Nafarroan Frankismoak ezarritako errepresioaren datuak, atari bakarrean

sartaguda

Sarean paratu dute Nafarroako Oroimen Historikoari Buruzko Dokumentazio Fondoa, 1936tik 1975era bitartean Frankismoak lurraldean errepresaliatutako 22.000 lagunen baino gehiagoren datuak jasotzen dituen funtsa. Zehazki, errepresioa Nafarroan pairatu zutenen edota nafarrak izanik lurraldetik kanpo jazarri zituztenen datuak biltzen ditu: biktimen oinarrizko datu pertsonalak, jasandako errepresio mota, informazio iturriak... Bilatzaile bati esker, bilaketa aukera ugari eskaintzen ditu guneak: izen-abizenen, sexuaren, jaioleku edo bizilekuaren, errepresioa jasateko arrazoien edota gatibu egondako tokiaren arabera, besteak beste. Atariaren helburua da datu eta dokumentazio horiek guztiak jendearen eskura uztea, batez ere ikertzaileen eta errepresioaren biktimen senideen esku. UPNA Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak elkarlanean garatu dute egitasmoa, eta https://memoria-oroimena.unavarra.es/ helbidean topa daiteke.


kantakABENDUTIK, martxan da sarean EITB Euskal Kantak irratia, egunean 24 orduz euskarazko kantak eskaintzen dituen irrati digitala. Online baino ezin da entzun, EITBren webgunean (www.eitb.eus) propio duen atalean. Egunero, 400 bat abesti entzun ahal dira, denak ere EITBren fonotekatik hartuak: guztira, euskarazko 30.000 kantu inguru daude bertan. Estiloari dagokionez, askotariko kantuak eskaintzen ditu: musika tradizionala, rocka, popa, reggaea... Esataririk ez du, eta jarraian jartzen ditu kantuak. Hori bai, paratuko diren kantuen berri zehatza ematen du, baita eskainitakoena ere. Aurrerantzean, irrati berriko edukiak osatzeko asmoa du EITBk. Hala azaldu zuen Urko Aristi EITBko irratien zuzendariak, abenduan irrati berria aurkeztu zutenean. Berria kazetak jasotako hitzen arabera, euskal musikaren “entziklopedia modukoa” osatzea dute helburu.

LABURREAN

itzultzaileaItzultzailea.eus adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako itzultzaile automatikoak hizkuntza bat gehiago daki: ingelesa. Elhuyarrek iragan azaroan itzultzailea aurkeztu zuenean, bost hizkuntzaren arteko itzulpenak egiten zituen: euskara, gaztelania, frantsesa, katalana eta galegoa. Orain, eskaintza zabaldu, eta ingelesa gehitu diote. Orduan bezala, ordenagailuan eta sakelakoetan (Android nahiz iOS sistemak darabiltzaten gailuetan) erabili daiteke itzultzailea.


itzuliITZULI itzultzaile neuronalak sakelakoetara egin du jauzi, izen bereko aplikazioari esker. Iazko urrian aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak (www.euskadi.eus/itzultzailea), soilik web bertsioan. Orain, ordea, iOS eta Android sistema eragileetan erabiltzeko moduan da. Aplikazioak, gainera, testu bidez ez ezik, ahotsarekin ere funtzionatzen du: aplikazioari itzuli nahi duguna esan, eta testu eran itzultzen du. Aplikazioa Itzuliren webeko bertsioan bertan dago eskuragai.