Libratze azkarra

Informazioaren teknologien aurrerapenek ekarri dituzten gaitzetako bat produktibitatearekiko obsesioa da. Era guztietako sentsorez inguratuta bizi gara, egiten dugun guztia zenbaki eta tauletara eramaten dutenak: zenbat pauso egin dituzu gaur? Zenbat eskailera igo? Zenbat lan edo zenbat lo egin? Zenbatetan erabili duzu telefonoa? Koloretako grafiko polit eta erakargarrietan jartzen dizkigute telefono, erloju, eskumuturrekoetan eta abarretan, eta, konturatu orduko, geure buruarekin lehian jartzen gaituzte: ezetz astebetean kilo bat argaldu! Ezetz telefonoa % 10 gutxiago erabili!
Ongizate digitala’ esaten zaio, orain, norbere buruaren kontrako lehia horri. Baina esango nuke azken helburua ez direla gure osasuna eta ongizatea, geure burua estutzen ohi gaitezen baizik: nagusiak esan ordez guk geuk esanez gehiago produzitu behar dugula, guztiok sar gaitezen egoera mental batean non munduko gauzarik naturalena den geure buruari atzo baino pixka bat gehiago eta bihar baino zertxobait gutxiago produzitzeko exijitzea. Badakizue: norbere erronkak, norbere bertsiorik onena izatea eta halakoak...
Erresuma Batuan, lantegietarako komun-ontzi berezia ere asmatu dute, nahita, diseinu aldetik, deserosoa dena. Erabat horizontala izan beharrean, 15 graduko inklinazioa du aurrerantz, eta bertan eserita irauteko indarra egin behar da hankekin, irrist egin eta zorura ez erortzeko. Horrela eserita bost minutu emanez gero, berehala hasten dira zangoak inurritzen.
Izan ere, badakizue: betiko komunak ez dira ergonomikoak, ez digute egoki libratzen laguntzen, eta epe luzera digestio-aparatuko gaitzak ere eragin ditzakete. Baina, gainera, a zer pagotxa, langileok “komunean galtzen dugun denbora aurrezten” ere laguntzen omen du komun berriak. Ez-dakit-nongo-unibertsitateko-ikerketa ere zabaldu dute, noski, esanez zortzi orduko lanaldia duen langile bakoitzak batez beste 40 minutu galtzen dituela, egunero, komunean. Pentsa zer-nolako hondamendia munduko ekonomiarako!
Baina, tira, pentsatzen jarrita... janari azkarra aspaldiko asmakizuna da. Denbora kontua baino ez zen libratze azkarra ere asmatzea, ezta?

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/komunazkarrak
‘Standard Toilet’ komun ultraergonomiko eta produktiboen gaineko albistea (ingelesez)

https://labur.eus/entrenatzailea
Erreportajea, Berrian, kirol eskumuturrekoei buruz

https://labur.eus/d3erlojua
Egia esan, produktibitatearekiko kezka aspaldiko gauza da. Ikusi duela 10 urteko erloju bitxi hau, bileren kostua kalkulatzeko.