Zuek ere Egunean Behin?

egunean

Otsailaren 3a data garrantzitsua izango da euskaldun askoren agendetan. Izan ere, egun horretan hasiko da, hilabete pasatxoko etenaldiaren ostean, Egunean Behin euskarazko jokoaren hirugarren denboraldia. Codesyntax enpresak sakelakoetarako iazko udaberrian sortua, milaka erabiltzaile harrapatu ditu galde-erantzunak biltzen dituen aplikazioak. Eñaut Mitxelena.

Ugariak dira Trivial motako jokoak: galderak jaso eta zuzen erantzuten saiatu. Teknologiaren garapenari esker, gainera, mahai jokoetatik pantailetara salto egin zuten halakoek. Ugariak erdaraz, behinik behin; euskaraz, ordea, ez zegoen halakorik. Hutsune hori betetzeko asmoz garatu zuen Codesyntax enpresak Egunean Behin jokoa, sakelakoetan aritzeko, euskaldunok euskaraz jokatzeko. Bistan denez, lortu du helburua.
Dinamika erraza du jokoak: behin doako aplikazioa jaitsi eta instalatuta (Android zein iPhonetan balia daiteke), egunean partida bakarra jokatzen da, astelehenetik igandera. Partida bakoitzean, hamar galdera erantzun behar dira, hiru erantzunen artean aukeratuz, ahalik eta azkarren. Izan ere, puntuazioa asmatutako galdera kopuruaren eta erabilitako denboraren araberakoa da. Sailkapena astekoa da: astelehenero, partida berria abiatzen da, eta igandean punturik gehien batu dituenak sari bat eskuratzen du. Sailkapen orokorraz gain, taldeak sortzeko aukera ere ematen du aplikazioak.
Galderei dagokienez, alor askotakoak dira, eta askok Euskal Herria dute erreferentzia. Codesyntaxeko kide den eta Egunean Behin proiektuan dabilen Josu Azpillagak zehaztu digunez, “denak ez dira euskal munduaren edo Euskal Herriaren gainekoak; badaude, halaber, matematikari, kimikari, zientziari... buruzkoak. 40 bat galdera mota dauzkagu, eta erdiak, behintzat, euskal munduarekin lotuta daude”. Berrogeita hamar mila galdera baino gehiago dituzte prestatuta, hainbat iturritatik automatikoki sortuak: Euskarazko Wikipedia, Literaturaren Zubitegia... Jokalariei galdera ezberdinak egokitzen zaizkie partida bakoitzean, aplikazioak modu aleatorioan aukeratzen baititu erabiltzaile bakoitzaren eguneroko galderak.
Erantzun aparta
Jokoak arrakasta itzela izan du, euskarazko aplikazioetan ohikoa izan ez dena. Martxan jarri zutenetik, 60.000 erabiltzaile batu zaizkio. Orain arte, bi denboraldi izan ditu jokoak, udaberri eta uda artekoa lehena, eta irailetik urte amaiera artekoa bigarrena. Lehen denboraldia 10.000 erabiltzailerekin amaitu zuten, eta bigarrenean 60.000 izan ziren jokalariak. Gainera, saretik mundu errealera egin zuen jauzi, egun batez, zuzeneko finala ere egin baitzuten: abenduaren 14an, 102 lagun bildu ziren (aurreko asteetan puntuaziorik onenak lortu zituztenak eta beste zenbait gonbidatu) Azpeitiko San Agustin kulturgunean, eta Eneko Agirrezabal segurarra izan zen garaile.
Aplikazioak izandako erantzunarekin “oso pozik” daudela aitortu du Azpillagak. “Egia esan, harridura eragin zigun. Udan esaten genuen bazela zerbait aplikazio batek, euskara hutsean egonda, 10.000 lagun jartzea egunero jokatzen. Udazkenean, seikoiztu egin zen erabiltzaile kopurua, eta pozarren gaude, bai”. Lehendik ere egina zuten antzeko saiakera bat Codesyntaxekoek, duela zenbait urte Tribual aplikazioa sortu baitzuten. Hura ere galdera-erantzun motako jokoa zen, baina bestelako ezaugarriekin. Adibidez, Egunean Behinek ez bezala, Tribualek ez zuen egunean partida bakarra jokatzeko mugarik. “Aplikazio hura ongi zebilen, baina ez zuen izan halako zabalkunderik”. Nolanahi ere, orduan ikasitakoak balio izan die Egunean Behin garatzerakoan.
Arrakastaren zergatiei buruz galdetuta, Azpillagak uste du hainbat arrazoi daudela: “Gauza batzuetan asmatu egin dugula uste dut, eta puntu gako batzuk ukitu ditugula”. Esaterako, egunean behineko dinamika izatea. “Ez dizunez nahi adina jokatzeko aukerarik ematen, zaila da azkar aspertzea. Jokatu eta gehiago jokatzeko gogoa eragiten du, biharamuna noiz helduko”. Bestalde, “oso-oso sinplea da, segituan ulertzen da, azalpen handiegirik behar izan gabe”. Era berean, taldeak sortzeko aukerarekin “asmatu dugulakoan nago. Hasieratik pentsatu genuen funtsezkoa izango zela”. Egunerokoak arrazoia eman die: “Taldeka jokatu ahal izate horrek ingurukoekin taldeak sortzera eraman du jendea, eta horrek zabaldu du, batez ere, aplikazioa. Zeren jende askok parte hartzen duen joko batean 3.000. edo 4.000. egoteak ez baitu ezer esaten, baina zure kuadrillan lehen edo bigarren egotea alde handia da”. Horrez gain, aplikazioaren ikuspegia ere nabarmendu du Azpillagak: “Euskaraz dago aplikazioa, bai, baina Euskal Herriko ikuspegia ere badu, eta hori ez da oso ohikoa teknologia berrietan eta sakelakoetan. Horrek pixka bat harritu du jendea, eta erakargarria iruditu zaio, galdera horiek gure kulturaren edo gure gaien gainean zerbait ikasteko aitzakia, behintzat, badirelako”.
Euskara ikasleentzat gomendagarri
Arrazoiak arrazoi, agerikoa da jendea harrapatzea lortu duela. Aitor Fernandez de Martikorena AEK-ko irakasle eta AIZU!ko kolaboratzailea, adibidez. Iazko martxoan hasi zen Egunean Behinen jokatzen, eta Azpeitiko finalean ere parte hartu zuen, “gonbidapen bidez”, non 21. geratu zen. “Egia esan, oso esperientzia atsegina izan zen”.
Euskara irakasle den aldetik, euskara ikasten ari direnentzat ere egoki ikusten du. “Alde batetik, dinamika oso erraza du; galdera ongi-ongi ulertu ez baduzu ere, hiru aukera dituzu. Gainera, beti dago argazkiren bat edo irudiren bat, beti dago laguntza hori. Ezagutzen dut euskaraz ongi jakin barik jokatzen duen jendea” dio. Jokoa “motibagarria” dela uste du: “Oso laburra da, atsegina, taldean jokatzen da, ikasleen artean komentatzeko balio du...”. Finean, “ikasteko modu asko eskaintzen ditu”. Hala, ezagutzen ditu kasuak “non, euskara eskoletan, irakasleek ikasleak jokoan jartzen dituzten. Izan ere, gero ematen du aukera emaitzen eta erantzunen gainean berba egiteko, galdera horiek eskolan lan daitezke... Polita da. Dena euskaraz da, eta oso maila baxua izan arren, jokatu ahal da”. Horrenbestez, euskara ikasleentzat guztiz gomendagarria iruditzen zaio.
Fdez. de Martikorena gogoz dago hurrengo sasoia hasteko. Gainera, hirugarren denboraldi honek berritasunak izango ditu, etenaldiak aplikazioa berritzeko eta hobetzeko baliatu ohi baitituzte Codesyntaxekoek. Azpillagak azaldu duenez, “ez dira aldaketa handiak izango, jokoaren dinamikari eutsi nahi diogulako. Edukietan izango dira berritasunak; hau da, galdera mota berriak-eta etorriko dira, eta horrek dezente aldatuko du aplikazioa, baina aurrekoei ere eutsiko diegu, noski”. Horrenbestez, orain arteko galderei beste milaka batzuk gehituko zaizkie. Horrez gain, “denboraldiaren ideiari beste indar bat eman nahi diogu”. Horretarako, asteko ohiko sailkapenaz gain, “denboraldi osoko sailkapen bateratua egongo da”.
Denboraldia hastea besterik ez da falta. Garunak zorroztu, hatzak bizkortu eta... gu Egunean Behin aritzeko prest. Eta zuek?