Hizkuntza gutxituak

Euskara sustatzeko urrats gehiago eskatu ditu Europako Kontseiluak

Iragan abenduan argitaratu zuen Europako Kontseiluak hizkuntza gutxituen itunari buruzko jarraipen txostena, eta, besteak beste, euskara sustatzeko neurri gehiagoren beharra nabarmendu zuen. Lurralde eta administrazioaren araberakoak dira eskaerak. EAEn, adibidez, euskararen egoera “oro har, egokia” dela dio Europako Kontseiluak, baina, besteren artean, Osakidetzan eta Ertzaintzan euskarazko zerbitzua bermatzeko urratsak eskatu ditu. Nafarroan, aurreko gobernuaren hizkuntza politika positibotzat jo du, eta hainbat neurri txalotu: D eredua eremu ez euskaldunera zabaldu izana, euskara administrazioan arautzeko 103/2017 Foru Dekretua... Hots, Nafarroako eskuinak baliogabetu nahi dituen neurriak. Halere, urrats gehiago eskatu dizkio Nafarroako Gobernuari. Esaterako, euskara ofiziala ez den eremu guztietan euskararen erabilera sustatzea. Espainiako Gobernua ere hizpide izan du Europako Kontseiluak: gogor kritikatu du, hizkuntza gutxituak sustatzeko ahaleginik egiten ez duelako; esaterako, epaiketetan hizkuntza gutxituak erabiltzeko beharrezko legeak ez aldatzeagatik. Txostenaren harira, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Hizkuntz-Eskubideen Behatokiak azpimarratu dute agintariek Europaren gomendioak bete behar dituztela, eta txostenak bere egin dituela euskalgintzaren aldarrikapenak.