Jojo Rabbit

jojo

Zuzendaria: Taika Waititi. Gidoia: Taika Waititi (Christine Leunensen eleberri batean oinarritua). Aktoreak: Roman Griffin Davis, Thomasin McKenzie, Scarlett Johansson, Taika Waititi. AEB, 2019.

Istorioa: Alemania, II. Mundu Gerra. Jojo Rabbit Betzler 10 urteko umea Gazte Hitleriarretako kide da. Hitlerzale amorratua, diktadorea bera du alegiazko lagun. Amak etxeko ganbaran neska judu bat ezkutatuta duela jakiten duenean, dena aldatuko zaio.
Onena: Umore lotsagabe eta ganberroa lagun, komedian ederki moldatu ohi da Waititi (What We Do in the Shadows filma -2014- gogoangarria da). Oraingoan ere, pasarte komikoetan iaio ibili da, ikusleen gozamenerako. Nolanahi ere, aurrera egin ahala, filma ilundu egiten da. Bestalde, ezin aipatu gabe utzi hiru aktore gazteenen lana, une ederrak eskaintzen baitituzte.
Txarrena: Nazismoa eta komedia. Ur zingiratsuak izanik ere, zinemaren historian ale apartak utzi izan ditu nahasketak. Waititiren lana ez dago halakoen parean, baina ez da zingiran hondoratu, flotagailua jarrita murgildu baita, gehiegi konplikatu gabe. Nazismoa egurtu eta nazien lepotik barre egiten du (guztiz beharrezkoa eta osasungarria, bide batez), tarteka probokatzaile. Halere, eroso ikusteko filma da, hots, ikusleari ez dio ezinegonik eragiten, filmaren abiapuntu arantzatsua ikusita kontrakoa pentsa daitekeen arren.
Eñaut Mitxelena