“Kontua da egunero euskara erabiltzeko ohitura hartzea: musika entzun, irratia...”

jasmineYasmine Khris Maansri
(Marseilla, Frantzia, 1996)

Iazko maiatzean etorri zen Iruñera, Ahotsa.info hedabidean kazetari ofizioa ikasteko asmoz. Iritsi bezain pronto hasi zen euskara ikasten, Iruñezar AEKn. Itzulpengintza eta Historia ikasia, frantsesa du ama hizkuntza, eta gaztelania, ingelesa, galegoa eta portugesa dakizki.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Alde batetik, gure amonaren historiagatik: Usurbilen jaio zen, baina Aljerian bizi da. 22 urterekin joan zen hara, hainbat arrazoirengatik. Ez zekien bertan geratuko ote zen, baina han geratu eta han bizi da. Euskarari eutsi egin dio; nahiz eta ez duen egunero hitz egiten, dena gogoratzen du. Halere, ez da bakarrik amonaren historiagatik. Pertsona kuriosoa naiz, eta beti ikasi nahi izan ditut hizkuntzak. Adibidez, Galizian bizi nintzenean, galegoa ikasi nuen. Niretzat oso logikoa izan zen: Galizian bizi banaiz, bertako hizkuntzan mintzatuko naiz. Hemen, berdin. Hemen bizi naiz, eta euskaraz hitz egin nahi dut. Beraz, euskara ikasi beharra dut!
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Jakin-mina nuelako, familiaren historia ezagutzeko, eta logikoa delako: hemen bizi naiz. Biharko egunean Aljerian biziko banintz, arabiera ikasiko nuke.
Nolako prozesua izan duzu?
Hona etorri baino lehen, Ahotsakoek galdetu zidaten euskara ikasi nahi al nuen euskaltegian. Bada, aurrera! Izena eman nuen. Lehenengo egunak oso gogorrak izan ziren, pixka bat galduta sentitzen nintzen. Nire kasuan, oso garrantzitsua izan zen etxean hitz egitea, pisukidearekin. Adibidez, esnatzean irratia jartzeko ohitura du. Beraz, egunero esnatzen naizenean, euskara entzuten dut. Lehen egunean ez nuen ulertu, baina orain ongi. Telebista, sare sozialak, irratia... saiatzen naiz dena euskaraz jartzen, apur batean. Bestalde, Foruko barnetegian ere izan nintzen, eta pila bat lagundu zidan: erabateko murgiltzea da. Kontua da egunero euskara erabiltzeko ohitura hartzea: musika entzun, irratia... baina egunero.
Zer izan da zailena zuretzat?
Lehenengo asteetan, nire ustez, zailena mailen arteko aldea izan zen. Nire euskara maila oso txarra zela uste nuen, eta, ondorioz, apur bat gaizki sentitzen nintzen. Baina orain... Ez naiz lotsatia, eta, adibidez, taberna batean sartzen banaiz, beti hitz egiten dut euskaraz. Saiatzen naiz. Hortaz, zailena... ez dakit!
Eta errazena?
Errazena baino, politena: jendearen elkartasuna. Jendeak nire istorioa entzuten zuenean, beti animatzen ninduen jarraitzera. Babes hori oso polita da. Benetan, horrek txunditu egiten ninduen, eta asko laguntzen du.
Erabiltzen duzu?
Saiatzen naiz, eta, normalean, erabiltzen dut. Etorri nintzenean, nire bizi espazioa sortu nuen hemen, Iruñean, eta denak funtzionatzen du euskararen inguruan. Lanean, euskaraz; etxean, euskaraz... Egunero euskaltegian ibiltzeak laguntzen du sarea sortzen. Gainera, jakinda nolakoa den errealitatea hemen, Iruñean, euskarafobia horrekin...
Gustuko hitza edo esamoldea:
Etorkizuna. Ipar Euskal Herrian, Etorki izeneko gazta bat egiten dute, eta futuro euskaraz nola den gogoratzeko, beti pentsatzen dut gazta horretan. Trikimailua!
Beste trikimailuren bat?
Musika. Horrez gain, sare sozialetako hizkuntza aukerak aldatu ditut: Twitter euskaraz jarri dut, Facebook ere bai... Saiatzen naiz gauza praktikoak euskaraz egiten. Baina, batez ere, musika: entzun eta hitzak irakurri, memorian geratzen dira.