Hedabideak

Antxeta irratia, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ere entzungai

Abenduaren 1etik, diala zertxobait euskaldunagoa da. Izan ere, egun horretan, Bidasoa Beherea eskualdeko (Biriatu, Hendaia, Hondarribia, Irun eta Pausu herriak biltzen ditu) Antxeta irratia Bilbon, Donostialdean, Gasteizen eta Iruñerrian emititzen hasi zen. Modu horretan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan gertatzen denaren berri izango dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako biztanleek. Hegoaldean emititzeko, Antxeta2 sortu du Bidasoa Behereko irratiak. Ipar Euskal Herriko hainbat irrati (Gure Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza) batzen dituen Euskal Irratiak federazioko kide da Antxeta. Hain zuzen, Euskal Irratien programazioko saio nagusiak ere eskainiko ditu Antxeta2k, baita Radiokultura Internet bidezko irratiaren zenbait eta Arrosa sareko Zebrabidea saioa ere. 2012an, Eusko Jaurlaritzak egindako lehiaketan lizentzia lortu zuen Antxetak. Gainerako hiriburuetako frekuentziak eskuratzeak luze jo die, baina, behin legez eskuratuta, Ipar Euskal Herriko informazioak Hegoaldean ere hedatu ahal izango dituzte. Hain justu, Euskal Herriko zazpi lurraldeak hurbiltzea du helburu Antxeta2k, irratiaren leloak berak erakusten duen moduan: Euskal Herrikoa eta euskaraz. Zehazki, hauek dira Antxeta2ren frekuentziak: Bilbo, 91.4 FM; Donostialdea, 105.8 FM; Gasteiz, 90.5 FM; eta Iruñerria, 106.7 FM.