Hazi hartatik, lore hauek

babel

Badira 20 urte Munduko Emakumeak Babel elkartea sortu zutela, beste herrialde batzuetatik Bilbora etorritako andrazkoei harrera eta berotasuna eskaintzeko. Gaur gaurkoz, harreman sareak ehuntzen jarraitzen dute: elkar zaintzen eta besarkatzen, hain beharrezkoa duten moduan. Kalean ere, inoiz baino leku handiagoa dute beren aldarriek, arrazismoaren aurkako borrokak eta emakumeen kontrako indarkeria salatzeak. Maider del Olmo.

Joan-etorriak ugariak izan ohi dira Bilboko Fika kaleko eraikinean. Bertan dute egoitza Munduko Emakumeak Babel elkartekoek. Astelehena izanda, are gehiago dabiltza atzera eta aurrera. Bilkura eguna da astearen hasierakoa: erabakiak hartzeko, funtzionamenduaz eztabaidatzeko, ikastaroak antolatzeko... Zereginak zeregin, ez dute ahazten garrantzitsuena: elkar besarkatzea eta entzutea. Horixe dute abiapuntu elkarlanerako. Desberdinak izanagatik, ados daude gutxieneko batzuetan, baita beren buruaren definizioan ere: “Bizkaiko emakumeak gara, ezberdinak, ekintzaile feministak eta internazionalistak, hainbat kontinente eta kulturatakoak”. 
Afrovasca elkartean du jatorria egungo taldeak. 90eko hamarkada hasieran, Afrikatik Bilbora etorritako hainbat emakumek eta gizonek bultzatu zuten elkargune hura. Denborak aurrera egin ahala, emakume afrikarrek gizonengandik aparte jarduteko beharra sentitu zuten, eta, Bizkaiko Emakume Asanbladarekin eta beste talde batzuekin batera, soilik emakumez osatutako mugimendua abiarazi zuten. Helburua argia zen: beste herrialde batzuetatik Bizkaira eta Bilbora zetozen andrazkoei harrera egitea. Hala, aitzindaria izan da elkartea emakume migratzaileak artatzen eta haiei ahotsa ematen.
Afrovasca elkartetik beste talde bat sortu zuten gero: Munduko Emakumeak Babel. Iaz bete zituen 20 urte, eta azaroan eta abenduan egin zituzten ospakizunik jendetsuenak. Batzuk aipatzearren, kale berean dagoen Karmela gune okupatu eta autogestionatuan bazkaria egin zuten, urteurrenerako berariaz plazaraturiko liburua eta film laburra aurkezteko. Beste egun batean, San Frantzisko auzora hurreratu ziren, hitzaldia ematera eta argazki erakusketa ipintzera. Erakusketa hori Indautxu auzora zabaldu zuten gero, abenduan.
Bestalde, elkarte gisa, ezinbestekoa deritzote kalean aldarrikapenak zabaltzeari, eta beren ahotsa izateari. Hori dela eta, ez dute inoiz hutsik egiten azaroaren 25eko manifestazioan (Emakumeenganako Indarkeariaren aurkako Eguna) edota martxoaren 8ko ekitaldietan. Era berean, harreman sareak ehuntzen jarraitzeko premiaz mintzo dira. Eurak, elkarlanerako ateak zabalik dituztela nabarmentzeaz batera, prest daude beste talde batzuekin batera aritzeko: “Sarean lan egiten dugu, eta era horizontalean antolatzen gara. Astelehenero batzen gara Fika kalean, batzarrean, 19:30ean”.
Maitasunez prestatutako jakiak
Eguneroko jardunean, janariz lagunduta datoz, askotan, elkarlaguntza eta besarkadak. Arcoren hitzetan, “janaria oso garrantzitsua da gure bilkuretan. Besteak zaintzeko modu bat da, maitasunez prestatutako jaki bat eskaintzen baitiegu lagunei”. Halaber, egonlekuko lorategiak ere jasotzen ditu haien maitasun keinuak, ondo baino hobeto zaintzen baitituzte hango loreak eta landareak. Gogoratzen dutenez, zabortegi bat izan zen leku hori, lorategi bilakatu zuten arte. Orain, bertako limoiekin postre zaporetsuak prestatzen dituzte jatordu oparoen hondarrerako.
Ez dute aipatu gabe utzi nahi 1995. urteaz geroztik hilero kaleratzen duten aldizkaria: Munduko Emakumeak/Mujeres del Mundo. Ahoz ahoko informazioaz gain, bere burua ezagutzera emateko erarik eraginkorrenetakoa izan dela uste dute. Bertan, harremanetarako hainbat telefono zenbaki praktiko ez ezik, hauek ere badaude: erreportajeak, hausnarketak, errezetak, liburu eta film gomendioak…Interneten ere, ikusgai dute bestelako informazioa: tailerrak, ikastaroak, jardunaldiak...

Ahots bi, elkarteaz
Inoren ordezkari aritzeko asmorik gabe, Rocio Loperak bere bizipenak kontatu ditu, elkartearen 20. urteurrenaren harira. Kolonbiatik etorri zen Bilbora, 40 urteak beteak zituela. Berea adibide bat gehiago da, beste askoren artean. Haren esanetan, ez du sekula ahaztuko elkarteko emakumeek egin zioten harrera: “Bakarrik nengoen Bilbon. Ez nuen inor ezagutzen. Plastikozko poltsa txiki batean nituen sartuta nire gauza guztiak, eta jendea gelditzen nuen kalean galdetzeko ea lanen bat emango zidaten. Oso gogorra izan zen. Horrexegatik eskertu nituen hainbeste elkarteko emakumeen besarkadak. Behar nuen afektibitate hura, jana bezainbeste”. Ikasprozesu luze bezain aberasgarria bizi izan du Munduko Emakumeak elkartean, besteak beste arrazismoaren aurkako borrokaz, feminismoaz edota kulturaz jantzi delako, bere esanetan: “Bide horretan, ez naiz berriro bakarrik egon. Beste emakume batzuekin batera aberastu naiz, elkarrekin egin baitugu bidea, eta egiten jarraitzen dugu”.
Elkarteko beste kide bat da Begoña Arco. Bere hitzak adierazgarriak dira oso, elkartearen bilakaera ulertzeko: “Hasiera batean, geure burua ez genuen feministatzat. Hori ere ikasprozesuaren emaitza izan da. Gauza bera esan dezaket deskolonizazioaz: emakume zuri burgesok gauza asko desikasi behar ditugu, gure lagunekin elkarlanean. Jabetu behar dugu haien aldean baditugula pribilegio batzuk, jakitun izan behar dugu, eta horren arabera jardun”.