Ingurumena

groenlandia90eko hamarraldian baino zazpi aldiz azkarrago urtzen ari da Groenlandiako izotza

Gero eta azkarrago desagertzen ari da Groenlandiako izotza, hots, uste baino arinago. Zehazki, 90eko hamarraldian baino zazpi aldiz azkarrago, Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek jaso duenez. 1992tik, 3,8 bilioi tona izotz galdu ditu Groenlandiak. 90eko hamarraldian, urtean 33.000 milioi tona izotz galtzen zituen; azken hamarkadan, berriz, 254.000 milioi tona urtean. Horixe ondorioztatu du nazioarteko 50 erakundetako zientzialariek egindako ikerketak. Leedseko Unibertsitateko (Erresuma Batua), NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziako eta ESA Europako Espazio Agentziako ikertzaileek gidatu dute ikerketa, eta 26 azterketa konbinatu dituzte 1992tik 2018ra bitartean Groenlandiako izotzak izandako aldaketak neurtzeko. Gainera, satelite bidezko 11 misioren datuak ere baliatu dituzte. Hori bai, 2019ko daturik ez dute, nahiz eta tenperatura altuen eraginez, iaz Groenlandian inoiz baino izotz gehiago urtu zela aurreikusten den. Datuak jakinarazteaz batera, urtzeak izango dituen ondorio larriez ere ohartarazi dute. Izan ere, eta IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen aurreikuspen ezkorrenei jarraikiz, 2100. urterako itsas mailak 67 zentimetro gora egingo duela kalkulatu dute. Gorakada horren ondorioz sortuko liratekeen uholdeek 400 milioi laguni eragingo lieke munduan.