Zazpikaleetan, Lautan Hiru

lautan

Antzerkiak hartuko ditu Bilboko Zazpikaleak otsailean, Lautan Hiru jaialdiaren bigarren edizioari esker. Euskaltzaindiak, bere mendeurrenaren aitzakian, iaz antolatu zuen lehenbizikoz, Cafe Bar Bilbaorekin, Zazpi Katu gaztetxearekin eta BIRA Kulturarekin batera. Orduko arrakasta ikusita, aurten ere antolatu du euskarazko antzerkia hauspotzea helburu duen jaialdia. Otsailaren 6tik 27ra, lau astez, ostegunero hiru antzezlan eskainiko dituzte. Emanaldi guztiak formatu txikiko lanak izango dira, eta jaialdia antolatu duten eragileen egoitzetan antzeztuko dituzte. Besteak beste, obra hauek ikusi ahal izango dira: Lolipop, Cecilia Paganini Clownena; Manifestu bat, Miren Tirapurena; Panpina, Erika Olaizolarena; Hiltzen zarenean, Telmo Iruretarena; Amatxik dixit, Goitibera konpainiarena; ETAren agiri bulegoa, Gilkitxaro antzerki taldearena... Lan bakoitza ikusteko, 2 euroko sarrera ordaindu beharko da, baina hiru ikusteko aukera ere izango dute aurretik 5 euroko laguntza bonua eskuratzen dutenek. Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.eus) jaso dituzte jaialdiari buruzko xehetasun guztiak.


zinegoakHAMAIKA MODU IZATEKO, SENTITZEKO, MAITATZEKO ETA BIZITZEKO! lelopean egingo dute, otsailaren 24tik martxoaren 8ra, Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans 17. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia. Aurten 100 lan eskainiko dituzte. Atal nagusiak FIK (fikzioak), DOK (dokumentalak) eta KRAK (narratiba berriak) izango dira. Bestalde, Pepa San Martin zuzendari txiletarrari Zinegoak 2020ko Ohorezko Saria emango diote. Nabarmentzekoa da, halaber, aurten jaialdiak genero identitateari eskainiko dion arreta. Horren erakusle da jaialdiko kartela, non Mar Saez argazkilariak bi emakume, bata trans eta bestea cis, irudikatu dituen bainuontzi batean.  Martxoaren 8tik aurrera ere izango da Zinegoaken eskaintzaren zati bat ikusteko aukera, Euskal Herriko 50 herritan baino gehiagotan eskainiko baitituzte jaialdiko hainbat film.

 

 

 

 

 

 

 

 

LABURREAN

IRITSI DA Zuberoako maskaraden sasoia. Otsailean hasi eta apirilera arte, hamabi emanaldi eskainiko dituzte Altzürüküko gazteek Zuberoako hainbat herritan, eta, ohi den moduan, maskaraden antolatzaileen herrian izango dira lehena eta azkena. Hauexek izango dira emanaldiak: otsailaren 9an, Altzürükün; 16an, Irurin; 23an, Ezpeize-Ündüreinen; 29an, Gameren; martxoaren 7an, Idauze-Mendin; 14an, Maule-Lextarren; 21ean, Urdatx-Santa Grazin; 28an, Alozen eta Atharratzen; apirilaren 5ean, Larrainen; 12an, Barkoxen; 19an, Muskildin; eta 26an, Garaibin, Altzürükun eta Urdiñarben zati bana duen auzoan.

luretaametsBI URTEKO lanaren ostean, otsailaren 7an estreinatuko dute Lur eta Amets, gazteei Euskal Herriko historia erakustea xede duen animazio filma. Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek zuzendua, Lur eta Amets neba-arreben abenturak ditu ardatz, historiaurrean hasi eta XX. mendeko 80ko hamarraldira arte jazoko direnak. Elkarrek, Katxiporretak, Ikastolen Elkarteak eta Lotura Filmsek ekoitzi dute. Filmak baino lehen, beste hainbat euskarrik jaso dituzte neba-arreben ibiliak: ipuinak, kontsulta liburua eta mahai jokoa. Egitasmoari buruzko informazio guztia www.luretaametshistorian.eus/filma atarian.