Aspaldiko lagunaren bila

elorriaga

Iturria (Susa) da Unai Elorriagak kaleratu duen azken obraren izenburua. Nobela berezia da, ipuinez osatua. Protagonista, Pedro Iturria idazlea: ipuin itxurako testuak izkiriatzen ditu, baina ezin jakin zein hizkuntzatan, edota non, egiten duen lan. Izan ere, Txekian txekieraz argitaratzen dira haren narrazioak; Hungarian, hungarieraz... Soro Barturen, Iturriaren gaztetako laguna, haren bila dabil, iruditzen zaiolako ipuin horietan berari buruz idazten duela. Erroman adiskideak lagunduko dio bilaketan. Hortaz, laurogei urte betetzear diren bi lagunak batetik bestera ibiliko dira idazlea topatu nahian. Herrialderen batean Iturriaren ipuin bat argitaratu dela jakiten duten bakoitzean, hara abiatuko dira: itzultzaile bat lortu, ipuina irakurri, Iturria bera bilatu... baina ez dute hain erraz topatuko laguna. Adiskidetasunari, literaturari eta zahartzaroari buruzko begirada pertsonala erakusten du Elorriagaren eleberriak.


linazasoroKARLOS LINAZASOROK Hik ez dakik zer den beldurra (Erein) ipuin liburua plazaratu du. Egilearen esanetan, “gaizkiari buruzko gogoeta” egin nahi izan du. Ondorioz, tentsio psikologiko handiko narrazioen bidez, irakurlearengan deserosotasuna sortzea, eta hausnarketara bultzatzea bilatu du, narrazio guztietan ageri diren muturreko egoera tragikoetan zer egingo lukeen pentsatzera. Hemezortzi narraziok osatzen dute liburua, baina egiturak badu bitxikeria bat: istorio bakoitzean, berea ez den poema bat txertatu du idazleak. Hala ere, ipuinek badute gidoien antza, laburrak dira eta biluzik ageri dira; izan ere, Linazasororen esanetan, “mezua da istorio hauetan garrantzitsuena”, ez apaingarriak.

 

 

itsasargiaISILTASUNAREN ITSASARGIA
Ibon Martin
Elkar, 2019

Pasaiako itsasargiaren oinetan, sarraskiturik agertu da emakume baten gorpua. Faroan bertan bizi den Leire Altuna idazleak aurkitu du hilotza, eta ezustean ohartuko da bera dela susmagarri nagusia. Ondoren, gainera, beste gorpu batzuk ere azalduko dira, denak modu berean erailak; beraz, idazleak hiltzailea bilatu beharko du, bere burua salbatuko badu. Portu polemikoaren eraikuntza eta XIX. mendeko Sakamantekasen imitazio ankerra lotzen dira nobela honetan.

 

etxeanETXEAN BARRENA
Testua: Gustavo Puerta
Ilustrazioa: Elena Odriozola
Denonartean – Cenlit, 2019

Zergatik sentitzen gara irainduak norbaitek gutaz zerbait esatean, baina beste norbaitek esatean ez? Zer da mingarriagoa: errua ala lotsa? Ba ote du zentzurik inbidia onaz mintzatzeak? Zer behar da norbaitekin enpatia izateko? Bikotekideak, neba-arrebak, gurasoak... gauza beraz ari dira maitasunaz ari direnean? Idazleari bitxia iruditu zaio ilustratzailea nola jolastu den irudiekin, esanahi irekia eduki dezaten. Emozioez eta sentipenez ari da liburua.