Duela 200 urte jaio zen, Urretxun

iparragirre

Mugimendu berezia sumatzen da Urretxun aurten. Otsailaren hasieran, adibidez, ‘Iparragirreren ibilbidea’ inauguratu dute. Helburua? Jose Mari Iparragirre Balerdik (1820-1881) bizi izan zuen garaian murgiltzea: XIX. mendeko aldaketa bortitzak, baserriko bizimodua, Karlistaldiak, emigrazioa… Zer dela eta? Haren jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatzeko. M. Egimendi.

Bata bestetik hurbil dauden hiru leku bisitatzea proposatzen du ibilbideak: Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoa, Ezkioko Igartubeiti baserria eta Urretxu herria bera. Norberak erabaki dezake aurreneko bi bisitak noiz eta nola egin, baina, Urretxu ezagutzeko, bisita gidatua ere antolatuko da hilean behin. Horrez gain, teknologia berrietan oinarritutako beste aukera bat dago: webgunean eta kultur etxean, Urretxuko mapa eguneratua paratuko dute, zenbait puntu interesgarri nabarmenduta. Toki horietan, bisitariak QR kodea duten plakak topatuko ditu, eta deskargatutakoan tokiarekin lotutako azalpenak (irudiak, testuak, audioak) eskuratuko ditu.
Ondoren, abendura bitartean, ekitaldiz eta ikuskizunez josita egongo da egitaraua.  Martxoaren 6an, besteak beste, Iparragirre literatur sariak banatuko dira, eta bi antzezlan estreinatuko: hilaren 10ean, Loraldia Kultur Elkarteak Iparragirreren inguruan antolatutako Bihotzeko Jose Mari obraren aurre-estreinaldia izango da, 11n Bilboko Arriaga Antzokian estreinatu aurretik; eta 20an, Angelita, Iparragirreren bertso askea antzezlana estreinatuko da, Urretxuko Labeaga aretoan. Bigarren mendeurrenerako propio sortutako obra honen bidez, ikusleak Iparragirreren emazte Angela Kerexetaren ikuspuntutik ezagutuko du musikaria. Geroago, apirilaren 5ean, Iparragirre hil zen tokian, Zozabarron (Itsaso), Gernikako arbolaren kimu bat landatuko da; ekainaren 14ko musika sinfoniko korala, berriz, oso kontzertu berezia izango da, bertan estreinatuko baita Gorka Hermosa akordeoilari eta konpositoreak sortutako Urretxutik Mundura pieza. Besteak beste, María Blanchard harizko boskoteak eta Urretxuko Goiargi abesbatzak hartuko dute parte, eta oraindik konfirmatu gabeko abeslari famatuek kantatuko dituzte Iparragirreren abesti ezagunak. Ospakizunerako sortutako obra hau Euskalduna Jauregira ere eraman nahi dute, Iparragirrek lotura handia izan zuelako Bilborekin.
Herritarren parte hartzea
Aurreko hori guztia udaberrian izango da. Urtea luzea da, baina, eta beste ekitaldi eta ikuskizun pilo bat antolatzen ari da Urretxu herria. Guztien berri zehatz eta eguneratua izateko, www.urretxu.eus/eu/2020-proiektuak webgunera jotzea gomendatu digu Urretxuko Udaleko Sustapen Soziokulturaleko zinegotzi Maialen Fidalgok. Antolaketari dagokionez, zinegotziak egitasmoaren izaera parte hartzailea azpimarratu du: “2018ko udan, denbora tarte bat eskaini genuen nahi zuen orok bere proposamena egin zezan ospakizunari begira. Asko eskertzekoa izan da herritarren ekarpena, eta proiektuak aurkeztu zituztenekin banan-banan bildu gara, egitasmoak osatzeko. Gainera, bitartean, harreman naturalak sortu dira urretxuarren artean, eta oso giro polita sortu da herrian”.
XIX. mendeko musikaria omentzeaz gain, Urretxun Iparragirre eta haren obra ezagutaraztea dute xede, “oso pertsona ezezaguna delako bere jaioterrian. Denok dakigu estatua bat daukala plazan, Gernikako arbola abestu zuela, Ameriketara joan zela, emaztea han utzi zuela, eta kito. Haatik, oso pertsonaia interesgarria da, oso aurrerakoia bere garairako, baina ez dakigu zenbat gauza egin zituen, poliki-poliki ari gara ezagutzen. Adibidez, Koldo Izagirrek idatzitako Bertsoaren harria liburuaren aurkezpenean, joan den hilean, esan ziguten Bilintx eta Iparragirre izan zirela nolabait emakumeak errespetuz tratatu zituzten lehen bi bertsolariak”. Bestalde, Iparragirreren jaiotzaren bigarren mendeurrena baliatuz, Urretxu herria bera eman nahi dute ezagutzera, “munduan kokatu, alegia. Jakin dezala jendeak Iparragirre Urretxukoa zela, eta ez Gernikakoa, Gernikako arbola kantuagatik askok hala uste dute eta". Iparragirre eta Urretxu ezagutzeko aukera paregabea, hortaz, 2020. urte osoan.

Iparragirre ezagutzen

Jose Mari Iparragirre Urretxuko Kale Nagusiko Alzola Etxean (gaur egun, Iparragirre kaleko 8. zenbakia) jaio zen, 1820an. 1826an, Zerainera bidali zuten, gaztelania, geografia eta historia ikastera, herriko maisua zen osabarengana; eta 1831n, Gasteizera, latina ikastera. 1832ko abenduan, familia osoa Madrilera bizitzera joan zen, eta Jose Mari jesuiten San Isidro ikastetxean sartu zuten. Aitak nahi zuen ikasketa horiek egitea, etorkizunean seminarioan apaiztuko zelakoan.
Hala ere, Lehen Karlistaldiak (1833an hasia) eta bokazioak beste norabide batetik eraman zuten mutil gaztea: gerra hasi zenean, gurasoei ezer esan gabe, boluntario joan zen, eta zauritu ere egin zuten. Karlismoak gerra galduta, foruekiko grinak atzerrira eraman zuen Iparragirre. Parisen, kantua eta solfeoa ikasi zituen, eta, ondoren, Suitza, Italia eta Frantzian barrena ibili zen. Florentziako konpainia liriko batekin Londresen zela, Mazarredo jeneralarekin egin zuen topo, eta, haren bidez, bere egoera erregularizatu eta Bilbora itzultzea lortu zuen, 1851n.
Hamahiru urteko erbestetik bueltatutakoan, kantuan hasi zen herriz herri. Hala, 1852an aurkeztu zuen Gernikako Arbola, Madrilgo San Luis kafetegian. Handik gutxira, Euskal Herrira itzuli ondoren, preso hartu zuten Tolosan, kontzertu jendetsuetan entzuleak berotzeko zuen abileziak kezka eragiten zuelako. Jendea aztoratzea leporatuta, euskal probintzietan egotea debekatu zioten, eta 1855ean erbesteratu egin zuten. Espainian eta Portugalen ibili ondoren, 1857an itzuli zen, eta emaztea izango zuena, Angela Kerexeta, ezagutu zuen.
Ameriketara joan ziren elkarrekin, eta han Lehen Karlistaldiko iheslariek hartu zituzten. Argentinan eta Uruguain, artzain ibili zen, oso baldintza txarretan, eta Café del Gernikako Arbola ere ireki zuen Montevideon. Hasieran, berehalako arrakasta izan zuen lokalak, Iparragirreren fama tarteko, baina azkenean porrot egin zuen. Bigarren Karlistaldia amaituta, Laurak-Bat euskal emigranteen elkarteak kontzertu bat antolatu zuen, lortutako diruarekin Iparragirreri Euskal Herrira itzultzen laguntzeko. Hala, 1877an etorri zen, emaztea eta zortzi seme-alaba Uruguain utzita.
Sorterrian berriro, kantuan jarraitu zuen batetik bestera. Omenaldia ere egin zion Madrilen, 1878an, hango euskal koloniak. Hiru euskal diputazioek 110 pezetako pentsioa eman zioten, laguntza ekonomiko gisa, euskal kulturaren alde egindako lanagatik. Itsasoko (Gipuzkoa) Zozabarro baserrian aurkitu zuen aterpe, harik eta 1881. urtean hil zen arte. Konpositore, poeta eta abeslari lirikoaren gorpuzkiak karrozan eraman zituzten Urretxura, alkatea zeremoniaburu zela. Jaioterriko hilerrian daude haren hezurrak, heriotzaren mendeurrenean eraiki zioten mausoleoan, hain zuzen.