‘Maketoen iraultza’, Doctor Deseoren iraultza

dd

Ez da oso iraultzailea izan, dena den, Doctor Deseo taldearen hamazazpigarren diskoa euskara hutsean kaleratu izana: 2011ko abenduaren 3an eman zuten, Gasteizen, lehen kontzertua euskaraz; bigarrena, 2016an, Bergarako Kilometroetan. Izan ere, 1995ean egin zuten euskarazko lehen ekarpen hartatik aurrera (Tracy Lord kanta, Edorta Jimenezen hitzekin), talde bilbotarrak beti sartu izan du euskarazko kanta bat bere diskoetan: klasikoetara jo zuten batzuetan (Xabier Lete edo Lauaxeta), eta autore garaikideetara besteetan (Marta Ortiz, Unai Iturriaga, Sonia Gonzalez...). Lan honetarako osatu duten 13 abestiko bildumatik, hortaz, bakarra da berria, diskoari izena ematen diona, hain zuzen. Ereserkiaren osagarriak ditu, testuan zein musikan, bere garaian iraina izan zen maketo berba harrotasunez erreibindikatzeko. Lau kontzertu baino ez dituzte eskainiko diskoa aurkezteko, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Hori bai, kontzertu erraldoiak, laster batean iragarriko dituztenak.


amakAMAK lau trikiti eta pandero eta lau ahots dira: Alaitz Telletxea (Alaitz eta Maider), Maixa Lizarribar (Maixa ta Ixiar), Amaia Oreja (M-n Ezten) eta Kristina Solano (M-n Ezten). Taldearen izena taldekideen izenen lehen letrarekin osatuta, eta Euskal Herriko folk musikaren ertzak betiko moldeetatik aterata, bestelako proposamena gorpuztuko dute plaza arruntetatik kanpo: agertokiari erreparatuta (aretoetan zein aulkiz betetako plazetan), ikuskizun bitxia osatu dute 50 minutuko errepertorioarekin. Entzulearen arreta sentimendu handiko kantuekin erakartzeko asmoa dute: taldearen beraren abestiak, kanta klasiko batzuen moldaketak... trikiti, pandero eta ahotsen hamaika konbinaziorekin. Badituzte hainbat emanaldi lotuta: martxoaren 6an, Alegian; 7an, Bergaran...

 

 

 

 

suaORDU BELTZAK
Sua
Airaka, 2019

Iazko Gaztea Maketa Lehiaketan garaile izan zen talde bizkaitarraren estudioko lehenengo diskoa da hau, hamar abestiz (euskaraz zein ingelesez) osatua. Nabarmentzen dituen estilo ilun eta sutsua alde batera utzi barik, gustu guztietarako erregistroa eskaintzen dute. Aldarrikapen hutsa da lan berria, esperientziei eta sentimenduei buruz hitz egiten duten hitzekin, estereotipoen aurka, adibidez. Finean, kantak hamar bizipen dira, guztiz ezberdinak; baina elkarren arteko lotura badutenez, aberastasuna gehitzen diote lanaren osotasunari.

skakeitanNOLA GALDU DENBORA
Skakeitan
Mauka, 2019

Talde donostiarraren laugarren lana zazpi abestik osatzen dute (bi gaztelaniaz dira). Peio Armendariz abeslariak, Borja Anton gitarristak eta Julen Idigoras baxu jotzaileak egin dituzte kanta guztiak, hasierako ska doinuetatik urrunduta. Ohiko teknikari Haritz Harreguyrekin burutu dute grabaketa lana, baina Londresera ere abiatu dira, soinu berrien bila. Han, Eliot James ekoizlearekin nahasi dute diskoa, haren Eastcote Studios mitikoetan. Ezpainetan odola abestia, ordea, Santos Berrocalek nahasi du, Bartzelonako Blind Records estudioan.