Taupada beroa

olorZERUA UREZ
Olor
Egilea ekoizle, 2019

Olor izeneko egitasmo honen atzean, Jokin Azpiazu Carballo dugu, beste zenbait taldetan (PAM, Occhi di Farfalla) eskarmentu handia bildu duen musikaria. Hemen, doinu elektronikoak dira oinarria, baina, zorionez, Olor urrun dago azken boladan musika elektronikoa eta diskoteketakoa berdintzen dituen moda nagusi (eta gogaikarri) horretatik. Doinu zaratatsu eta erritmikoenez, Azpiazu DAF eta 80ko hamarkadako antzeko taldeen proposamenetara hurbiltzen da, eta kantu melodikoenetan, berriz, synth pop eremuetan barneratzen da. Guztietan erritmo kutxa, sintetizadore eta antzeko gailuak erabiliagatik ere, halako taupada beroa sumatzen da, elektronikari egozten zaion hoztasunetik urrun. Beste talde batzuen (Julio Kageta, Beti Mugan) abestiak deseraiki eta berrasmatu egiten ditu, eta kantuetan Rikardo Arregi, Juanjo Olasagarre eta beste poeta batzuen testuei musika jartzen die.

Gotzon Hermosilla