Superheroi erretiratua

Txalo handi bat, mesedez, nire superheroi kutun berriarentzat: Akitoshi Okamoto. Japoniako aitonatxo bat da, 71 urte ditu eta, azken asteotan, behin baino gehiagotan egon behar izan da polizia etxean eta epaitegietan, atxilotua izan ondoren.
Akitoshik sakelako telefono bat erosi zuen duela pare bat urte, eta, aurreko modelo zaharrean bezala, irratia entzuteko ere erabili nahi zuen. Gailu berriak ez zuen irrati zirkuiturik, baina aukera eskaintzen zuen irratia Internet bidez entzuteko. KDDI telefonia enpresako operadore batek pazientzia handiz azaldu zizkion Akitoshiri egin beharreko urrats guztiak.
Hasiera batean, kontent geratu zen gure protagonista. Baina etxera iritsi eta saiatu zenean, ez zegoen modurik irratia entzuteko; ez lehenengo saiakeran, ez bigarrenean, ezta hirugarrenean ere. Zer egin zuen, orduan, Akitoshik? Bada, KDDIren laguntza telefonora deitu, laguntza eskatu eta kexa jarri.
Konponbide egokirik ez zioten eman, baina, eta berriz deitu behar izan zuen, bere irratsaiorik gogokoena entzun nahi zuelako telefonoan. Erantzun ganorazkorik ez, eta berriz deitzen zuen gizonak... eta horrela, egun bakar batean, 33 dei; hilabetean, 400ndik gora; eta azken bi urteotan, 24.000 dei baino gehiago egin ditu Akitok laguntza telefonora. Hainbeste, non azkenean enpresak salaketa jartzea erabaki eta polizia konbentzitu duen gure aitonatxoa atxilotzeko, telefonozko arreta zerbitzua nahita kolapsatzen ari zelakoan.
Akitoshiren istorioak eztabaida sutsuak eragin ditu Japonian. Beste batzuen iritziz, ordea, errudun bakarra KDDI da: Japoniako biztanleria gero eta azkarrago zahartzen ari da, eta telefonia, Internet hornitzaileek eta bestelakoek azkar pentsatu beharko dute nola moldatu beren arreta eta laguntza zerbitzuak beharbada teknologiarekin primeran moldatzen ez diren adineko pertsonentzat. Oraingoz, badirudi bezeroak moldatu behar direla enpresaren egiteko moduetara, eta ez alderantziz.

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/akito
Albistea japonierazko blog batean. Gauza handirik ulertu ez arren, ilustrazioa oso barregarria da! :-)

https://labur.eus/esku2D
Euskaldunok Akitoshik bezalaxe jokatu beharko genuke sarritan, batez ere operadore handiek euskaraz artatzen ez gaituztenean!

https://labur.eus/erretiratuak
Maiz pentsatzen dugu teknologia gazteen kontua dela eta adineko jendea ez dela ondo moldatzen gailu berriekin. Berriaren erreportaje honetan, ez duela zertan horrela izan ikusiko duzue.