Jaioberri baten bueltan, komeriak

ikusgarri

Umea izan behar dutela eta, gurasotasuna ospatzeko asmoz, afaria egingo dute gurasoek, aitaren arrebak eta koinatuak, eta familiaren lagun batek. Amaren zain direla, aitatasunaren alegrantziez ariko dira, aitak umeari ipini nahi dioten izena aipatzen duen arte: poza zena ekaitz bihurtuko da, eta etxeko giroa erabat gaiztotuko da. Egoerari umoretik heldu dio Ene ba!! antzezlanak, Txalo Produkzioak konpainiak urtarrilaren 10ean Andoainen aurkeztuko duen lanak. Matthieu Delaporte eta Alexandre de la Patelliereren lana Begoña Bilbao Lejarzegik zuzendu du, Martin Agirrek itzulitako testua oinarri. Mahai bueltan bilduko diren protagonistak jokatzen, ostera, Asier Sota, Mikel Laskurain, Ane Gabarain, Alzane Etxeberria eta Jose Kruz Gurrutxaga ariko dira. Andoaingo Bastero Kulturgunean estreinaldia egin ostean, hainbat lekutan ikusi ahal izango da: urtarrilaren 12an, Villabonan; 24an eta 25ean, Donostian; 26an, Hondarribian; 31n, Tolosan; otsailaren 1ean, Azkoitian; 2an, Lezon...


kaskarotZORTZI konpainiaren antzezlanak  ikusi ahal izango dira, agorrila bitartean, Baionan, Bidarten, Donibane Garazin, Donibane Lohizunen, Hendaian, Hiriburun eta Miarritzen, Ibilki 2020 programari esker. EKE Euskal Kultur Erakundeak bultzatutako programa da Ibilki, eta Ipar Euskal Herrian euskarazko antzerkia hedatzea du helburu. Aurten lan hauek eskainiko ditu: Tanttaka Teatroaren Muxua; Loraldia kultur elkartearen Anton Abbadia, Dublinetik Hendaiara; Atx Teatroaren Kaskarot; Collectif Balle Perdueren Gora! Un selfie au milieu des Sioux; Iduzkilore antzerki taldearen Herriko bozak; Xake Produkzioaken Lur; 13R3P/ Itzuli Konpainiaren Behin bazen Internet; eta Rouge Elearen Zuhaitzarekin solasean. Guztira, beraz, zortzi antzezlan hamabost emanalditan. Tanttakaren Muxua lanak emango dio hasiera Ibilki 2020ri, urtarrilaren 14an, Baionan. Gainerako hitzorduak EKEren webgunean (https://www.eke.eus/eu) jaso dituzte.

LABURREAN

KULTUR SORKUNTZA eta sortzaileak ardatz hartuta, Dapa izeneko ikus-entzunezkoen proiektua abiarazi dute Azpeitiko Dinamoa sormen gunean. Daparen bitartez, asteazkenero sormena oinarri duen erreportaje bat sareratuko dute, zeinak kultur-adierazpen bat edota sortzaile bat izango duen oinarri. Lehen denboraldian, hamasei erreportaje sareratuko dituzte, eta dagoeneko ikusgai dira lehenak: Juan Palacios zinegileari eskainia, Rouge Elea konpainiari buruzkoa... Dinamoa sormen gunearen webgunean ikus daitezke lanok: https://dinamoa.eus/dapa/.

zutikRIKARDO ARREGI (Andoain, 1942-Eibar, 1969) kazetari, idazle, pentsalari eta kultur eragileari buruzko Zutik film laburra zuzendu du Ainara Mendiolak (Errenteria, 1978).  Gazte hil arren, euskalgintzan eta euskal kulturgintzan arrasto sakona utzi zuen Arregik. Hain justu, Arregiren azken urteetako ibilbideari, 1965etik 1969ra bitartekoari, erreparatu dio lanak. Maluta Filmsek ekoitzia, Rikardo zenaren iloba Mikel Arregi du protagonista. Azaroaren 27an aurkeztu zuten lana, Andoainen, eta emanaldiren bat antolatu nahi duenak Maluta Filmsekin harremanetan jarri besterik ez du, E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera idatzita.