Euskaldun sentitzen naiz Marten, eta martetar Euskal Herrian

mcMaisha MC
Musikaria

Maisha MC izena darabil Eneko Axpek (Barakaldo, 1986) sormen lanean.Vmme Sahar(Taupaka, 2019) kaleratu berri du, hip hopa eta tradizioa uztartzen dituen diskoa: txalaparta, Marteko haizeen hotsa, Oteizaren hitzak... 121 krew eta Patrol Destroyers taldeetako kide izandakoa, urteak daramatza rapa eta hip hopa euskaraz egiten, bai musikari bai ekoizle. Fisikan doktorea, duela bi urtetik NASAn dabil ikertzaile, Kalifornian (AEB). Lana dela eta, San Frantziskon bizi da, eta hantxe ondu du Vmme Sahar bere lehen bakarkako diskoa. Ez da geldirik egotekoa: bideoklipak zuzendu ditu, antzezlanetarako musika ekoitzi, Euskadi Irratian kolaboratzen du... Euskal Herriko lehenengo nazioarteko garagardo dastatzailea ere bada, “BJCP Beer Judge Certification Program prestigiotsuak aitortua”.

 

 

Musikaria, fisikaria, ekoizlea, DJa... zer ez da Eneko?

Bizitza bat dugu, zorionez, eta bakarra, zoritxarrez! Nire denbora zukutu egiten dut, argi dudalako denbora mugatu batez egongo naizela bizirik. Jendea, batzuetan, ez da kontziente. Zerbaitekiko interesa pizten zaidanean, mugaraino eramaten dut barruan sortzen zaidan pasio hori; nire energia guztia horretan jartzen dut, nahi dudana lortu arte. Motor txiki bat dut barruan, gauzak egitera bultzatzen nauena. Bizi bihar hilko bazina bezala, ikasi betiko biziko bazina bezala!

Vmme Sahar. Protoeuskarazko hitzak egungo musikaz egindako diskoa izendatzeko. Zergatik?

Iruña-Veleian topatutako hilobi batean daude inoiz aurkituriko euskarazko hitzik zaharrenak. Lehenengo biak: VMME SAHAR, edo seme zaharra. Disko hau euskal kulturako inoizko futuristena da, eta izenbura euskarazko hitzik zaharrenak dira. Protoeuskaran jakitun den EHUko irakasle Joseba Lakarrarekin jarri nintzen harremanetan, abestiren bat protoeuskaraz izatea nahi bainuen. Azkenean, ezinezkoa egin zitzaidan protoeuskaraz hitzik idaztea, baina etorkizunean egingo dut.

Euskaldun baten Marterako bidaia da diskoa. Hara joateko gogoz?

Imajinatu euskaldun bat Marten. Une hori helduko da. Baditugu bizkaiera, gipuzkera, lapurtera eta abar... irudikatu martera, Marten garatutako euskalkia. Nire diskoak horixe aurresaten du. VMME SAHAR diskoa futurista da.

Zer zara, euskalduna Marten eta martetarra Euskal Herrian?

Identitate arazo bat dut. Atzerrian bizi naiz, eta Where are you from? galdetzen didatenean, Basque Country esaten dut, gehienetan. Baina jendearen % 90ek ez daki zer den eta non dagoen. Orduan, elkarrizketa gehiegi luzatu nahi ez dudanean, Spain esaten dut. Izorratzen nau, egia esan. Gustatuko litzaidake nire identitatea ofiziala izatea, edo, behintzat, jendeak mundu osoan jakitea guri buruz. Kanpoan existitzen ez bagara, hilda gaude. Euskal Herrira noanean, alderantziz gertatzen zait jendearekin hitz egiten dudanean. Iruditzen zait euskaldunek, oro har, ikuspegi mugatu samarrak dituztela. Oro har, euskaldunek ez dituzte aldaketak nahi beren bizitzan, nahiz eta sarri aurrerapausoak izan. Euskal Herria oso zuria da oraindik, oso homogeneo, monotono eta gai bakarrekoa. Euskaldun sentitzen naiz Marten, eta martetar Euskal Herrian.

Irrintziak, txalaparta, Oteizaren hitzak, Marteko haizearen soinua... nahasi dituzu. Martera joateko, sustraiak ezin ahaztu?

Disko hau neu naiz, nire DNA bertan dago. Eta zer naiz ni? Bada, alboka, Pont Aeri, Oteiza, Dr Dre, txistua, SP404SX, Kalifornia, Barakaldo, Fisika, hip hopa, gure amaren sukaldea, Dim Sum, NASA, Piongiang...

Bi urteko lanaren emaitza da diskoa. Lan zorrotza.

Euskal Herrian, erantzun izugarria izaten ari da: “2019. urteko euskarazko diskorik onena”, “kultuzko diskoa”, “euskal kulturaren eboluzioa” eta abar esan didate ezertaz ezagutzen ez nuen jendeak eta lehen mailako musikariek. Kalifornian, beatmaker-en, musika ekoizleen, txapelketak ditugu. Batean, finalerdira heldu nintzen VMME SAHAR diskoaren, Euskal Herriko instrumentuekin egindako hip hop oinarriak jartzen! Pozarren jarri ninduen Oakland hirian nire musika goraipatua izateak, etxetik hain urrun egonik. Nazioarteko kalitate iragazki hori gainditzea itzela da euskaldun batentzat, batez ere hip hop arloan. Hori guztia izan da bi urtez aritu naizelako disko hau prestatzen. Mila ukitu ditu, mila kode. Xehetasunik txikienak ere badu diskoan azaltzeko zergatia. Jendeak pixkanaka ulertuko du diskoa, denborarekin. Baina inork ez ditu igarkizun guztiak deszifratuko, nire buruan egon behar duzu horretarako. Onena da diskoa entzulearekin batera durundatzen dela. Entzuleak bere erara interpretatzen ditu nire musika eta kodeak.

Biniloan bakarrik plazaratu duzu. Zergatik?

Imajinatu sekulako ardo beltza erosten duzula. Ardo beltz hori egiteko, urteak behar izan dira. Lurra landu, mahatsa landatu, hazi, bildu... Gero, legamiak hartzidura behar bezala egiteko, tenperatura eta denbora ondo zaindu behar dira. Ardoa botilan sartu, etiketa txukuna diseinatu, izen bat bilatu... Ilusioa, denbora, izerdia, pasioa... daude jarrita botila horretan. Esku artean duzu botila. Nola edango zenuke ardoa, kristalezko kopa on batean, etxean lasai-lasai, ala botilaren muturretik tragoa hartuz, lanerako bidean presaka? Bada, horra erantzuna.

Kalifornian bizitzeak izan al du eraginik zure sorkuntzan?

Izugarria! Hemen, hip hopa arnastu egiten da, ez du zerikusirik Euskal Herriarekin. Kontzertu pilo batera joan naiz: A$AP Rocky, Warren G, Snoop Dog, Wu Tang Clan, De La Soul, Eric B & Rakim... Gainera, hip hoparen esparruan ezinbestekoak izan diren batzuk aurrez aurre ezagutu ditut: Rakim, Ghostface Killah, Large Professor, Lord Finesse... Hip hopeko jainko horiek ezagutzea oso garrantzitsua izan da niretzat. Oaklandeko Hieroglyphycs crew mitikoaren ingurukoekin ere aritzen naiz. Benetako hip hopa barrutik bizitzen ari naiz. Lehenengo aldia da euskarazko hip hop artista bat AEBetan bizi dela. Gogoratu behar dugu, halaber, Kaliforniak garrantzi handi-handia izan zuela hip hoparen bilakaeran, West Coast eta G Funk estiloak tarteko. Nire musikaren kalitatea hemen aintzatesten da gehiago, etxean baino,, AEBetan hip hop kultura bizi eta ulertu egiten delako. Los Angelesera ere askotan joaten naiz. LAn ibiltzea, palmondo, hondartza, itsaso, lowrider auto, txikanoa, beltz, tatuaje... artean, bideoklip baten barruan egotea bezalakoa da. Bi urte daramatzat Kalifornian, eta VMME SAHAR diskoa ezinezkoa litzateke bestela.

Sustraietatik abiatuta, euskal kultura berritzen saiatzen zara. Aspaldiko helburua?

Euskal Herriko jendeak ez du ulertzen txalaparta, inoiz, berrikuntza izan zela. Norbaitek asmatu egin zuen, eta berria izan zen. Norbaitek bota zuen lehenengo aldiz bertso bat, eta bere garaian berrikuntza izan zen. Jendeak ez daki trikitia Italiatik datorrela. Ematen du Euskal Herriak ez dakiela rock musika AEBetatik datorrela, hip hopa bezala... Eta punk musika Erresuma Batutik dator. Geureak ematen duten estiloak dira, Euskal Rock Erradikala, esate baterako (bide batez, noizko Euskal Rock Erradikalaren museoa?). Beraz, argi dago tradizio berriak sortzeko berritu egin behar dela. Horretan nabil nire arte obra hasi nuenetik. Hurrengo mendeetan, “euskal tradizio” esango diote oraindik asmatu gabeko zerbaiti. Bada, asmatu egingo dut, edo gazteak inspiratuko ditut. Misio horretan nabil, euskal kultura sakonki errespetatzen dudalako. Berritu ala hil.

Euskarazko rapak utzi al diosalbuespenizateari?

Gaztea irratiak euskarazko rapa “salbuespen” izateari uztea nahi duenean, euskarazko rapa ez da sekula berriro “salbuespen” izango. Gaztea irratiko 3-4 lagunek aukeratzen dute, lehenik, zein talde egongo diren zerrendan. Gero, jendeak aukeratzen ditu. 3-4 pertsona horientzako galdera: Nizuri Tazuneri taldea zergatik ez duzue inoiz aukeratu?

Ezkerraldea eta euskara. Oraindik ere Ezkerraldearen gaineko aurreiritziak nagusi euskaldunon artean?

1900. urtean, Barakaldon, euskaldun zaharren kopurua 0 zen; 2020an, berriz, N18.000 euskaldun baino gehiago dago, hau da, Gernikako biztanleria osoa baino gehiago! Hiri handietan eta Interneten egongo da gakoa euskararen etorkizuna oparoa, ala ez, izateko.

Ez euskaldun berri, ez euskaldun zahar. Euskaldun 2.0 erabili ohi duzu, ezta?

Gure ama ez zen euskalduna, ondo da... nire ama hizkuntza ez denez euskara, ez naiz euskaldun zaharra. Baina 2 urte nituenetik ikasi eta erabili dut euskara, eta orain 33 urte ditut. Potrohandia behar da izan, gero, niri euskaldun berri esateko. Euskal gizarteak Euskaldun 2.0 esamoldea barneratu beharra dauka. Ni euskaldun 2.0 naiz. Hitz hauek irakurtzen ari diren asko euskaldun 2.0 dira. Gehiengoa gara.

Eneko Axperen eta Maisha MCren artean ba al da alderik?

Eneko Axpe zientzialaria da, pertsona alaia, solidarioa, urduria. Maisha MC musikaria da, ezkertiarra, antifaxista, harroa, segurua. Pertsona bi espazio bera okupatzen.

Zientzialaria eta artista ongi moldatzen al dira?

Offspring taldeko abeslariak doktoretza du Biologia Molekularrean. Queen taldeko gitarristak doktoretza du Astrofisikan. Simon & Garfunkeleko Garfunkelek masterra du Matematiketan. Bad Religion taldeko abeslariak doktoretza du Zoologian. Ematen du baietz, beraz!

Zer egiten duzu NASAn?

Astronauten osasunarekin loturiko proiektuetan egiten dut lan. Stanforden, biomaterialak garatzen ditut, batez ere hidrogelak, etorkizuneko medikuntzan asko erabiliko direnak gaixotasunak tratatzeko eta saihesteko.

 

DI-DA BATEAN

 

Zerk alaitzen dizu eguna?Zerbait berria probatzeak edo ikasteak.

 

Eta tristatu?Matxismoak.

 

Zerk eragiten dizu barrea?Fatboy Slimen Right Here, Right now kanta entzungailuetan jarrita hiri handi batean nire longboard-arekin ibiltzea.

 

Eta negarra?Matxismoak.

 

Zerk haserrearazten zaitu? Faxismoak.

 

Bizio bat? Biniloak erostea, mendekotasuna dut.

 

Zer izan nahi zenuen txikitan? Medikua, kimikaria... 16 urterekin, zinema zuzendaria.

 

Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Munduko pertsonarik zazpikiena naiz, eta gorroto dut.

 

Musikari bat: Hawa (Patrol Destroyers, 121 krew).

 

Kantu bat: Heavy Kren Umoya (featuring Professor & Mpumi).

 

Zientzialari bat? Nikola Tesla.

 

Noiz ikusiko dugu gizakia Marten? 2045ean.