Bertsolaritza

egunaAramaion egingo dute Bertso Eguna, urtarrilaren 18an

Iaz Barañainen egin ostean, aurten Aramaion ospatuko dute Bertso Eguna, urtarrilaren 18an. Ohi denez, egun osoan izango dira ekitaldiak. Eguerdiko 12:30ean hasiko da 51. Bertso Eguna: hainbat bertsolariren gidaritzapean, bertso ibilbidea egingo dute herriko kaleetan barrena. Ondoren, ekitaldi nagusia izango da: bertso bazkaria. Aurten, ez dute leku bakarrean egingo, eta zaleek lau elkarte izango dituzte aukeran. Otordu bakoitzean, gainera, bina bertsolari izango dituzte ondoan:  Ehiztari txokoan, Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga; Izarra elkartean, Eneko Lazkoz eta Miren Artetxe; Uribarriko elkartean, Onintza Enbeita eta Sebastian Lizaso; eta Zabolako elkartean, Ane Labaka eta Iñaki Viñaspre. Uribarriko eta Zabolako elkarteetara joateko, autobusa izango da herrigunetik. Arratsaldean, 19:00etatik aurrera, Urola erdiko trikitilariek girotuko dute festa. Gainera, Aramaion lotan geratu nahi duenak, izango du aukera; horretarako, Bertsozale Elkartearen webgunean (www.bertsozale.eus) eman behar da izena. Bazkarirako txartelak ere lehendik erosi behar dira, www.bertsosarrerak.eus atarian, 20 euroren truke. Txartelak erosteko epea urtarrilaren 10ean amaituko da. Bertsozale Elkarteak Aramaioko Udalarekin eta Aramaioko bertso eskolarekin elkarlanean antolatu du Bertso Eguna, eta beste zenbait elkarteren laguntza ere izan dute.