Etxebizitza buruhauste bihurtzen denean

Espainiako estatuan, denok dugu etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea. Idatzita dago, Espainiako Konstituzioaren 47. artikuluan, zehazki. Legeak, gainera, hori bermatzeko beharrezko baldintzak bultzatzera behartzen ditu botere publikoak. Errealitatea, ordea, bestelakoa da. Dela erosita, dela alokairuan, asko dira bizitzeko etxea lortu edo ordaindu ezinean dabiltzanak. Behin eskuratuta, desjabetzea pairatzen dutenak ere ez dira gutxi. Horietako batzuk, babestuko dituen testuinguruaren faltan, kale gorrian geratuko dira... eta egoera kronikoa bihur daiteke. Etxebizitza Sindikatuak, Gipuzkoako Kaleratzeak Stop-ek eta Bizitegik, esaterako, ondo ezagutzen dute afera, egunero egin behar izaten diotelako aurre, maila eta modu ezberdinetan, etxebizitzaren arazoari: jendeak lortu ezin duelako, galdu egin duelako, kendu egin diotelako, kalea duelako bizitoki… Etxebizitza, edo haren eza, arazo latza da askorentzat jendarte honetan. Izan ere, gezurra eman arren, legeak aitortzen digun etxebizitza duin eta egoki hori utopia hutsa da, XXI. mendearen hasierako Euskal Herrian, batentzat baino gehiagorentzat. Eñaut Mitxelena, M. Egimendi, Esti Lanao.

testi

“Etxebizitzaren burbuila eta negozio espekulatzailea alokairuen merkatura igaro da”

“Etxebizitza larrialdia” bizi dugula salatu dute, azken boladan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformek. Horren zergati, ondorio eta irtenbideei buruz mintzatu zaizkigu Gipuzkoako plataformako Rosa Garcia eta Marce Garcia Carpio.

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren datuen arabera, 2018an 1.191 etxegabetze izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, 2017an baino % 0,4 gutxiago. Hor daude hipotekak edota alokairuak ez ordaintzearen ondoriozkoak, bigarren etxebizitzak, lokalak... Garcia Carpiok dioenez, “hipotekengatik egindakoak, gure plataformaren sorrera eragin zutenak, asko gutxitu dira, hipoteketako neurriz kanpoko baldintzen aurrean kontsumitzaileen babeserako aukerak handitu zirelako”. Haatik, arazoa ez da desagertu, hedatu baizik: “Bankuek, hainbeste auzi izanik, maileguen iturria itxi zuten, eta etxebizitzaren burbuila eta negozio espekulatzailea alokairuetara igaro da”.
Erosita edo errentan, etxea eskuratzea gero eta zailagoa da. Bai egoera zaurgarrian diren pertsonentzat bai gainerakoentzat. Erostea, zail: “Etxea erosteko maileguak lortzeko eskakizun ekonomikoak zorroztu egin dituzte bankuek”. Zail, eta garesti: EUSTATen arabera, 2018ko lehen hiruhilekotik 2019ko lehen hiruhilekora, % 8,9 garestitu zen etxebizitzen prezioa. “Arazoak lotura estua du lan eta soldata prekaritatearekin. Ongi ordainduriko lan egonkorrik gabe, inork ezin du pentsatu ere egin banku batek 20 urtetik gorako mailegua emango dionik” diote.
Ondorioz, jende askok alokairura jotzea beste erremediorik ez du. Baina, hor ere, egoera ez da batere samurra. Datuak argigarriak dira: EUSTATen arabera, 2019ko lehen hiruhileko datuak aintzat hartuta, alokairuko etxeen batezbesteko errenta 1.047,7 eurokoa zen EAEn, urtebete lehenago baino % 10 garestiagoa. Areago, 2013tik, % 26,9 igo da alokairuen prezioa, batez beste. “Hiri Alokairuen Legetik eratorritako etxegabetzeen datuak, Espainiako alokairurik garestienak hemen izateak, alokairuen merkatuan funts putreak sartu izanak, eta alokairu babestuan zein librean eskaintza txikia izateak (azken kasu honetan, eskaintza asko pisu turistikoetara bideratu delako) erakusten digute burbuila salerosketatik alokairura aldatu dela. Eta alokairua da, hain zuzen, etxea behar duten milaka familiaren babesleku bakarra”. Ondorioz, etxea eskuratzeko zailtasunak “izugarriak” dira, are gehiago “baliabide urriko pertsonentzat. Esaterako, Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen ari bazara, higiezinen enpresek zuzenean baztertzen zaituzte”.
Egoerari neurria hartzeko, “datuak hor daude” dio Garcia Capiok: “Etxebiden, egun, 55.000 familia unitate baino gehiago daude izena emanda alokairu babestua eskuratzeko”. Horrez gain, “Caritasen urteroko txostenek eta beste zenbaitek agerian uzten dute drama: EAEn, lau lagunetik ia batek arazoak ditu etxebizitza duina eskuratzeko; 233.000 lagun gastu gehiegi dituzten eta ordaindu ezin ditzaketen etxeetan bizi dira... Babestutako alokairuan ere, arazoa larria da: Alokabidek ehunka txosten ditu zabalik, gizarte alokairua ordaintzeko arazoak dituzten familienak”.
Gauzak aldatu ezean, alokairuak ez ordaintzeagatik agindutako etxegabetzeak gero eta gehiago izango direla uste dute. “Alokairuen legea jabeen aldekoa da erabat, eta merkatuaren askatasunean oinarrituta dago. Orain arte, horrek ez zuen ez maizterren ez alokairuen egonkortasuna ahalbidetzen. Orain, kontratuen gutxieneko iraupena 5 urtera luzatu da, eta, kontratuak iraun bitartean, alokairuaren igoera KPIak mugatzen du. Espero dugu honek zertxobait egonkortzea egoera. Halere, 5 urte horiek igarota, jabeek kontratua eteteko edota alokairua nahi adina garestitzeko askatasuna dutenez, merkatua ezegonkorra izatea eragiten dute, eta etxegabetzeek jarraitzea”.
Plataformaren ustez, egoera honen ondorioz “etxebizitza larrialdia” bizi dugu. Horri aurre egiteko, alokairuaren merkatuan eragiteko manifestua aurkeztu zuen iragan maiatzean. Besteak beste, “oinarrizko” hiru ekinbide proposatu zituen: “Babestutako alokairurako aurrekontu handiagoa; alokairuaren merkatu librean esku hartzea eta zaintza egitea; eta gizarte funtzioa betetzen ez duten etxebizitza hutsak mugiarazteko neurriak”. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote baliabide gehiago bideratzeko etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, batez ere alokairuari dagokionez: “Etxebizitzak gizarte funtzioa betetzen duela ziurtatzeko neurriak, izan inbertsio edo negozio”. Halaber, uste dute “alokairuen prezioan esku hartu behar dela, eta errenten erreferentziazko indize fidagarria eduki. Izan ere, merkatua espekulatzaileen esku utziz gero, oinarrizko behar eta eskubidea dena negoziorako objektu bihurtzen da. Eta horrela sortzen da burbuila. Bada, aldatu egin behar dugu".
Izan ere, etxebizitza izateko eskubideak, oinarrizko eskubidea denak, pribilegio izaten jarraitzen du, “zalantzarik gabe”. Halere, “egoera aldatzeko borrokan jarraituko dugu. Horretarako, jendeak gehiago engaiatu behar du honetan, eta indibidualismotik aldendu. Gure plataformaren leloak eta gure esperientziak dioten moduan: Bai, ahal da".

 

bizitegi“Etxe bakoek, bizitokia eta janaria baino, agian nahiago dute besarkada bat”

Pablo Ruiz Errea (Bilbo, 1969) Bizitegi elkartearen zuzendari teknikoa da. Xede dute hainbat pertsonaren gizarteratze prozesua erraztea, ahalik eta autonomia mailarik handiena eta bizi kalitaterik onena izan ditzaten. Ruizek 22 urte daramatza lan horretan, eta ondo ezagutzen du kalean bizi direnen egoera.

Bizitegi duela 40 urte sortu zen, Bilboko Otxarkoaga auzoan, zenbait behar eta arazo zituzten auzotarrak hango kaputxino komunitate batera jotzen hasi zirenean. Orduan sortu zituzten elkarbizitzarako unitate funtzionalak: jendea “bizitegi” izenekoetan batzen hasi ziren, elkarren beharrak asetzeko, babestuago egoteko eta ahalduntzeko.
Harrezkero, lau hamarkada igaro dira, eta orain sistemak babesten ditu pertsona horiek, baina “batzuetan, parasito bihurtzen ditu betiko”, Ruizen esanetan. “Hori ez zaio inori gustatzen; gainera, artatuak izateko, ‘baztertu’ etiketa behar dute. Paradoxa handia da norbaitek hori nahi izatea. Sistema honek, justua dela ukatu gabe, pertsonak gauza bihurtzen ditu”.
Bizkaian, azken datu bilketan, etxerik gabeko 1.362 lagun zenbatu ziren, kalean lo egiten dutenak eta bizitoki desegokia, ezegonkorra edo arriskutsua dutenak batuta. Kalean lo egiten dutenen artean, gehiago dira gizonezkoak, “baina etxebizitza desegokian daudenen artean emakumeak izango dira gehiago”. Izan ere, “kalean topatzen ditugun emakumeak oso egoera ahulean daude, hondoa erabat jota, ezin izan direlako beste inon gelditu”. Izan ere, aukera batzuk ez dira beti onak izaten: “Gerta daiteke norbaitek etxean hartzea, garbiketa lanak egitearen truke edo, baina oso posible da aukera hori gizonezko batek eskaintzea eta trukean gauza gehiago eskatzea. Uste dugu horrela daudela emakume asko, kalean bizitzea baino hobea delakoan, baina ez dugu daturik”.
Pertsona horiek bizitokia lor lezakete, gizarteratze prozesu batean sartuz gero, “baina batzuetan, arazoa etxebizitzarik eza baino ez denean, gizarte zerbitzuek prozesu luze eta astunetara bideratzen dituzte”. Kalean bizi diren batzuek “oso ondo” zaintzen dituzte beren txokoak, “eta etxea balute, berdin egingo lukete, baina gizarte zerbitzuek baldintza piloa jartzen diete. Karitate sistema batetik eratorritako gizarte zerbitzuek erabaki dute oinarrizko beharrak etxea, janaria eta garbitasuna direla, eta, batzuetan, ez dituzte pertsonen intimitatea eta duintasuna errespetatzen”.
Oinarrizko beharrak ez baitira berdinak denontzat. Bizitokirik gabeko pertsonek, “batez ere, beldurra dute. Ziurrenik, gauza txar asko gertatu zaizkie, eta normala da jendearekiko mesfidantza sentitzea”. Beraz, haien oinarrizko beharretako bat da seguru lo egitea: “Horregatik jotzen dute askok kutxazainetara. Oinarrizko beharra dute, halaber, kalean begiratzen dien jendeak epaituta ez sentitzea. Eta oinarrizkoa dute beren buruarekin duintasunez bizitzeko aukera ematen dien edozer. Pertsona hauetako askok bere buruarekiko duintasuna balioesten dute gehien, bere buruarekin ondo konpondu ahal izatea eta bere buruaz beste egiteko gogorik ez edukitzea. Beraz, bizitokia eta janaria baino, agian nahiago dute besarkada bat”.
Gure sisteman, pertsona hauek “azken muturrean” daudela dio Ruizek. “Behin eta berriz gogorarazten diete daukaten gutxi hori oparitu egin dietela, baina ez da egia. Konstituzioak dio bizitokia eskubidea dela! Gure jendartean, etxebizitza tresna ekonomikoa da; 47. artikulu famatua beteko balitz, ordea, orain kalean dauden gehienek edukiko lukete bizilekua”.
Ruizen ustetan, “alokairua sustatu eta erraztu egin behar da, zergak ezarri etxebizitza hutsei... Nire ustez, bizitokia izateko eskubidea jabego eskubidearen gainetik dago”. Horrez gain, etxebizitza publikoak beste parametro batzuen arabera eraiki beharko liratekeela dio: “Guk artatzen ditugun pertsona batzuentzat irtenbide perfektua dira 40 metro koadroko etxeak, edo zerbitzu komunak dituzten bizileku kolektiboak, non bakoitzak bere txokoa edukiko lukeen, denbora eperik gabe. Halere, ez jendartearen gehiengoak ez politikari gehienek ez dute interes handirik etxebizitza, ondasun ekonomikoa baino, bizitzeko ondasuna izan dadin”.  

 

karla“Ziurgabetasuna eta babesgabetasuna dira nagusi arazo honetan”

Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko asmoz, Etxebizitza Sindikatua sortu dute, Gasteizen, hainbat gaztek. Igandero biltzen dira Karla Berrojalbiz (Bilbo, 1996) eta Sindikatuko gainerako kideak Gasteiz Txiki elkartean, hiriko Alde Zaharrean.

Nabari da Gasteizek azken urteotan izan duen antolakuntza mugimenduak indarra hartu duela. Izan ere, hainbat kolektibo sortu dira azkenaldian, oso denbora gutxian. Esate baterako, duela bi urte, Birjabetze Kolektiboa eratu zuen okupazio eta autogestio mugimenduetan aritutako gazte talde batek, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. Horren ondoren, Okupazio Bulegoa jarri zuten martxan, eta aholkularitza juridikoa eta teknikoa emateko helburua finkatu zuten.
Sorreratik, eta denborak aurrera egin ahala, hainbat hausnarketa egin behar izan dituzte: “Etxebizitzaren problematika pilaketa kapitalistaren eta krisiaren testuinguruan ulertzen hasi ginen, eta, langileen gabeziez ohartu ginenean, egoera horri aurre egiteko zeuden ekimenak aztertu genituen”. Bide horretan, militantzia ereduen eta proposamen politikoen berrikuspena egin behar izan zuten. Horrela, hiru oinarri zehaztu zituzten: “Alde batetik, militantzia konprometitua behar dugu; bestetik, behar materialetatik abiatzen den indar politikoari ezinbestekoa deritzogu; eta, azkenik, langileriaren interesak babestuko dituen erakunde independentea izan behar dugu”.
Birjabetze Kolektiboaren antolakuntza formak, baina, ez zituen helburu guztiak betetzen. Beraz, aipatu hiru printzipioei hobeto heltzeko, erabaki zuten Etxebizitza Sindikatua sortzea zela egokiena: “Ez zen erabaki estetikoa izan; antolakuntza prozesuan murgilduta geunden, eta sindikatuaren ideia egokientzat jo genuen”. Izan ere, sindikatu berbarekin langileen beharrak asetzeko eta bizi baldintzak babesteko sortu den antolakuntza formari egiten diote erreferentzia. Horiek dira, hain zuzen ere, Etxebizitza Sindikatuaren xedeak. Beraz, langileen beharrei zuzenean erantzuteko, sindikatuaren kontzeptu klasikoa berreskuratu dute.
Ideia horiei guztiei forma emateko, igandero biltzen dira, arratsaldez, asanbladan, Gasteizko Alde Zaharreko Gasteiz Txiki auzo elkartean. Edonork har dezake parte, eta jendea nor bere arazoekin gerturatzen da bertara. “Dena dela, ezinbestekotzat jotzen dugu Sindikatuaren funtzionamendua ulertzea; hots, argi izatea zer jaso eta zer eman behar duen”. Kasu ezberdinetarako garatutako tresnak dituzte, besteak beste, aholkularitza juridikoa, mobilizazioak edo manifestazioak. Zenbait kasutan, beste eragile batzuk aproposagoak izan daitezke arazoari irtenbidea bilatzeko, eta laguntza bila etorritakoak haietara bideratzen dituzte. Hala ere, normalean, Sindikatuaren ahalmenekin aurre egiten saiatzen dira.
Gasteizek arazo franko du etxebizitzaren arloan, eta Karla Berrojalbizek hainbat zehaztu nahi izan ditu. Alde batetik, Azterketa Teknikoak ugaritzen hasi direla azaldu du: “Horien bitartez, etxebizitza konpontzeko dirurik ez duten familiak etxegabetu, eta haien etxeak higiezin enpresen esku geratzen dira”. Beste alde batetik, sarrien gertatzen diren arazoak ditugu, alegia, langileen artean ohikoenak: “Alokairuzko etxean erroldatzeko ezintasuna, legez kanpoko alokairu kontratuak eta kontraturik gabeko alokairuetan izaten diren gehiegikeriak, esate baterako”. Etxebizitza arazotzat jotzen ez direnak ere badira: “Besteren artean, bizitza normaltasunez garatzeko ezintasunak, langileen artean: banandu den bikotea, tratu txarrak jaso eta gabeziengatik etxea utzi ezin duen emakumea, emantzipatu ezin den gaztea, besteren artean”. Erakundeen aurrean bakanduta daudela salatzen du Berrojalbizek: “Ziurgabetasuna eta babesgabetasuna dira nagusi”. Hain da handia zalantzazko egoera hori, ezen zentzugabekoa iruditzen zaien bide instituzionalen labirintoetan geratzea. Horregatik, klase antolakuntzaren aldeko apustua egin dute: “Horren bidez, gure berehalako beharrak aseko ditugu eta kapitalaren erasotik babestuko gara”. Bidea ez da erraza izaten ari, noski, eta ez da izango, baina norabide onetik doazela ikusten ari dira: “Elkartasunez laguntzen duten pertsonak badira (errolda lortzen, etxea konpontzen…), eta asanbladaren bitartez egoeraren berezitasuna gainditu eta modu kolektiboan babestu behar dutela ulertzen duten pertsonak ere bai”. Horrek, beraz, itxaropen argia pizten du etxebizitza eta bizimodu duina lortzeko tunel ilun horretan.