Zuberoako maskaradetan, euskarari bromarik ez!

maskarada

Altzürükü, Ürrutia jauregiaren inguruak, 8/10 urte inguruko bi neskatxa badatoz aterki baten pean gerizatuak, aspaldiko partez (!) euria hasi baita. Nire alboan pasatzearekin, bonjour! erraten didate eta nik, egün hon! ihardetsita, galdegiten diet: Ekia dügüia, ote? (Eguzkirik ba ote dugu?) eta haiek jarraian euskara garbian erantzun: Ez likezü üdüri, ez! (ez dirudi, ez!)... Allande Sokarros.

Hara, Altzürükün, baita Zuberoako beste edozein herritan ere, euskararen kale erabilerari dagokionez, gauzak nola gertatzen diren. Oso-oso gutxi izango dira, baita gizaki helduetan ere, ongi ezagutzen ez duten norbaitekin topo egitean, lehen hitza euskaraz emango dutenak. Alta, bi neskatxa horien kasuan bezala, Altzürüküko haur gehienek euskaraz dakite... etxean gutxi edo aski gurasoekin edota aitona-amonekin mintzatzen baitira. Gainerat, Altzürüküko haur gehienak Idauze-Mendi herri auzoko Arbailla eskola elebidunera joaten dira (zeinak lau herritako ikasleak bereganatzen dituen), eta bertan gehienek euskara ondo ikasiko dute, gurasoak (Altzürükün, behintzat, hala da) euskaldunak baitira.
Bi neskatxa horiek Altzürüküko eskola ohian eratutako herriko gelara zihoazen, parte hartzaile baitziren herri horretako gazteriak 2020ko negu eta udaberri bitartean emango dituen maskaradetan. Herriko gela horretan sartzean, adinez handiagoak ziren gazteekin topo egin nuen, eta horiek denak, aldiz, euren artean barra-barra hitz egiten ari ziren... frantsesez! Alta, erabat ziur nago den-denek, aurretik aipatu bi neskatxek bezala, euskaraz dakitela... Alabaina, hau da Ipar Euskal Herrian (eta, beharbada, Hego Euskal Herriko leku anitzetan ere!) hauteman daitekeen egoera diglosikoaren ondorio tamalgarria. Ipar Euskal Herriaren kasuan, bederen, diglosikoa bai... ez baita zilegi, inondik inora ere, elebitasunik aipatzea, euskarak ez baititu, ezta hurrenik ere, frantsesak dituen eskubide, baliabide eta lege babes berak! Eta hara zergatik, Altzürüküko maskaradetan ariko diren haur eta nerabe gehien-gehienak frantsesez mintzo diren... joko egitetik kanpoko komunikazio uneetan.
Haur eta gazte horien maskaradetako eskolatzaile Dominik Eperre eta Jean Etxegoien gizoneko helduek ongi dakite egoera horrelakoa dela, eta, nola edo hala aurre egin nahian, ume eta nerabe ikasleei arau bat jarri diete: trebatze denboran, behintzat, euskaraz egitea. Beraiek, dena den, euskaraz hitz egiten diete, mustraka edo saialdi horietan. Askok pentsatuko dute, beharbada, baldintza malguegia dela... baina Ipar Euskal Herrian, eta Zuberoan ere beraz, oso zaila da hori baino gehiago lortzea. Euskal kulturaren munduan, beste euskal herrialdeetako bizilagunen artean, Zuberoa mitifikatua dago, horretan ere, gaur egun! Eta Dominik Eperrek, Jean Etxegoienek, baita eurek bezala erdaraz aritzeko joera guztiz nagusiari nolabait aurre egiten saiatzen direnek ere, meritu handia daukate...
Ikus-entzuleek ez diete ahoskera akatsik hautemanen maskaradetako joko egileei euskaraz aritzean... gazte horiek, berriz ere erranen dugu, badakitelako euskaraz. Hori ere ez da gutxi... azken urteotako maskarada zein pastoral batzuetako arizale zenbaitengan guztiz nabari geratu baitzen euskaraz tutik ere ez zekitela eta buruz ikasi behar izan zutela euren jokoa. Altzürükün, behinik behin, horrelakorik ez da gertatuko. Izan ere, otsailaren 9tik apirilaren 26ra arte, maskarada jokalariek Zuberoako 10 herritan egingo dituzte emanaldiak, eta herrian bertan emango dituzte aurreneko eta azkeneko bi agerraldiak.
Mundu orekatuaren iraulketa
Zuberoako maskaradetan ari izan eta ariko diren gazte gehienek ez dute (tamalez, baina) batere ezagutzen baserriko inaute horien sinbologia: transmisioa egin egiten da jokoen emateko eran, baina ez esanahietan. Hala, arizale zein begirari gutiz gehienek ikuskizun burlagarria eta apurtxo bat zoroa baino ez dute sumatzen. Haatik, baserriko inauteak ez dira hori bakarrik; bai, ordea, mundu orekatu, ordenatu, hierarkizatu baten iraulketa antzeztua. Aspaldiko garaietan, Zuberoako maskaradak gertatzen ziren eguzki egutegi eta ilargi egutegi luzeen artean falta diren 12 eguneko tarte horretan. Denbora tarte horri “zotal egünak” izena ematen zitzaion, horrek erran nahi duelarik "erokeria egunak". Izan ere, zotal egün horietan, ohiko munduaren antolaera eta ibilera uzkailtzea zilegi zen, eta gizartean baztertuak, zokoratuak, mespretxatuak zeuden jende sailekoek aurre egiten ahal zieten, omen, jendartearen gidaritzan zeudenei.
Mundu "ongi antolatuaren" uzkailtzeko sinbologia horrez gain, maskaradek, eta oro har baserri inaute guztiek, badute beste erran-nahi bat: jendeen, abereen eta izadiaren berpiztea, negu beltzetik ateratzean, bedatse edo udaberrira igarotzearekin. Gizaki, animalia, ihizi eta landareen arrapizte horren sinbologia antzeman daiteke, adibidez, hartzaren esnatzean (baldin eta hartzik agertzen bada, behintzat, maskaradetan) eta Pitxu kauter broma egilearen hiltze eta berpiztean. Maskaradek nonbait badute, halaber, izaera basati batetik izaera zibilizatu batera pasatzearen zentzua, batez ere Zamaltzainaren ferratze eta zikiratze jokoetan.
Erran-nahi edo sinbologia horiek denak munduko baserri inaute guztietan topatzen dira; Zuberoako maskaradek, baina, badute ezaugarri oso berezi bat: dantzak barne egotea, hain zuzen. Hala, Arribada, Aitzina pika, Lagabota, Bralea, Godalet dantza eta denen amaierako Moñeiñak dantzek nabari uzten dute maskaradak badirela inautea baino askoz ere gehiago mendez mendetako euren ibilbide etengabean.
Gorriak, beltzak... eta besteak!
Baserri munduko inaute guziak bezala, Zuberoako maskaradak gizartearen bi alderdi kontrajarriren irudikapenak dira. Maskaradetan, bi taldeen izenak hauek dira: gorriak eta beltzak (edo beltzeria, hobeki errateko). Gorrietan dira jendarte 'txukuna', ordenatua, botereduna edo boterea dutenekin eskuz esku dabiltzala islatzen dutenak: Anderea, Jauna, Laborarisa (andre laboraria), Laboraria... baita horien ohoretan dantza egiten duten Aitzindariak ere (gorriak behintzat, Aitzindari beltzak ere bai baitaude zenbait maskaradatan). Haatik, ez dira denak gorriz jantziak, sailkapen izen gisa ulertu behar da. Beltzeria osatzen dute, ostera, gizartean baztertuak, zokoratuak, gutxietsiak, boteredunek baliatuak daudenak edo zeudenak: kauterak (horiek, bai, beti beltzez jantziak dira) eta buhameak (horiek, aldiz, kolore askotako arropekin beztituak dira). Gorriak dotore eta jator ibiltzen dira kalean eta jokoa egiten den plazan; beltzeriakoak, aitzitik, beti dira zalapartaz, ahogorri eta neurrigabeko jokaeraz. Alabaina, maskaradetan, zotal egünen askatasun aukerez eta esparruaz baliatuz, beltzeriakoak dira bazterretan jaun eta jabe agertzen.
Bi talde ondo mugatu horiez gain, haatik, maskaradetan badira beste pertsonaia batzuk, bien tartean nonbait kokatuak daudenak, ezin argiki erran boteredunen jendartekoak ala zokoratuen mundukoak diren. Hauek dira: Kherestuak (Zamaltzaina zikiratzen dute, eta bearneraz mintzo dira), Xorrotxak (Jaunaren ezpata zorrozten dute, eta maskaradetako joko zatiak aurkezten dituzte bertsoak kantatuz; ohiduraren arabera, Auvernia eskualdetik etortzen ziren), edota Marexalak (Zamaltzaina ferratzen dute). Hirugarren talde hori egonda, ezin da erran, beraz, maskaradak guztiz kultur adierazpen manikeoak direnik...