Garoña, egonean

garona

Zentral nuklearra eraisteko prozesuaren hasiera 2022ra arte atzeratu dute, behin-behinean. Abian beharko lukete lan horiek, zentrala behin betiko itxi zutenean, 2017an, egindako aurreikuspenen arabera. Zenbait eragilek zentrala botatzeko prozesuaren beharrak betetzeko aurreikuspen falta kritikatu dute. Jon Rejado.

Garoña inguruan, mantso doa denbora. Burgosko (Espainia) udalerri horretako zentral nuklearra ixteko erabakiak luze jo zuen. Bada, bide beretik doa eraisteko prozesua. Zentralaren ustiapen baimena ukatu zenean, 2017an, eraisteko lanak 2019an hasiko zirela aurreikusi zuen Espainiako Gobernuak. Epea igarota, Enresak, Espainiako hondakin nuklearrez arduratzen den enpresa publikoak, beste data bat ezarri du: 2022.
Zentral nuklear bat eraisteko prozesua ez da egun batetik bestera gauzatzen. Hala gogorarazi dute prozesuan parte hartuko duten eragile nagusiek. Lehenik eta behin, zentrala eraisteko proiektua behar dela azaldu dute Enresako iturriek: “Proiektua zentralaren neurrira egindako jantzia da”. Txosten hori 2020. urtearen lehen erdirako egongo da prest, Enresaren arabera. Orduan jakingo dira egin beharreko urratsak, baina ez dira egingo 2022. urtea baino lehen.
Aurretik dagoen bidea “denboran luzatzen den prozesu konplexua” da, CSN Espainiako Segurtasun Nuklearraren Kontseiluko iturrien arabera. Santa Maria de Garoñarako, bi fase irudikatu dituzte. Aurrena, baina, zentral nuklearra egokitu beharra dago. Horretaz Nuclenor arduratzen ari da, zentrala ustiatzen zuen enpresa, hain zuzen. Zentrala modu seguruan gelditu eta erabilitako erregai nuklearra biltegietan egokitzen hasteko ardura du, zehazki.
Lehen fasea 2022an hasiko da, esan bezala, eta gutxienez 2024ra arte iraungo du, Espainiako Gobernuaren esanetan. Fase hori baino lehen, azpiegitura nuklearraren jabetza aldaketa egingo dute: Nuclenorrek Enresaren esku utziko du zentrala, enpresa publikoa ardura dadin lanak egiteaz. Orduantxe egingo dituzte lehen esku hartzeak eraikinean, turbinen eraikina kendu eta beste. Fase hori amaitutakoan, erabilitako erregai nuklearra zentralaren kanpoaldeko biltegian egongo da.
Bigarren fasea argitzeke dago. Enresak bi aukera ditu, bere eskarmentuaren arabera. Vandellos I zentralean (Tarragona, Katalunia), 25 urteko “itxaronaldia” ezarri zuen, erreaktorearen erradiazio maila apal zedin, azken lanak hasi aurretik. Jose Cabrerako zentral nuklearrean (Gaztela-Mantxa, Espainia), aldiz, ez dute denbora hori errespetatu. Espainiako Gobernuak emandako informazioaren arabera, bigarren bideak du aukera gehien. Hala izanez gero, 2034rako bukatuko lirateke lanak, behin-behinean. 
“Aurreikuspenik gabe”
Raquel Monton Greenpeaceren kanpaina nuklearraren arduradunak kritikatu du Garoña eraisteko prozesua “aurreikuspenik gabe” egiten ari direla. Gogora ekarri du 2017ra arte zentralaren jabearen asmoa zela haren bizitza 2031ra arte luzatzea. “Epe batzuk bete behar dira, araudia bete eta segurtasuna bermatzeko; Garoñan, ez dute halakorik egin, eta horren ondorio dira egungo arazoak”. Besteak beste, hondakinen behin-behineko biltegiarekin gertatzen ari dena, Montonek nabarmendutakoaren arabera.
Plangintzak plangintza, bigarren fasea ezin izango dute hasi hondakin nuklearrak eraikin barruan egon bitartean. Horiek ateratzeko, biltegiratze azpiegitura egokia behar da. Bada, behin-behineko biltegi bat prest du Santa Maria de Garoñako zentralak. Are gehiago, dagoeneko eskatu dituzte hondakinak hartuko dituzten lehen bost edukiontziak. Hutsegite bat izan da, ordea: biltegia eta edukiontziak zentralaren iraupena luzatzeko asmoz diseinatu ziren, ez behin betiko itxiera gogoan. Horregatik sortu dira arazoak.
Biltegia hamar edukiontzi hartzeko diseinatuta dago, baina ez dira nahikoa. Enresaren arabera, 49 edukiontzi beharko dira. Aipatu lehen bost edukiontzien ezaugarriak ere eztabaidagai dira, uste baino denbora gehiagoz bildu beharko dituztelako hondakinak. Hori dela eta, Enresak ikerlan bat eskatu du, egungo biltegian aldaketarik egin behar ote den argitzeko; txostena 2020ko martxorako espero dute. Behin-behineko biltegiratzea handitu egin beharko balitz, faseak are gehiago atzeratuko lirateke.
Segurtasun arazoak
Arazoak gorabehera, Nuclenor hondakin nuklearrak mugitzen ari da, eta CSNk horrekin lotutako hainbat istripuren berri eman du. Zabor nuklearra duten bidoi zaharren egoera oso kaskarra dela jakinarazi du ikuskariak bere txostenetan: “Silo askotan, desegindako bidoiak daude, eta hondakina barreiatuta dago barruan”; edota “kasu askotan, hondakinak guztiz jan du bidoiaren estalki metalikoa; atmosfera ukitzean, hondakinak bolumena handitu, gainezka egin, eta bidoiaren paretak hondatu ditu”.
CSNk berak aitortu du “aurreikuspen falta” izan duela Nuclenorrek eraiste lanak egiterakoan. Ondorioz, besteak beste, langile batzuek behar baino kutsadura handiagoa jasan dutela azaldu du. Egoera zuzentzeko neurriak eskatu dizkio enpresari, luze joko duten lanetan ez dadin istripu gehiagorik gerta.