‘Hondarrak’, Ruben Sanchezen lehen nobela

ruben

Xabier Tupa izeneko protagonistaren kartzelako pasadizoak eta gorabeherak kontatzen ditu, beste gauza askoren artean, Hondarrak (Txalaparta) eleberriak. ETAko kide izateagatik atxilotu zutenetik, espetxe batetik bestera aldatzen dute etengabe, eta, bitartean, familiaren istorioak biltzen hasiko da. Izan ere, hiru belaunalditakoak dira hiru pertsonaia nagusiak: Tupa, haren ama Julia eta amona Pilar. Bi abiapuntu izan ditu egileak nobela idazteko. Batetik, duela urte batzuk bere amatxi memoria galtzen hasi izana; bestetik, euskal gatazkaren ingurukoak barnetik ateratzeko sentitzen zuen beharra. Sanchezek aitortu du hasieratik zekiela zer egin nahi zuen, baina ez zekiela nola egin. Bazekien lehengo garaiak agertzea nahi zuela (Gerra Zibila, Trantsizioa...), baina familia giroan eta hondarretan geratu den Uxue bezalako herri batean. Guztia josteko, sei urte inguru behar izan ditu idazleak, baina kalean du jada bere opera prima.


goiatzHORI ZEN DENA izenburua jarri dio Goiatz Labandibarrek Alberdania argitaletxearekin kaleratu duen narrazio liburuari. Azken hiru urtean idatzi ditu ipuin guztiak, eta era guztietako harremanen gaia erabili du denak lotzeko: familia, bikotea, lagunak… “Ez dira beti politak izaten” idazlearen esanetan, “baina ezta askotan uste izaten dugun bezain konplikatuak ere”. Horregatik idatzi du dramatismo handirik gabe. Bestalde, idazleak uste du irakurlea identifikatuta sentituko dela ipuin batzuetan, kontakizun garaikideak direlako, Euskal Herrian eta gaur egun gerta daitezkeenak. Jorge Gimenez Bech editoreak egilearen estiloaren xalotasun landua aipatu du liburuaren aurkezpenean, lanketa serioaren fruitua dela azpimarratuta, eta “ez ofiziorik ezarena”. 

 

 

belardoBELARDO. BA AL ZATOZ?
Iñaki Martiarena Mattin
Berria, 2019

Belardo komiki zinta 2000ko urrian jaio zen, Euskaldunon Egunkaria-n. Laster 20 urte beteko dituela eta, marrazkigileak komiki liburua idatzi eta marraztu du, belar meta protagonista duela. Urte hauetan guztietan, Belardok zertxobait aldatu du tankera, baina, funtsean, orrialdeok betiko gatza eta piperra dituzte. Oraingoan, Belardo kalera jaitsi da, eta adiskide berriak egin ditu. Halere, kaleko bizimoduari neurria hartu ezinik dabil belar meta kutuna.

sorginSORGIN BELARRA
Toti Martinez de Lezea
Erein, 2019

Nafarroako sorgin ehizaren garaian (XVI.-XVII. mendeak) kokatu du idazle bizkaitarrak fikziozko kontakizun hau. Loredi du protagonista, etxeko zazpi alabetan zazpigarrena. Pedro Balanza errege kontseilari eta Nafarroako Entzutegiko epaile ankerrak gertaera zentzugabe batzuen errudun egingo du. Aitaren laguntzaz ihes egitea lortu arren, hurrengo hamabost urteetan atsedenik gabe jazarriko du Avellaneda inkisidoreak, sorginak izan badirela erabat sinetsita.