Jendartea

ttattolaHazparneko Ttatttola gaztetxea itxi egingo dute

“2020ko urtarrilaren 31n, Ttattolaren bihotza gelditu egingo da”. Halaxe jakinarazi du Beti Erne elkarteak, Hazparneko gaztetxearen sortzaileak, duela 18 urte hasitako ibiliaren amaiera, sare sozialetan zabalduriko idatzi baten bidez. Oharrean, ez dute arrazoirik zehaztu. Haatik, gaztetxeko kide batek Kazeta.eus-en azaldu duenez lokalaren jabeak eraikina berreskuratu nahi duelako itxiko dute. Ttattola gaztetxe ezaguna da Euskal Herrian, 18 urteotan makina bat jardun hartu eta antolatu duelako. Hain zuzen, urte hauetan guztietan Ttattolatik igaro diren guztiei esker ona azaldu diete agur idatzian: “Milesker Ttattola sortu eta biziarazi duzuen guztioi”. Hori bai, itxi arte lanean jarraituko dutela berretsi dute, eta “urtarrilaren 31ra arte, Ttattola inoiz baino gehiago biziko” dela nabarmendu. Aurrera begira, itxaropen mezua utzi dute: “18 urte. Ez da heriotza, nerabezaroa baizik. Aldaketen urtea...”. Ea, bada, zer dakarren aurrerantzean!