Autofikzioa

olasagarreBarkatuko didazue, zutabe honetan gehiegitan aritzen naizelako literaturaz eta gutxiegi, beharbada, bizitzaz, bataz aritzea besteaz aritzea dela uste duten zaharkilo horietakoa banaiz ere.
Vicente Luis Mora poeta, nobelagile eta ikertzailearen autofikzioaren gaineko saio bat irakurri dut, eta sofara iltzatuta izan nau behin baino gehiagotan. Mora ni baino are zaharkiloagoa da, oraindik ere uste baitu literaturak bizitza islatu ez ezik, eraldatu ere egin dezakeela.
ARTEAn sinesten du; horrela, letra larritan. Eta sineste horrek aiztoaren zorroztasunez aztertzen du gaur boladan dagoen nobelak sortzeko ildo nagusia: autofikzioa. Alegia, idazlearen gorabeherak lehengo pertsonan kontaturik eta material horren lanketa minimoa eginda idatzitako nobelak. Nobelak-edo esan beharko genuke, beharbada.
Anbizio gabekotzat jotzen ditu, nitanoaren adibide gorentzat eta nobela izan beharko lukeenaren amore emate koldartzat. Izan ere, Moraren esanetan, autofikzioak irakurlea ergeltzat jo eta ergeltasun horretaraino jaisten du maila; eta, horrela, irakurleari hobetzeko, ahalegina egiteko eta adimena trebatzeko aukera kentzen dio. Hori gutxi balitz bezala, literatura punturik beherenera jaisten du.
Gure artean gogora datozkidanak Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao eta Miren Agur Meaberen Kristalezko Begia dira. Lehenengoa ez zitzaidan gehiegi interesatu, iruditu zitzaidan haizea saltzen zuela. Bigarrenari dagokionez, aldiz, dezente naiz ohartu, idazlea naizen aldetik, lotsa pixka bat ere sentitu nuela idazlearen amodio gorabeherak hain gordinki kontaturik ikustean. Kontua da Kristaleko Begian maitasun desmasia haiek kristalezko begiak egiteko prozesuaren prosa teknikoarekin tartekaturik zeudela, eta kontrakotasun horrek interesgarria egiten zuela nobela, batez ere bisturi bat hartuta aztertzeko ahalegin mingarria egiten zuelako idazleak, hainbeste autofikzio gainditu eta nobela petoa osatu arte.
Asko eztabaidatu izan dut Meabaeren liburu horri buruz, asko eta askorekin, eta denetik entzun dut:  autoatseginezkoa, solipsista, nitanoan idatzia, masokista, erreakzionarioa, lotsa eragiten duena...
Nobela ona, dudarik gabe.