Erromatarren iragan hurbila

criz

Ehunka urte eman dute lozorroan, ama lurraren babespean, eguzkiaren argia berriro noiz ikusiko zain. Azken bi hamarkadetatik hona, baina, harriak emeki-emeki esnatzen ari dira, eta Eslava (Oibar harana) herriaren iraganaz mintzatzen hasiak dira. Izan ere, erromatarrek hiri handia eraiki zuten Santa Criz muinoaren magalean, baskoien lurraldearen bihotzean. Eremuan egindako indusketetan, foroa eta nekropolia aurkitu dituzte, besteak beste. Arkaitz Almortza.

Harrien marmarrak urratzen du Santa Criz muinoko isiltasuna. Irribarretsu eta harro daude, pozarren. Izan ere, hainbat mendez Arbiñaga mendilerroaren erraietan lozorroan egon ostean, berriro bat egin dute eguzki izpiekin. Bisitariak gerturatu ahala, iraganaz mintzatzen hasten dira: “Erromatarrak eremu honetara (Eslava) iritsi zirenean, herri baskoi baten gibelean eraiki zuten beren hiria, handia, eta hiri erromatar baten ezaugarri guztiekin” azaldu digu aztarnategiaren zuzendari Javier Andreu Pintadok. “Iberiar penintsulako iparraldean ezagutzen dugun aztarnategirik monumentalenetakoa da” nabarmendu du irakasleak.
Azken urte hauetan benetako loraldia bizi izaten ari den arren, aztarnategiko lehenengo harria 1917an aurkitu zuten. Garai hartako Sadako parroko Juan Castrillok K.o. III. mendeko miliario bat topatu zuen Santa Criz muinoaren magalean (aztarnategiak izen bera du). Ordutik aitzina, erromatarren hiriaren zenbait aztarna aurkitu zituzten inguru horietan, baina 1994. urtera arte ez ziren hasi lehen indusketa lanak egiten. Eremu horretan bizi ziren bizilagunek beren etxeak atzean utzi zituztenean, ama lurrak kendu zioten eremua berreskuratu zuen, eta gaur arte iraun duen altxor historiko eta arkeologikoa babestu du.
Nekropolia da aztarnategiko harribitxietako bat: “Santa Crizen, erromatarren nekropoli bakarra ikus daiteke, errausketarako, Nafarroan izan ziren guztietatik in situ bisita daitekeena” azaldu du Nafarroako Unibertsitateko historia irakasleak. Hiru arkeologok abiarazi zituzten lehen lan haiek: Txaro Mateo, Rosa Armendariz eta Pilar Saenz de Albeniz. “Nekropolian erre zituzten zenbait gorpuren aztarnak aurkitu dira; orduko bizilagunen ezaugarri patologikoak ezagutzeko aukera emanen digu”.
Aztarnategiko bigarren harribitxia foroa da. “Hiriak Nafarroako foro erromatarrik (plaza publikoa) osoena gordetzen du, eta, noski, ikusgarrienetakoa; hortik datoz Eslava herriko erakusketan ikusgai dauden kapitelak eta estatuak” azaldu du Andreuk. Lur azpitik ateratako harriek diote foroa bi altueratan eraiki zutela. Eremu horretan, kriptoportikoa (erdi estalirik zegoen iparraldeko galeria) eta plaza inguratzen zuen zutabea aurkitu dituzte. Halaber, marmolez egindako togadun baten gorpua eta korintoar estiloko kapitelak agertu dira.
Iraganaren atzetik
Hiriaren sustraiak, ziurrenik, Kristo aurreko V. mendearen inguruan egonen dira, erromatarren aurreko herrixka baskoi batean; gerora, erromatarrak iritsi, eta bertan eraiki zuten beren hiria”. Denbora honetan egindako indusketetan, Bigarren Burdin Aroko etxe bat aurkitu dute muinoan dagoen kastro baskoian. “Seguruenik, euskaraz mintzatuko ziren eremu honetan, baina herri indoeuroparrekin nahasita egonen ziren; finean, herri horietako kultura nahasketa nabarmena zen” azaldu du. Baskoien lurraldearen bihotzean egon arren, orain arte aurkitu dituzten izkribuetan ez dute euskarazko hitzik aurkitu, Uxuen edo Lergan ez bezala. “Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi etorkizunean ustekaberik izanen ez dugunik, indusketekin aurrera jarraituz gero”.
Hiria Santa Criz muinoaren eta pareko mendilerroaren babespean eraiki zen. Etxebizitzak eta bestelako eraikinak goitik behera eraiki zituzten, iparraldetik hegoaldera, terraza moduan. “Berez, ez dago bide nagusi baten ondoan, baina bai, ordea, bide garrantzitsu baten alboan: Galipentzura zihoan bidearen aldamenean”. Orotara, 12-13 hektarea izan zituela uste dute adituek, eta 1.000-1.500 biztanle inguru izatera iritsi zela, gutxi gorabehera.
Hiriak K.o. I. eta II. mendean bizi izan zituen urte gorenak.  II. mendearen amaieran, baina, gainbehera hasi zela diote harriek. “Ziurrenik, zailtasun ekonomikoak pairatu zituen. Foroa ez zen iraunkorra izan, arkitekturaren ikuspuntutik. Bi aldiz kolapsoa jasan zuen. Lehenengotik aterako zen, baina bigarrenean hiriak ez zuen ahalmenik izan hiriko autonomiaren ikurra (foroa) berreskuratzeko. Horregatik, poliki-poliki, bizilagunak hiritik alde egiten hasi ziren, landa eremura joateko; ondorioz, biztanleria sakabanatu egin zen, inguruko eremuetan”. Gerora ez zenez inolako kokalekurik egon, hiriaren aztarnak egoera onean kontserbatu dira.
Mende honetan hainbat konturen berri eman duten arren, harriek oraindik hitz egiten jarraitu behar dute, hiriaren iraganaren berri emateko. Izenak, adibidez, ezezaguna izaten jarraitzen du. “Ezjakintasunak baldintzatzen gaitu. Nemanturissa hiri baskoiarekin identifikatu nahi izan da, baina ez dago erabat ziurtatuta; Ptolomeok baino ez du aipatzen, Andelosko (Mendigorria) ekialdean kokatzen du, baina aipamena ez da inongo miliariotan ageri…  Izenaren jatorria argituko bagenu, testu zaharrek aipatzen dituzten hiri horien mapan jarri ahal izango genuke, izenaren beraren misterioa ebazteaz gain” nabarmendu du irakasleak.
Nafarroako hiri erromatarretako inskripzio erromatarren errepertoriorik ugariena ere topatu dute aztarnategian. Horiek “mundu zeltikora igortzen dutela” azpimarratu du. “Indoeuroparraren garrantzia nabarmena zen, eta, ziur aski, hiri baskoi haiek eta baskoiak eurak oso nahasirik bizi ziren, hizkuntzaren eta kulturaren ikuspegitik, eta bistan denez, errepertorio epigrafikoaren eskuzabaltasunak erakusten duen bezala, oso erromanizaturik” azaldu du. Informazio hori bilduta, liburu bat argitaratu berri dute Javier Andreu, Pablo Ozcariz eta Txaro Mateo ikertzaileek.
Orain arte, aztarnategiaren % 1 besterik ez dute ikertu. Proiektuak aurrera egin ahala lur azpitik aterako diren altxorrak gero eta ugariagoak izanen direla nabarmentzen dute ikertzaileek, eta, zalantzarik gabe, Nafarroako historia liburuan beste kapitulu bat idazteko aukera paregabea eskainiko dute. Harriak hitz egiteko irrikan daude. 


Museo birtuala

Etxetik irten gabe, nahi duen orok Santa Criz aztarnategian aurkiturikoa ikusteko aukera du, museo birtualari esker. Pablo Serranok eta Iker Iberok egin dute objektuen 3D digitalizazioa, eta testuak Nafarroako Unibertsitateko Javier Andreuk idatzi ditu. http://www.santacrizdeeslava.com/