Aitaren etxea

aitarenKarmele Jaio
Elkar, 2019

B2

Karmele Jaio idazle gasteiztarraren hirugarren nobela dugu honako hau (beste hainbeste ipuin liburu kaleratu ditu jada, baita poesia liburu bat ere). Bere testuetan ohikoak diren gaiak aurki ditzakegun arren (hala nola, beldurrak eta pertsonen arteko inkomunikazioa), esango nuke bi ildok gidatzen dutela eleberri hau. Batetik, metaliteratura pixka bat eginez, idazleak, berak bizi ez dituen zapalketek zeharkatutako gorputzei buruz idatzi nahi badu, nondik idatzi behar duen galdetzen du. Bestetik, gizonen nolabaiteko deseraikitze prozesuaz mintzo da; edo, bestela esanda, maskulinitatea deseraikitzeko deia egiten du, edo die, gizonei.
Bada, bi gai horiei heltzeko, Ismael dugu protagonista: idazlea ez ezik, semea, senarra eta aita ere bada, nahiz eta batez ere idazle lanetan aritzen den. Alabaina, sormen krisi bete-betean dago, baita, agian, existentzia krisian ere. Gainera, aita aguretua zaintzea egokituko zaio. Horixe da, hain zuzen ere, lehen aipatu ditudan bi gaiak jorratzeko abiapuntua.
Gustura irakurtzen da nobela, arina da; aldi berean, ordea, zer pentsatua ematen duten gaiekin egingo dugu topo, eta baliteke geure burua protagonistarekin edo haren bikotekidearekin identifikatzea. Baliteke, halaber, geure burua deseraikitzen hastea. Hala bedi!
Alaitz Andreu