Nahiak badu nahi zuena

belarrion

Nahiak Nahi izeneko banda osatu du Nahia Ojeta musikariak. Hala, Burlatakoak disko berria plazaratu du, Jarrera Bidea da (Gor), Rubén Mantilla (Kerobia, The Icer Company), Iñaki Pulido (Hibakusha, Attikus Finch, Governors), Iñaki Santos (Hibakusha, Swingaraia) eta Jaitxo Segura (Enemigos Intimos) taldekideekin batera. Pop-rock talde berri honen abestien (zortzi sartu dituzte aurreneko disko honetan) hitz guztiak Ojetak berak idatzi ditu. Taldeko beste kideak bezala, Ojeta ez da berria musikaren munduan: azken lau urteotan, aitarekin batera ibili izan da Viejo Taylor taldean bateria jotzen; Bonirekin (Barricada ohia) ere astindu ditu makilak; eta bi urte daramatza bere abestiak hainbat lekutan jotzen eta abesten. Une egokira iritsi dela iritzita sortu du talde berria. Arkaitz Ezkai, Chica Sobresalto eta Adrián Vallejo (Musiikki estudioko teknikaria) ere lagun izan dituzte disko honetan.


sorotanSOROTAN BELE taldea sortu zenetik hiru hamarkada beteko dira laster, eta, urtemuga ospatzeko, Sorotan Bele Gogoan musika ikuskizuna prestatu dute, 2020rako, Gorka Sarriegi eta Urbil Artola taldekide ohiek eta Xabier Zabala musika zuzendariak, Baga-Biga diskoetxearekin batera. Asmoa da herrietako musika bandek herrian bertan jotzea taldearen kantu gogoangarrienak, Sarriegi eta Artola ondoan dituztela. Lanak errazteko, Xabier Zabalak musika bandei egokitutako abestien partiturak idatzi ditu. Bandei gonbidapena egin zietenetik, hainbat emankizun lotu dituzte, Larrabetzun maiatzaren 30ean, adibidez; beste batzuk, berriz, erabakitzeko bidean dira. Beraz, laster izango dugu Hondarribiko taldearen musika berriro zuzenean entzuteko aukera.

 

zugastiORION ZUZENEAN
Olatz Zugasti
Kantaita Enea, 2019

2015ean Ur goiena ur barrena lana kaleratu ondoren eman zuen agertokirako jauzia Olatz Zugasti hernaniarrak. Orain, 38 urtez Benito Lertxundirekin lanean jardundakoak beste disko pertsonal bat aurkeztu du, seigarrena, harpaz eta gitarraz lagundurik. Diskoa, hain zuzen, Orion (bizilekua du) eskaini zuen kontzertu baten grabaketa da: haren diskografiako kantuak entzun daitezke bertan, baita euskal kantu tradizional batzuk ere, eta Benito Lertxundiren kanta bat ere bai, bere alaba Gratxinak abestua. Lan bikoitza da, hogei abestiz osatua.

solanoBI
Xabi Solano Maiza
5GORA, 2019

Bi diskok osatzen dute lan berri hau. Lehenengoan (Mark Dasousak Valentzian ekoitzia), Solanok berak konposatutako 13 abesti berri daude. Bigarrenean (Haritz Harreguyk Usurbilen ekoitzia), musikan daramatzan urteotan egin dituen bertsio batzuk bildu ditu. Duela hiru urte ekin zion Solanok bakarlari ibilbideari, Ereñotzu diskoarekin. Bilduma berri honek hark baino rock kutsu handiagoa duela aitortu du musikariak, baina folka dela, erabat, azpimarratuta. Hitzen egilea, trikitilariaren ibilbidean ohikoa izan den moduan, Jon Garmendia Txuria izan da.