Txipiroiak bere beltzean

txipiroiakRafa Egiguren
Susa, 2019

Rafa Egigurenek ez du izan literatur ibilbide oso oparoa, lan kopuruari dagokionez, ez kalitateari begira. Horren adibide, bere lehen ipuin bilduma hau. Orain arte, bestelako literatur generoetan aritu izan den arren, erretiratu arte ez dio ipuin laburren estiloari heldu. Halere, ez du, inondik inora, gaizki egin.
Lan hau 13 ipuinek osatzen dute, eta hainbat gai jorratzen dira: Ekialde Urruna, Euskal Herria, liburuak, ametsak eta oroitzapenak memoria. Bilduma honetan, gaiok nahasteko hamaika modu daudela erakusten digu, narrazioetan behin eta berriro errepikatzen baitira konbinazio ezberdinetan. Horrez gain, argi eta garbi dago idazlea Asiako milurteko kulturaren zale porrokatua dela; izan ere, kulturaz, mitologiaz eta usadioez zein bertako bizimoduaz nahikotxo dakiela ez ezik, maite duela ere agerikoa da.
Tonua ederki modalizatzen du. Kontakizunak eskatzen duenaren arabera, serioago jartzen da, edo, beharrezkoa bada, umorea ere erabiltzen du, baita tonu surrealista ere, ametsen gaineko ipuinetan, gehienbat.
Bestalde, erraz irakur daiteke ipuin bilduma, narrazioek luzera egokia dutelako eta atseginak ere badirelako. Gainera, aukera ona da Ekialde Urruna gehiago eta sakonago ezagutzeko, literaturaz gozatu bitartean. A zer pagotxa!

Arrate Beristain Uriarte