Kolore beste taula, gertu

antzerkia

Artistek eurek sustatutako hiru gune eszeniko daude Gasteizen: Ortzai, Baratza eta Monstrenka. Hirurak daude bata bestetik gertu, fisikoki, eta hiruren artean eskaintza zabala eskaintzen diete herritarrei: hasi antzerki klasikotik eta adierazpen garaikideetaraino. Nork bere nortasuna izan arren, hirurak mintzatu dira gizartean eragiteko garrantziaz. Jon Rejado.

Taulak ez dira falta Gasteizen. Udal sareko antzeztokiez gain, azken hamabost urteotan beste eszena sare egonkor batek egin du bidea hirian. Hiru erpin ditu: Ortzai Antzerkia, Baratza Aretoa eta Monstrenka. Hirurek irudikatzen dute artistek eurek duela hamabost urtetik egiten ari diren apustua arte eszenikoak gune zehatzetatik sustatzeko.
Minutu gutxian lot daitezke, oinez, Ortzai, Monstrenka eta Baratza, 700 metro inguruko ibilaldia baino ez baita egin behar. Txango txikia, beraz, eskaintza handia ezagutzeko. Izan ere, hiruren artean askotariko proposamenak biltzen dituzte: antzezlan klasikoen egokitzapenak, arte eszenikoetako lengoaia berriak, gaurkotasuneko gaiei buruzko hausnarketak... Hiru txokoetako agertokiak ikustea nahiko da kontu ugari eta oso desberdin eskaintzen dituztela egiaztatzeko: bata inguru zuria da, bestea eremu beltza, eta azkena gorri eta urre koloreko paretez jantzia. Edonola ere, denek jartzen dituzte ikusleak toki pribilegiatu batean, zeinek bere nortasunari eutsirik.
Hiru egitasmoen artean, Ortzai da zaharrena. 2005ean hasi zuen bidea, Iker Ortiz de Zarate aktorearen ekimenez, Arte Dramatikoko Laborategi gisa. Florida Zinemetako areto batean egin zituen lehen urratsak, Javier Etxagibel VESA enpresako kudeatzaileari esker. Bi urteren buruan, ordea, Pintore kaleko 39. zenbakira aldatu zen. Ortiz de Zaratek pauso horren garrantzia nabarmendu du: “Arriskua hartu genuen; izan ere, Gasteizen ez zegoen halako antzerki esparru pribaturik, eta ezin genuen jakin zer gertatuko zen”. Ordutik ingurukoen babesari eta talde lanari esker aurrera egin dutela nabarmendu du, baita eskertu ere.
2007an, kalitatezko lan serioa eskaintzea zuen xede Ortzaik, proiektuko kide guztien artean garatua. Halaber, antzezlan eta autore klasikoei begiratu nahi zien. Ortiz de Zarateren ustez, heldu diote asmo horri, baina gehiagori ere bai: “Urteek aurrera egin ahala, hasierako helburua aberastu egin da; aberastu da bidea; aberastu da gure proiektua; eta gure bizitza bera ere aberastu egin da”. Konpainiaren beraren antzezlanak ez ezik, Pintore kaleko gunean prestakuntza ere eskaintzen dute: estilo klasikoan garaturiko prestakuntza jarraitua, ikastaro eta tailer trinkoak… “Egungo antzerkigintzako beharrei erantzun sendoa ematen saiatzen gara”.
Ortzaik egindako bidea, lan eskerga eskatu arren, positiboki baloratu du Iker Ortiz de Zaratek. Antzerkia “ekintza politikoa” dela hausnartu du: komunitatean eta komunitaterako egiten da. “Uste dut lanean hasi ginenetik horixe egitea lortu dugula; hala espero dut, behintzat. Arteak, independentziaz, askatasunez eta errespetuz egiten denean, ezin du ondorio txarrik ekarri”.
Arte garaikideak oinarri
Baratza aretoko kudeatzaileek ere aipatu dute arte eszenikoetatik komunitatean eragiteak duen garrantzia, baina arte garaikideen ikuspuntutik, haien kasuan. Unai eta Garazi Lopez de Armentia neba-arrebek 2013an ireki zituzten Baratzako ateak, Aldabe plazatxoko 4. zenbakian. Artistak dira biak, eta egitasmoa abiatu zutenean helburu hauek zituzten: tokiko arte eszeniko garaikideak sustatzea eta herritarrei gerturatzea. Horren harira, komunitate ikuspuntua ekarri dute gogora. “Antzerkia erabili behar dugu jendearekin harremanetan egoteko tresna bezala, komunitatea eraikitzeko” dio Unaik.
Jatorrizko asmoa gauzatzeko, Baratzak hiru ardatz ezarri zituela azaldu dute Unaik eta Garazik: berezko programazioa, artistak prestatzeko jarduerak, eta egoitzak eskaintzea: proiektu artistikoak garatzeko laguntza fisiko, tekniko eta ekonomikoa. Hiru ardatz horiek elkar elikatzen dute, hein batean. Besteak beste, programazioan bost mugarri nagusi dituzte: Bertako Fest, Zurrunbilo Jaialdia, Tzan Tzan Fest, Scratxe Gaua eta Baratzaren urteurrena. Guztietan, Baratzaren egoitzetan dauden proiektuak ikus daitezke, edota, programaziotik bertatik, egoitza berriak sortu.  
Baratzan prestakuntzak bi norabidetan eragiten duela azaldu du Garazi Lopez de Armentiak. Ikasleentzako eskaintzaz gain, tailerrak eta ikastaroak Baratzako kudeatzaileentzat ere baliagarriak dira. “Horrelako areto bat izanda, gure izaerarekin bat datorren prestakuntza eskaintzeko aukera dugu; izan ere, gure lanak ikerketatik eta esperimentaziotik sortzen ditugu, ez testuetatik”. Lan egiteko modu hori zabaltzearen balioa nabarmendu du Unaik: “Gasteizen, kultura ez dago landuegi, eta are gutxiago kultura garaikidea; horretan, epe luzera begirako lana dugu”.  
“Egongelatxo” izaera
Monstrenkak Baratzaren ildo bertsuan eragiten du, baina oso bestelako nortasunetik. Ez da areto bat, ezta emanaldiak egiteko helburua duen leku bat ere. Monstrenko Kolektiboko kideek Antepara kaleko 1. zenbakian sortu zuten, 2010ean, lan egiteko esparrua izan zedin. Halere, noiz edo noiz ateak irekitzen omen dituzte: “Etxeko egongelatxoa bezalakoa da” diosku Itziar Rekaldek, kolektiboko kideetako batek. “Lan profesionala beste nonbait egiten dugu, gure lana beste leku batean salduz, beste konpainia batzuekin… Baina Monstrenkak elkartzen gaitu”.
Ezaugarri horren adibide dira Jardunaldi Monstrenkoak, urte amaieran egin ohi duten programazioa. “Monstrenko Kolektiboa familia zabala gara, eta, boladaren arabera, batzuk besteak baino aktiboago egoten gara. Jardunaldietan, hori bai, denok egiten dugu topo". Orduan, “egongelatxoko” ateak ireki, eta familia kutsu hori ikusleengana ere zabaltzen da. Izan ere, sartzen direnek ezaugarri bat, gutxienez, badute komunean, Rekalderen ustez: eskaintzen den horretan aktiboki parte hartzeko borondatea. “Gurekin dagoen jendeak jarrera hori behar du, gure proposamenak dastatuko baditu”.
Gasteizen gero eta ikusle gehiagok dutela jarrera aktiboa azaldu digu Rekaldek. Monstrenkak ere horretan lagundu duela uste du, baina nabarmendu du bide horretan askotariko eragileen lankidetzak sortu direla: “Proiektu ezberdinak izan arren, helburu berdintsuak dituztenekin indarrak batzea lortu dugu”. Hala Bediko Kakatzarra irratsaioa ekarri du gogora, baita azken urteotan Baratza Aretoko kide batzuekin batera Monstrenkan sorkuntza tailerrak eskaini direla azaldu ere.
Aipatu hiru gune eszeniko egonkor horiek alde batera utzita, Gasteizko eskaintza zabalagoa da: Pez Limbo konpainiak sustatzen dituen proiektuak, Tomas y Candela dekorazio denda... Bestetik, hiriko hainbat proiektuk eskarmentu zabala dute arte eszenikoen irakaskuntzan; adibiderik argiena Arte-Eszena Tailerra da, zeinak aurten 40 urte beteko dituen. Edonola ere, Baratzak, Monstrenkak eta Ortzaik irudikatzen dute arte eszenikoen aldeko apustua, artistek eurek sustatuta.