“Gauzak geure kabuz lortzeko gauza gara emakumeok”

tirapu

Lezaman harrapatu dugu Ainhoa Tirapu (Barañain, 1984), lesionatuta egon arren. Jokatzen hasteko irrikaz dago Athleticeko kapitaina, eta hil honen amaierarako espero du osatzea. Greba eta negoziazio prozesu baten ostean hitz egin dugu AFE sindikatuko Emakumezkoen Futbol Batzordearen lehendakariordearekin. Akordioa lortuta, eta lan hitzarmena sinatzear, pozik da atezaina. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Hitzarmena zailagoa izan da, baina espero zenuten aurreakordioa lortzea azaroan asteburu bakar bateko grebarekin?
Neurriak hartzeko mehatxua askotan egina genuen. Aurreko denboraldiaren amaieran, ez zitzaigun bidezkoa iruditu greba egitea, batzuek jokoan zutelako maila jaitsiera, beste batzuek Liga bera... Denboraldi honen hasieran, berriz, bilera bat zegoen aurreikusita, eta itxarotea erabaki genuen. Baina greba deitu genuenean, ez zuten espero erantzun hura, pentsatzen zuten partida batzuk, behintzat, jokatuko zirela. Alta, jokalariok erakutsi genuen elkarrekin gaudela, tinko jarraitu genuen, eta ez zen partida bat bera ere jokatu. Horrek ikusarazi zien dena geldiarazteko gai ginela hala nahi baldin bagenuen, grebara heltzea samurra izan ez arren. Uste dut ondo aprobetxatu genuela grebaren indarra.
Zenbaterainoko garrantzia izan zuten hedabideek orduan?
Asko kostatu zaigu ikusgaitasuna lortzea. Batetik, esaten ziguten jende gutxiri interesatzen zaiola emakumezkoen futbola, eta horregatik ez zutela informaziorik ematen; bestetik, jendeak esaten zigun ez zuela jakiten noiz jokatzen ziren partidak... Hartan, duela hiru urte Universo Mujer izeneko egitasmoa heldu zen. Horrek babeslea lortu zuen gure txapelketarako, eta telebistak iritsi ziren. Asko nabaritu da, gauzak ikaragarri aldatu dira. Greban, komunikabideak gurekin egon ziren, ikaragarria izan zen. Greba deitu genuenean, elkarrizketa eskaera piloa jaso nuen, eta ezin izan nien denei erantzun. Eusko Legebiltzarrean ere izan ginen gure aldarrikapenak azaltzen, eta alderdi politiko batzuk gure alde agertu ziren. Askotan esaten digute, halaber, gizoneko futbolariak ez direla asko mugitu, baina nik nahiago dut gure indarra argi erakutsi. Azken batean, hau gure borroka da, gure bidea egin behar dugu. Mutilen babesaren zain bagaude, ez dugu erakutsiko emakumezkoen futbolak merezi duela eta ekarpenak lor ditzakeela. Gauzak geure kabuz lortzeko gauza gara emakumeok.
Athletic taldearen babesa sentitu duzue?
Guri hitzarmenak ez digu bizitza aldatuko, baldintza hobeak ditugulako: lanaldi osoa, bajan gaudenean soldata osoa... Dena dela, nik hementxe bukatuko dut nire kirol ibilbidea, baina, futbolean, inork ez daki non egongo den bost urte barru eta, hitzarmenik gabe, ezta zein baldintzatan ere. Aldakorra izateak ez dio sendotasunik ematen futbolari; beraz, gutxieneko batzuei, behintzat, eutsi behar genien. Horregatik da garrantzitsua lan hitzarmena, ez delako diru kontu soila: lesio larri bategatik futbola utzi behar baduzu, zer pentsio geratzen zaizu? Edo erretiroa hartzean, futbolean ibili zaren 20 urteetan bost kotizatu dituzula ikustea... Gazteek, batez ere, orain ez dute gauza horietan pentsatzen, beharbada, baina garrantzitsuak dira. Horrexegatik izan zen marra gorria lanaldia, eta ez horrenbeste gutxieneko soldata.
Lan baldintza onak bai, baina noizko gabarra emakumezkoen taldearentzat?
Lehenengo, titulua lortu behar! Baina, egia esan, ez dakit aukera hori izango dugun. Eztabaida handia egon zen azken tituluaren harira, baina errealitatea da denboraldi horretan bi titulu irabazi zirela klubean, bat mutilena eta bestea neskona, eta ospakizuna berdina izan zela. Zein titulu izan zen garrantzitsuagoa... hori beste kontu bat da. Nik nahiko nuke eztabaidarako aukera sortzea, behinik behin, zerbait irabazi dugun seinale izango litzatekeelako. Positiboa izango litzateke guretzat, gauzak gero eta zailago jartzen ari zaizkigulako. Hazkunde honek zailtasun gehiago ekartzen dizkigu, gure filosofiarengatik, eta gero eta zailagoa da tituluak lortzea. Gabarra? Ez dakit, ez da nire kontua...
Iazkoa urte berezia izan zen emakumezkoen futbolean. Zergatik uste duzu gertatu zela?
Azken urteotako ikusgaitasunari esker, gero eta zelai gehiago ireki dira gure partidetarako. Jendea aukera horren zain zegoela uste dut, errazagoa egiten zaio hiri erdian dagoen zelai handi batera joatea kanpoaldera baino. Kontua mugitzen hasi zen San Mames ireki eta bete egin genuenean, itzela izan zen! Hortik aurrera, marka hautsi nahian hasi ziren beste talde batzuk: Madrilgo Wanda Metropolitanon gainditu zuten gurea, baina gutxi iraun zien, 77.000 lagun inguru bildu baitziren Wembleyn, Alemaniaren eta Ingalaterraren lagunarteko partida batean. Hortaz, badirudi fenomenoa kanpoan ere gertatzen ari dela. Gizarte aldaketa bat dela uste dut, martxoaren 8an ere ikusi zen. Mugimendu horiek guztiek eragin dute gure kirola askoz ere ikusgarriagoa izatea, eta oihartzun handiagoa edukitzea, baina hori jokalarion lan baldintzetan islatu behar da.
Honek ez du atzera bueltarik? Ez da izango une bateko aparra?
Horregatik borrokatu gara lan hitzarmena gauzatzeko. Jokalarion baldintzak babestu egin behar ditugu, emakumezkoen futbola egonkor dadin. Talentu handiko jokalari gaztetxo batek ikusten badu ez duela hemendik ezer aterako, ahalegin handiegia dela eta hobe duela, kirola utzita, ikasketetara bideratu, galtzen ari gara. Hori saihesteko, duintasuna eman behar diogu futbolari, emakumeek jarraitzeko gogoa izan dezaten. Askotan ikusten da gazte mailako selekzioek sekulako txapelketak egin eta tituluak lortzen dituztela, baina gero ez da goi mailako selekzioan nabaritzen. Hori gertatzen da bidean talentu asko galtzen direlako, jokalariek ikasketen eta kirolaren artean aukeratu behar dutelako. Biak egin nahi izatekotan, baldintzak gogorrak dira, eta erraztasun gutxi daude. Hala ere, lortzen baldin badugu hau benetako lan bat izatea, eta ikasketak lasaitasun handiagoz hartzea, futbolak ordaintzen dizkizulako, aurrerapauso handia egingo dugu.
Halere, erretiratuta, ezingo zara bizi zure mailako gizonezko futbolariak bezala...
Futbolean hasten zarenean, badakizu zure errealitatea beste bat dela. Gaur egun baldintza hobeak izan arren, erretiratzeko ordua heltzen denean, beste zerbaiti esker bizi beharko dugu. Halere, emakumezkoen futbolaren mundua hazten doan heinean, gero eta lan gehiago sortzen dira, eta orain lehen ez zeuden aukera batzuk ditugu: entrenatzaile izatea edo talde teknikoetan sartzea beste postu batean... Uste dugu, haatik, jokalarien egoera babesteko, garrantzitsua dela ikasketak edukitzea, beste aukera batzuk izateko. Ni, adibidez, kimika lizentziaduna naiz, beste lan batean eszedentzian nago, Frantziako Munduko Kopa komentatzen ibili nintzen telebistan, eta oinarrizko ikasketak ere egin ditut atezain entrenatzaile izateko. Ez daukat argi nondik joko dudan, baina bai ez naizela biziko  hemen irabazi dudanari esker.
Datorren Eurokopan, San Mamesen jokatuko du Espainiako selekzioak. Batzuk ez dira gustura...
Ikuspuntu guztiak ulertzen ditut, baina zelaia ez da soilik klubarena, erakunde asko daude hor sartuta. Eurokopan, zaleek ematen didate beldur handiena, nahiko ultrak direlako. Nahiko nuke nork bere ikuspuntua agertzea eta dena modu baketsuan garatzea, baina ez dut uste erraza izango denik... tentsio puntua egongo dela uste dut. Nire ustez, erreibindikazio guztiak babestu eta onartu behar dira, baina ez zait gustatzen indarkeria agertzen denean. Ez da gai samurra, jende eta ikuspuntu asko baitago hemen. Nire ustez, tartean indarkeriarik ez badago, ideologia guztiek dute beren lekua.
Zuk ez zenuen zalantzarik izan Espainiako selekziorako deitu zizutenean?
Maila gorenean lehiatzeko aukera da. Nik nahiko nuke euskal selekzioarekin joan, baina ez dago aukerarik. Gainera, badago lege bat eta, inoiz hain gogor aplikatu ez duten arren, joatera behartu ahal zaituzte. Kontrako iritzia agertu izan banu, agian ez zen ezer gertatuko, baina goi mailako kirolariok lehiakorrak gara, eta beti nahi izaten dugu plaza onenetan eta lehiaketa gorenetan jokatu. Suediako Eurokopa eta Kanadako Munduko Txapelketa jokatzea oso garrantzitsua izan zen niretzat. Euskal selekzioaren aukera izango banu, askoz hobeto, baina... Gainera, euskal selekzioak ofizialtasuna lortuko balu, zer gertatuko litzateke jokalari nafarrokin? Euskadiko Federazioa eta Nafarroakoa bi dira...
Euskararen aldeko hainbat ekimenetan parte hartu izan duzu: Korrika, Euskaraldia… Baduzu euskaraz bizitzeko aukerarik?
Entrenatzailearekin ez, Toledokoa delako, baina taldekide batzuekin bai, zerbitzu medikuekin ere bai... baina klubean ez gara denok euskaldunak. Bilbon, adibidez, duela gutxi gertatu zait Udalarekin eta Ur Partzuergoarekin telefonoz euskaraz hastea eta gero ezin jarraitzea, azalpen luzeagoak edo hitz teknikoak behar zirelako, baina hasieran, behintzat, saiatu ziren. Kalean eta auzoan askotan daukat euskaraz egiteko aukera, baina asko falta zaigu oraindik. Euskaraldiak asko lagundu zidan euskaldunak identifikatzen, eta balio izan zidan gero haiekin euskaraz jarduteko.
Barañaingoa izanik, ama hizkuntza duzu euskara?
Ez, ikastolan ikasi nuen. Gurasoek euskaltegietan ikasteko ahalegina egin zuten askotan, eta orain ere ari dira. Uste dut pena ematen diela euskaldunak ez izatea, baina ahizpari eta bioi txikitatik eman digute euskaldunak izateko aukera. Merezi du ikastea, hizkuntza polita delako, geurea delako, eta zenbat eta euskaldun gehiago egon, orduan eta errazagoa izango dugulako guztiok euskaraz bizitzea.

KOLKOTIK  

Zer izan nahi zenuen txikitan?
Itsas biologoa.
Futbola ez den beste kirol bat, praktikatzeko?
Aspaldian ez dut egin, baina patinatzea asko gustatzen zait.
Eta ikusteko?
Irristaketa artistikoa.
Futbolean bizi izandako unerik txarrena?
Negar piloa egin dut futbolean... Kopako bi final galdu genituenean, adibidez; batez ere,  lehenengoa. Baita San Mamesen galdu genuen Liga ere.
Eta onena?
Irabazitako azken Liga bi astez ospatu genuen!
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik?
Errespeturik ezak.
Zerk ematen dizu beldurra?
Futboletik erretiratzeak.
Partidarik ez duzun asteburu baterako planik onena?
Furgoneta hartu eta asteburu pasa ateratzea, bizikletan ibiltzera edo mendira.
Gehien mindu zaituen gola?
Munduko Txapelketatik kanpo utzi gintuena.
Zein atezain miresten duzu?
Gauza positiboei begiratzen diet beti, eta saiatzen naiz denengandik zerbait ikasten.
Zer gomendio emango zenioke 12 urteko atezain bati?
Akatsekin bizitzen ikasteko, egingo dituelako. Hori ikasita, oso atezain ona izango da.
Athleticek eman duen jokalaririk handiena?
Iribar mitoa da niretzat.
Zer eman dizu futbolak?
Pertsona egin nau. Naizena futbolagatik naiz, batez ere. Gauza asko irakatsi dizkit.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Athleticek Erreginaren Kopa irabazi du.
Zer ez da inoiz falta zure etxeko hozkailuan?
Fruta eta jogurtak.
Lotsatzen zaitu zerbaitek?
Gauza askok! Adibidez, kalean agurtzen nautenean, ez dut jakiten nola erantzun...
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Paseatu, edo mendira joan.
Bi hitzetan, nolakoa da Ainhoa Tirapu?
Burugogorra, baina eskuzabala.