Iker Martinez de Zuazo

ikerREM. Automatic for the people.
Pop kantu biribilei dagokienez, REM da gehien eta denbora luzeagoan egin dituzten taldeetako bat. Disko honetan, taldea bere heldutasunean zegoela iruditzen zait, kantu bakoitzari bere ñabardurak maisuki eman baitzizkion. Bizitzan senti daitezkeen ia sentimendu guztiak abesti hauetan isla daitezke.
RYAN ADAMS. Ashes & fire.
Behin, Interneten, hauxe irakurri nuen Ryan Adamsi buruz: ”Ryan, ez dakit nola, baina beti lortzen duzu nagoen lekura heltzea”. Ryan Adams entzuten dudanean, ulertua sentitzen naiz, haren abestiek nire mundua esplikatzen dute. Beharbada, Ashes & fire diskoak lortu du sentsazio horrek nigan luzaroen irautea.
THE BLACK CROWES. Amorica.
Moldaketa melodiko mugagabeak eta rocka bateragarriak zirela erakutsi zidan taldea, bai eta ahots batek, indarrez eta sentimenduz, noraino eraman zaitzakeen ere. Rocka eta melodia hain gora igotzea oso jende gutxik lortu du, nire ustez.