Bertsolaritza gustuko al duzu?

ikamika

Iragan abenduaren 14an jokatu zuten 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, Donostian, eta Beñat Gaztelumendik eskuratu zuen txapela, bere bigarrena. Finalerako bidean, makina bat saio izan da Gipuzkoako hainbat herritan; izan ere, irailaren 14an hasi zituzten final-zortzirenak. Ohi bezala, saio guztiak entzulez lepo izan dira. Zuk jarraitu al diozu Gipuzkoako Txapelketari? Hala bada, noiz eta nola zaletu zinen bertsolaritzara? Eta interesik pizten ez badizu, zergatik? Hernaniko AEK-ko goizeko mintza taldea

1. Angel
Nahiz eta dena ez ulertu, bertsoak gustura entzuten ditut. Txapelketetara ez naiz joaten, baina telebistatik saiatzen naiz jarraitzen. Unai Agirrerekin ondo pasatzen dut.
2. Koro
Ez naiz txapelketa jarraitzaile sutsua, baina bertso on batek zirrara sortzen dit irratian edo telebistan entzuten dudanean. Bertsolaritzak laguntzen du euskara bizirik mantentzen gure herrian.

3. Luis
Ez dut jarraitu Txapelketa, baina askotan gerturatu izan naiz saioetara. Euskal kulturaren ezaugarria da bertsolaritza, eta gustatzen zait lotzen dituelako egunerokotasuneko gaiak forma literarioekin.

4. Karlos
Bai, jarraitu dut baina ez zuzenean. Gustatzen zait, baina askotan ez dut ulertzen. Gaztetatik entzun izan ditut irratian Basarri, Uztapide eta abar. Etorkizunean, nahiko nuke bertsoak ulertzea.
5. Joxan
Gustuko dut, baina Txapelketa ez dut jarraitu. Dena den, 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala ikustea opari ederra izan da. Noizbehinka nik ere bertso batzuk sortu izan ditut.

6. Luis Mari
Herriko bertso-eskola oso famatua da, bertsolari on asko ateratzen dira; adibidez, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi edo Unai Agirre. Niri gustatzen zait, baina ez dut dena ulertzen.
7. Maite
Txapelketa ez dut jarraitu. Nahiz eta gustatzen zaidan, ez dut asko ulertzen; eta haserretzen naiz pentsatzen dudalako ez dudala euskara asko ikasi.
8. Pili
Saioak luzeegiak iruditzen zaizkit, baina noizean behin, bertsoak etxean entzuten ditut senarra eta semearekin, eta haiek laguntzen didate ulertzen. Gehien gustatzen zaidana Maialen Lujanbio da.