Gazteak

euskarabenturaZabalik da EuskarAbentura 2020n izena emateko epea

Euskal Herria ezagutzeko aukera izango dute, beste behin, gazte euskaldunek, EuskarAbentura espedizioaren hirugarren edizioari esker. Aurten, uztailaren 1etik 31ra izango da. Oinez eta euskaraz, Euskal Herria alderik alde zeharkatuko dute, gazteen artean euskararen erabilera sustatzea helburu duen ekimenean. Guztira, 120 gaztek parte hartu ahal izango dute, eta izena emateko epea zabalik da dagoeneko.  Gutxieneko bi baldintza bete behar dira parte hartzeko: 2003. edo 2004. urtean jaioa izatea eta euskaraz jakitea. Horrez gain, parte hartu nahi dutenek motibazio gutun bat idatzi beharko dute, eta proiektu bat egin, antolatzaileek proposatutako hiru gaien artean bat aukeratuta. Hona hemen aurtengo gaiak: Euskal emakume sortzaileak, Natura plastifikatua eta Mugak gaindituz, integraziora bidean. Proiektua egiteko, sei formatu izango dituzte aukeran: lan historikoa, literarioa, ikus-entzunezkoa, musikala, plastikoa edo sormen digitalekoa. Martxoaren 15era arteko epea dago izena eman eta proiektua bidaltzeko. Ondoren, hautatuen behin-behineko zerrenda apirilaren 15ean jakinaraziko dute. Izena emateko https://euskarabentura.eus/ webgunera jo behar da. Bertan topa daitezke, halaber, aurtengo espedizioaren xehetasun guztiak.