‘Itzultzailea.eus’ doako itzultzaile automatiko eleaniztuna, sarean

itzultzailea

Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako punta-puntako teknologia darabilen itzultzailea sareratu du Elhuyarrek: itzultzailea.eus. Doan erabil daiteke, bai itzultzailea.eus gunean bai aplikazioa sakelakora atari horretatik bertatik deskargatuta. Bost hizkuntzaren arteko itzulpenak egiten ditu: euskara, gaztelania, frantsesa, katalana eta galegoa. Erabilera erraza du: testua dagokion lekuan idatzi, zein hizkuntzatara itzuli nahi den aukeratu eta Itzuli botoia sakatu. Eskuko telefonorako aplikazioaren kasuan, testua idatzi beharrik ez dago, testua aukeratu eta kopiatu ostean zuzenean aplikaziora eramateko aukera eskaintzen baitu.


JOXE AZURMENDI (Zegama, 1941) pentsalariaren obra kontsultatzeko modua erraztu du Jakin aldizkariak, www.jakin.eus atarian bildutako Azurmendiren lan guztien bildumari berariazko bilatzailea gehituta.Jakinek 2014an digitalizatu zituen Azurmendiren ordura arteko lanak, baina bilatzailerik gabe sareratu zituen. Orain, berariazko bilatzailearekin, bilaketa zehatzagoak egiteko aukera dago: gako-hitzen bidez nahiz gaien eta argitalpenen arabera bila daitezke testuak. Hitzen araberako bilaketen kasuan, testuen izenburuetan eta edukietan arakatzen du. Filosofia eta pentsamendua, nazio auzia, literatura, euskara, kultura... gai ugari jorratu izan ditu Azurmendik. Guztira, 685 lan argitaratu ditu, eta denak digitalizatu ditu Jakinek. Orotara, 15.000 orrialde baino gehiago, guztiak erabiltzaileen eskura.

LABURREAN

EUSKARAZKO doktoretza tesi guztiak atari bakarrean bildu dituzte Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta UEU Udako Euskal Unibertsitateak, Tesiker Euskarazko Doktorego Tesien datu basearen bidez. Berez, 2007an abiatu zen ekimena, baina, berrikuntzei esker, bilaketa aurreratuak egiteko aukerak erraztu dituzte. Gaur egun, 550 doktoretza tesi eskura daitezke euskadi.eus/tesiak helbidean kokaturiko datu basean, zeinak datu ugari biltzen dituen: izenburua, egilea, zuzendaria(k), unibertsitatea, laburpenak, PDFartxiboak eskuratzeko loturak, etab.

botabaSOPELAKO Garoa Lopez Ortegak irabazi du #Botaba euskal esamoldeen erronkaren hirugarren edizioa,Beheak behera etorri eta Lau-zortzi egin esamoldeekin egindako bideoagatik. Esamolderik originalenaren saria, berriz, Bilboko Joseph Whelanek eta Ane Bilbaok eskuratu dute, Intxaurra hausteko harri egokia aurkitu baliatuta egindako bideoagatik. Labayru Fundazioak antolatzen du #Botaba, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko eta esamoldeek hizkuntzari ematen dioten bizitasuna nabarmentzeko. Bideo irabazleak nahiz erronkan parte hartu duten gainerakoak hemen paratu dituzte: https://botaba.eus/.