Star Wars: The Rise of Skywalker

starwars

Zuzendaria: J. J. Abrams. Aktoreak: Daisy Ridley, Adam Driver, John Boyega, Oscar Isaac, Kelly Marie Tran, Carrie Fisher, Anthony Daniels, Keri Russell, Lupita Nyong'o. AEB, 2019.

Istorioa: Lehen Ordenaren kontrako borrokan jarraitzen du Leia Organak zuzendutako erresistentziak. Bitartean, antzinatik datorren Jedien eta Sithen arteko gatazka azken borrokara iristear da.
Saga: 42 urte iraun duen sagari amaiera ematera dator, ustez, haren IX. kapitulua dena. Ustez esan beharko, errape galaktikoari tiraka segitzeko tentazioari muzin egitea indarraren alde ilunari uko egitea baino askoz zailagoa egingo zaielako frankiziaren jabeei, ikusita urruneko galaxia horretako milaka izarrek ez dutela dir-dir egiten, txin-txin baizik.
Onena: Fededunak elizara nola, zalea izanez gero filma ikustera joateko jaidura ia saihetsezina da. Zale amorratua izan gabe ere, Star Warsen filmak entretenimendurako aukerakoak direla jakiteak laguntzen du.
Txarrena: Ikusgarria bai, baina ez da bereziki entretenigarria. Arrapaladan doan kontakizuna; zahar zein gazte, mundu guztia konforme uzteko nahia; sagako dinosauro guztiak bai ala bai bertan (Goenkaleko Maria Luisa besterik ez da falta)... Azkenean, filmak herren egiten du. 
Eñaut Mitxelena