Hondakinak ekiditen

waste

Iñaki Plaza ondarroarra eta Rosa Morales madrildarra Asterrika auzoko (Berriatua, Bizkaia) baserri batean bizi dira. Lasai-lasai. 0 Waste mugimenduari jarraitzen diote, eta Bea Johnson aktibista dute horretarako gidari. Mugimendu horren jarraitzaileek ahalik eta hondakin gutxien sortzea dute xede. Bikotea duela hiruzpalau urte hasi zen bide horretan, eta, pixkanaka-pixkanaka, hondakinik sortzen ez duen etxea eratu nahi dute. Txomin L. Aramaio.

Gaur egun, baina, badago zaborrik sortu gabe bizitzea? Bizimodua dexente aldatu beharko genuke askok eta askok hori lortu ahal izateko. Plazak eta Moralesek pista batzuk eman dizkigute horretarako, eta Bea Johnsonen Zero Waste Home liburua irakurtzea gomendatu ideia batzuk har ditzagun. “Gure filosofia ez da nahitaez zero zabor sortzea egun batetik bestera. Pixkanaka, hondakinak kentzen gabiltza bide horretan, eta egunen batean, agian, helduko gara helburu horretara” zehaztu dute.
Gutako asko bezalaxe, mundu hobe eta garbiagoa lortzeko bidean birziklapenarekin jo eta ke hasi ziren. “Euskal Herrian, birziklatzearen aldeko kanpaina ugari egiten dira. Eta, egiari zor, birziklatzen da. Baina hori da irtenbidea?” galdetzen dute. “Informatu ostean, konturatzen zara soilik birziklatzea ez dela irtenbidea. Irtenbidea izan balitz, itsasoa ez litzateke plastikoz beteta egongo, edota ez genuke erraustegirik beharko. Beste pauso bat egin behar dugu: hondakin gutxiago sortzen hasi beharko dugu, zer edo zer egin nahi badugu”. Besteak beste, O Waste mugimenduaren arabera plastikoa saihestu beharra dago. Dauzkagun datuen arabera, gaur egun plastikoaren % 20 besterik ez da birziklatzen.
Plaza eta Morales duela hiru urte hasi ziren zaborra saihesteko neurriak hartzen. Hiru alorretan banatzen dute jarraitu beharreko bidea: janaria, garbitzeko produktuak eta norbere higienea.
Janaria
Fruta-eta nahiko erraza da. Izara batekin egindako poltsekin joan fruta dendara eta plastikorik erabili gabe fruta erosi. Europan, gero eta ohikoagoa da. Bestelako produktu batzuk ere pisura eros daitezke: dilistak, babarrunak eta txitxirioak, esaterako. Beste batzuk, ordea, topatzen zailagoak dira, arroza eta pasta, kasu. Hala ere, hiri handietan badira horiek guztiak erosteko aukerak. Bilbon, esaterako, A granel izeneko denda kataluniarrean denetik daukate: azukrea, gatza, irina, pasta, espezieak…
Salmenta eredu hori herri txikietara zabaldu arte, zer? Hirira joaten zarenean, aukera ematen duten dendetara kristalezko poto handiak eraman, eta hil batzuetarako janaria eros daiteke. Arraina eta okela herrian bertan eros daitezke, eta kristalezko potoetan sartu, hondakinik ez sortzeko.  “Galletak-eta gutxi jaten ditugu, eta, jatekotan, geuk egindakoak izaten dira” dio Moralesek. “Janari prozesatua saihestu egiten dugu” gaineratu du.
Era berean, etxe guztietarako edalontzi amerikar bat aholkatzen du Plazak, baita metalezko botila bat ere edarietarako: “Zuku industrialak eta halakoak erosi beharrean, egin edalontzi amerikarrean. Potokoa, zukua al da hori? Dena da azukrea, ia frutarik ez. Zuku naturala geure erara eginda, propietateak galdu gabe, zuntz eta guzti doa gure barrura. Azala besterik ez diogu kentzen frutari. Eguerdian, itzela egoten da. Hori bai, egin behar, baina horrela modu osasungarriagoan jaten dugu, eta hondakin gutxiago sortzen”.
Garbitzeko produktuak
Ura, limoia, ozpina eta bikarbonatoa dira ezinbesteko produktuak. Horiekin, ia-ia dena garbi daiteke: “Garbigailurako xaboia pisura erosten dugu, baina beste edozer garbitzeko nahikoa da osagai horiekin: kristalak garbitzeko, ozpina eta egunkaria; garbigailurako, ontziratu gabeko xaboia eta, leungarriaren ordez, ozpina; komuneko karea kentzeko, ozpina… Ozpina miragarria da, beste edozein produktuk baino hobeto garbitzen du. Gauza bakoitza garbitzeko ez dugu behar berariazko produktu bat. Gezur handia da hori”.
Norbere higienea
Pisura eros daiteke dena. Plastikorik erabili gabe lor daiteke guztia: hondartzako krema pastillatan, bizarra kentzeko gailuak... Gauza batzuk norberak egin ditzake; xaboia, adibidez, erraz egiten da: olio zaharra, sosa kaustikoa eta ura (bide batez, olioa etxez etxe batu beharrean, birziklatu), Interneten tutorial bat bilatu, eta kito. Usain ona edukitzea nahi izanez gero, kristalezko poto txikitan hainbat usain saltzen dira. Koko olioz eta bikarbonatoz, haginetako pasta egin daiteke. “Txikitan, amamarekin, Navalcruzen (Ávila, Espainia) oporretan egoten nintzenean egiten nituen horrelakoak. Ez da oraingo gauza. Ahalegin eta gogo pixka batekin, dena egin dezakezu”.
Publizitateak iruzur egiten digu. Bertan esaten diguten guztia egia balitz, ehunka urte biziko ginateke. Gezur hutsean bizi gara, beharrizanak sortzen dizkigute. Zertarako hau, zertarako hori… lau osagai eta beste pare bat gauza erosita nahikoa denean” azpimarratu nahi izan dute.
Ikasten dabiltza etengabe: janaria, garbiketarako produktuak...  “Bakoitzak ahal duena egiten du, daukan denboraren arabera. Gure umeei zer utzi nahi diegu, kakatzan plastiko artean  bizitzeko mundua? Bada, hala izan ez dadin, gauzak bestela egin beharko ditugu, pixkanaka”.
Finean, bikoteak dioen moduan, hauxe dugu erronka: “Bizi kalitatea hondatu gabe, eta hobetuta, ahal bada, ahalik eta hondakin gutxien sortzea”. Saiatuko gara?