexikora joango gara. Ondoren, desagertu egingo gara, disko bakoitzaren bira bukatu ondoren egin ohi dugun moduan. Etorkizunean, baliteke historiako diskorik onena kaleratzea, edo ezer ez egitea. Baina orain Maketoen iraultzarekin gaude, eta gero gerokoak.

Betidanik egin izan duzue lan horrela?

Bai. Taldean geroago sartu ziren batzuek zalantzak zituzten, uste zuten ez dela komeni desagertzea eta publikoarekin harremana galtzea, baina gaur egun ia banda guztiek jokatzen dute horrela. Izan ere, ederra da agertokian egotea, baina hortik jaitsi ezean, publikoarekin konektatzeko gaitasuna galdu egiten da. Guretzat garrantzitsua da diskoa kaleratu ondorengo bira egin, transmititu nahi duzuna transmititu, eta desagertzea, bizimodu “normala” egin ahal izatea. Zertarako? Bada, beste lan bat sortu eta pertsona eta musikari moduan garatzeko, oholtzak ez dizulako uzten.

Abesti piloa, 30 urtetik gorako ibilbidea… Nondik sortzen da horrenbesteko etorria?

Jakin-mina baduzu eta esperientziak bestelako arloak, pertsonak eta historiak ezagutzera eraman bazaitu, hortik sortzen da guztia, norberak ezagutzen dituen kontuetatik. Buruak etengabe jarraitzen du lanean, gauzak konturatu gabe xurgatzen. Gauza berriek pizten didate arreta, eta kopiatu egiten ditut, mundu guztiak bezala, baina horretan memoria txarrak lagundu egiten dit: hain txarto kopiatzen dudanez, ahaztu egiten zaidalako, zerbait berria atera dudala ematen du. Einsteinek antzeko arazoren bat omen zuen, eta haren esaldi batek ireki zizkidan begiak: “Gogoratzen duenak kopiatu egiten du; ahazten duenak, sortu”. Einsteinek hori esan bazuen, egia izango da, kar-kar! Defektu izan daitezkeenak baliatu egin behar dira, gerora lagungarriak izan daitezkeelako. Txikitan horrenbeste arazo eragin zidan barnerakoitasunak, adibidez, gerora pertsona enpatikoagoa izaten lagundu dit, hurkoarekiko sentiberatasun handiagoa edukitzen, behatzaileagoa izaten...

Apunteak eta hartzen dituzu, gero kantuak sortzeko?
Bai, baina oso modu kaotikoan: sakelakoan grabatuz melodia bihur daitekeen zerbait, ezertarako balioko ez duen esaldi pare bat idatziz... zer eta azkenean zortzi-hamar melodia besterik ez egiteko urtean! Melodia batekin hasten naiz, eta hortxe sartu behar izaten ditut hitzak. Izugarri kostatzen zait, eta horregatik miresten ditut hainbeste bertsolariak, ia ez dirudite mundu honetakoak!

Zer sentitzen duzu zuen hasierako kantu bat entzutean? Zeure sentitzen duzu?

Normalean, ez ditut kanta haiek entzuten, ezin dudalako nire burua jasan. Niri kantak abestea gustatzen zait, abestiak kontatuz eta kantatuz hunkitzea, ez neure buruari entzutea. Hori hasteko. Halere, noizbait entzuten dudanean, normalean goitik behera txikitzen dut, oso kritikoa naizelako eta ezin dudalako beste edonork bezala entzun. Hau eta beste orain beste modu batean egingo nukeela pentsatzen dut. Baina, batzuetan, gauza bitxi bat gertatzen zait: Doctor Deseoren abesti bat gurea ez balitz bezala entzun, eta ez dagoela txarto pentsatzea.

Normalean, haserreak edo beste proiektu batzuk tartean direla, taldeek ez dute horrenbeste irauten. Noiz arte espero duzue jarraitzea agertokietan?

Auskalo! Egia esan, ezin dugu egon pentsatzen agertokian egongo garen ala ez, edozein unetan bota zaitzaketelako. Lanbide hau, batzuetan, nahiko friboloa da, agertu eta desagertu sarri gertatzen delako. Edozein sindikatu esparru honetan sartuko balitz, zur eta lur geratuko litzateke. Lana, oro har, ezegonkorra da gaur egun, baina gureak marka guztiak hausten ditu! Ez dakit zergatik iraun dugun, baina zoria gure alde egon dela uste dut. Burugogorrak beti izan gara, erabat. Hauxe denez gustatzen zaiguna, gure nahiarekin bat egiten duenez… bada, ekin eta ekin. Halere, ekinak ez du inolako bermerik ematen, beraz, zortea izan dugula aitortu behar. Noiz arte? Nork jakin! Nik neure burua Chavela Vargas bezala ikusten dut, 90 urterekin oholtzan arrastaka. Ez dakit besterik egiten.

Hasi zinetenetik, asko aldatu da musikaren panorama Euskal Herrian? Onerako ala txarrerako?

Asko aldatu da, bai, onerako. 80ko hamarkadan, rock radical vasco zelakoak (gu antitesia ginen orduan) goitik behera astindu eta hedatu zuen musikaren arloa. Ordura arte, oso talde onak, teknikoak eta interesgarriak zeuden, baina ez zegoen horrenbesteko mugimendurik. 80ko hamarkadan, diktadura batetik irten berritan, gertatu zen eztandak musikaren parametro guztiak aldatu zituen. Horrexek eragin zuen musika herrikoia bihurtzea, denek gitarra bat hartu eta talde bat osatu nahi izatea. Orain, aukera izugarria dago: hip-hopa, elektronika, rocka… panorama asko zabaldu da, eta hori beti da interesgarria. Haatik, orain gerta daiteke musika izatea zulatu beharreko hurrengo burbuila, jendartean ez direlako horrenbeste musikari eta artista behar. Ondo dago mundu guztiak zerbait sortzea, baina orain edozeinek egin dezake musika ordenagailuarekin. Hala ere, hemen, ahalegindu barik ez dago ezer, nahiz eta batzuetan sareek zenbait txorakeria puztu eta zabaldu. Badaude musikariontzat tresna bihurtzen diren gauza onak eta jende interesgarria, baina baita kaka zaharasko ere.

Hasten ari diren gazte batzuei zer gomendatuko zenieke?

Gomendatu ezer ere ez, baina, gure esperientziaren arabera, esango nieke ez pentsatzeko arrakastan. Egin nahi duten horrek oso garrantzitsua izan behar du beraientzat; horrek esan nahi du ezin gehiago saiatu beharko dutela egitasmoa aurrera ateratzeko. Hortik aurrera, Jainkoak agindu eta Elizak eman: metafora moduan diot, fededuna ez naizen aldetik. Zuk nahi duzun horrekin konektatzen baduzu, zuregan oso indartsua den zerbaitekin, ez duzu beste aukerarik: oso gogorra izango dela jakin arren, ekin eta ekin, arrakastan pentsatu gabe. Hori, agian, iritsiko da, ala ez.

Duela urtebete Mexikon zeundeten, Korrikaren aldeko kontzertu batean…

Egundokoa da han Korrikaren aldeko lanean ari den jendea egotea! Zoro kuadrilla maitagarria zen, kar-kar! Han geneukan bira, eta ezin genien ezetzik esan, jakina!

Mexikorekin lotura berezia duzuela ematen du. Nolatan?

Bada, kasualitatez, gauza gehienak gertatzen diren bezala. Duela 18 bat urte joan ginen lehendabizikoz, Discos Suicidas diskoetxeak antolatutako bira txiki batean. DFko erdigunean dagoen El Chopo izeneko leku batean, zapaturo antolatzen dute, aspalditik, azoka alternatiboa. Kontzertuak egoten dira bata bestearen atzetik, eta mundu osoko musika entzun eta saltzen da txosna moduko batzuetan. Euskal musika ere asko entzuten da, zur eta lur geratu ginen! Oso jendarte bitxia ikusi genuen han, musikak eta beste gauza askok etengabe hunkituta: erdiko eta beheko klaseei izugarri kostatzen zaie kulturara iristea, eta bizirauteak oso jendarte bizi eta sentibera izatera behartzen ditu. Azoka hori Latinoamerika osoaren bozgorailua da, baina hemen gertatzen den guztia ere ezagutzen dute; guk, ordea, ia ez dugu ezagutzen han jazotzen dena. El Chopon sartu bezain pronto maitemintzen zara eromen eta kaos hartaz, han dabiltzanek erakusten duten emozio eta gogo grinatsuaz. Hantxe eman genuen Mexikoko gure lehen kontzertua, eguerdiko 12:00etan.

Doctor Deseok bere burua “feministatzat” dauka…

Ni ez naiz ez feminista ez matxista” moduko txorakeriak entzuten ziren garaian sortu zen taldean sentsibilitate hori, auskalo zer dela eta. Ez dakit zergatik hasi nintzen izterrean galtzaria jarri eta ezpainak margotzen, adibidez. Etxean, amak agintzen zuen, eta eragin femeninoren bat utziko zidan... ez dakit. Baina konturatzen zara zerbait garrantzitsua dela, eta ikertzen hasita (bizimodutik, ez intelektualki) ulertzen duzu hainbat parametrok ez dutela eraginik izan, edo bigarren mailan utzi izan direla. Mugimendu feministek jendartea aldatu ahala, konturatzen zara hori garrantzitsua dela; besteak zaintzea, orain arte ekintza femeninotzat hartua, oso interesgarria dela mundu guztiarentzat. Mundu honek afektibotasunean eta zaintzan oinarritu behar du. Gaur egun ulertzen dugu, eta jakin badakigu, inteligentzia emozionala oso garrantzitsua dela, gure ekintza gehienak eragite dituelako. Orain arte, testosteronak eragindako lehian ibili izan gara, etengabe, eta begira non gauden: gerrak, etab. Konturatu gara elkarri laguntzea askoz ere interesgarriagoa dela, eta orain gutxira arte alde batera utzitako balio batzuk, femeninoak edo, direla indartsuenak. Tribua, espeziea, kohesionatzea (emakumeek egiten zuten hori haitzuloetan bizi zirenean) oso garrantzitsua da; ehiztari oldarkorra, aldiz, dagoeneko ez da beharrezkoa. Afektibotasunean, emozioetan eta elkarlanean oinarritutako jendartea orain arte nagusitu izan diren beste gauza batzuk baino askoz ere inportanteagoa da. Hortik sortzen da guztia. Dena den, edozein pertsona hel daiteke ondorio horietara, pixka bat pentsatuz gero, sentiberatasun apur batekin.

Haatik, rockaren arloa oso matxista da oraindik…

Bai, baina ez rock mundua bakarrik. Irakasle ikasketak egiten ari nintzenean, eskola emakumez beteta zegoen, bai gurea bai erizainena, batez ere emakumeen ogibideak zirelako. Rocka gizonezkoen artean sortu zen, eta oraindik esparru asko daude emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun aukerarik gabe. Asko aurreratu da, XIX. mendearen bukaeran sortutako iraultza feminista indartsuena izan da, iraultza industrialarekin batera mundua gehien aldatu duena, ziur aski. Hala ere, oraindik falta da, bai, rockaren eta poparen arloan ere bai.

Kanta bati hitzak jartzeko orduan, zentsuratu duzu zeure burua?

Ez, beti esan izan dut nahi izan dudana. Edo ahal izan dudana, e? Izan ere, noiz edo noiz, primeran geratuko ziren esaldiak ez zitzaizkidan doinuan sartu!

Mozal Legea berehala indargabetu beharko luke Espainiako Gobernu berriak?

Itzela litzatekeezkerrak lehendabizikoz ados jartzea hain gauza garrantzitsuan! Gabezia latzak daude adierazpen askatasunaren eremuan, eta sare sozialek diktaduren moduan jokatzen dute, batzuetan, zer ahal den eta zer ez aginduz. Adierazpen askatasunak sakratua izan behar du arlo guztietan, oinarri izan behar dugu gure heziketan, ezkerretik zein eskuinetik maiz mugatu izan delako. Sinbologia eta errealitatea bereizten jakiteko, ezinbestekoa da heziketa. Sinbologiak ahalbidetzen digu egungo gure kontzeptuetara egokitzen ez diren kontu kuasigenetiko oso basatiak askatzea. Barru-barruan ditugu, eta ihesbidea behar dute, erreprimitzeak munstroak besterik ez duelako sortzen.

Kolkotik

Musikarekin zerikusirik ez duen zaletasun bat?

Alpinismoa eta eskalada.

Zer izango zinen, musikari izan ez bazina?

Irakaslea.

Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea?

Bolsonarok eta Trumpek hauteskundeak galdu dituzte.

Zapatu gau baterako plan onena?

Kontzertu batera joatea; Niño Coyote eta Chica Tornadoren batera, adibidez.

Eta igande arratsalde baterako?

Film bat ikustea beti da plan ona.

Liburu bat?

Éric Vuillarden El orden del díairakurri berri dut, 30eko hamarkadan enpresa alemaniar handiek Hitlerri eman zioten babesaz.

Askotan entzun duzun musika?

Orain, musika elektronikoa entzuten nabil.

Zer ez da falta inoiz zure hozkailuan?

Kuiatxoak eta arrautzak, tortilla bat azkar egiteko, baita fruta ere.

Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?

Ahalik eta gutxiena jartzen naiz. Sekula ez dut jasan izan neure burua ispilu aurrean.

Zein da heroia zuretzat?

Oso baldintza zailetan hilaren amaierara heltzen den jendea, pare bat ume duen ama bikotekiderik gabea, ezer eduki barik ilusio izugarria duten immigrante lagunak...

Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?

Eskalatu. Ez erortzeko kontzentratu, inguruan haizea dudala, nekatu, atseden hartu…

Zerk ematen dizu beldurra?

Ufa! Gauzka askok, heriotzak barne.

Zerk eragiten dizu negar?

Inguruko norbait hiltzeak, ahul dauden auzoko bizilagun adinekoak nola irauten duten ikusteak...

Zerk ematen dizu lotsa?

Gauzak askok! Sozializazio tresnak landu arren...

Labur esanda, nolakoa da Francis?

Ezta arrastorik ere!