Sagardoa

sagardoaUpelak prest!

Urtea hasteaz batera, txotx denboraldiari ekiteko prest dira Euskal Herriko sagardotegiak. Datuei erreparatuz gero, izango da zer edan: Euskal Herriko sagardotegiek 12,2 milioi litro sagardo ekoitzi dituzte 2019ko sagar uztarekin. Hego eta Ipar Euskal Herriko sagardo ekoizleek iragan abenduan aurkeztu zuten 2019ko Uzta Berria, Donostian, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatutako Sagardo Apurua ekitaldian. Ekoizpenik handiena, ohi bezala, Gipuzkoakoa izan da: 11,3 milioi litro. Ipar Euskal Herrian, 450.000 litro ekoitzi dituzte; Nafarroan, 200.000; Bizkaian, 160.200; eta Araban, 110.000. Aurkezpenean nabarmendu zutenez, “kantitate eta kalitate handiko” uzta izan da 2019koa. Sagardoaren ezaugarriei dagokienez, besteren artean nabarmendu zuten nortasun eta freskotasun handikoa izango dela, baita txinparta finekoa eta alkohol kopuru txikiagokoa ere. Denboraldi irekieraren datak ere zehaztu zituzten sagardogileek. Ekitaldi ezagunena, Sagardun partzuergoak antolatzen duena, Astigarragako Alorrenea sagardotegian izango da, urtarrilaren 15ean. Gipuzkoan bertan, Goierriko sagardotegien txotx irekiera hilaren 16an egingo dute, Zeraingo Otatza sagardotegian. Tolosaldean, berriz, Txotx solidarioa hilaren 31n izango da, Zerkausiko merkatuan. Bizkaiko Sagardogile Elkarteak, ostera, Zornotzako Uxarte sagardotegian egingo du, hilaren 23an. Araban, Kuartangon egingo dute, hilaren 16an, Arabako Sagarzale eta Sagardogileen Elkartearen eskutik. Nafarroako Sagardogileen Elkarteak ez du zehaztu data, baina urtarrilaren erdialdean izango da, Lekarozeko Larraldea sagardotegian. Orain, sagardoa dastatzea besterik ez da falta. Txotx!