Errima

olasagarreJuanjo Olasagarre

Josef Brodsky Errusiako poeta izan zen; judua, kaskagorria, liberala eta, diotenez, Ana Ajmatovaren oinordekoa. Erregimen komunistak zigortu egin zuen: bost urte pasatu zituen konfinamenduan, idaztea debekatu zioten, eta, azkenean, “emigratzera” behartu zuten. Viena eta Londres tarteko, AEBetan bukatu zuen, ez aurretik Auden ezagutu gabe, hura baitzeukan bizirik zegoen poetarik behinentzat. Errusieraz idazten segitu bazuen ere, bere azkeneko bi poesia liburuak ingelesez idatzi zituen, kritikoek salatzen zizkioten gramatika akatsak eta hizkuntza herdoilduari batere jaramonik egin barik. Gero, Nobel saria eman zioten, baina hori beste kontu bat da.
Espainolez zein ingelesez Brodsky leitzean, badago bi modutara interpreta daitekeen halako kirrinka moduko bat, surrealismoarekin zerikusirik ez duena: batetik, aipatzen diren ideien eta irudien artean dagoen tarte logiko gehiegizkoagatik, uler liteke haur batek edo zoro batek lotu dituela; bestetik, Brodskyren fama ez ote dagoen puztuta.
Baina gero jakiten du irakurleak Brodskyk errusieraz idatzi zituela poemarik handienak, eta errusieraz oraindik ere ulertezina dela errimarik gabeko poesia, eta errimak, hala jakin zuen irakurle honek Auden poeta euskarara ekartzean, parean jarri eta berdindu egiten dituela urrun egon daitezkeen ideiak eta irudiak. “Pena” eta “eztena” ideia berean lotuko bagenitu, erraz asko irentsiko genuke irudia, errimak gauza bera direla aginduko bailiguke; beste hizkuntza batera itzuli eta errima galdurik, ordea, “pena” eta “eztena” hitzak oso urrun geldituko litzaizkioke irakurleari.
Gurean, poesian fama txarra du errimak; izan ere, abangoardia frantsesetik eta bertsolaritzaren errima gehiegizkotik ihes egiteko, erritmoa lantzera jo izan da. Baina nago errimak erraztu eta gakoarena egiten duela poemaren baitan ordena logikoan arriskatzeko orduan, ideiak urrutira eraman izanagatik dena ahokatuko delakoan. Eta ahokatu, ahokatzen du. Demagun: gure iraganen esperoan-zauritu dugu egunen pena-ez dizut nik, maitea,-haizatuko gurearen eztena.
Saiatu itzultzen. Eta barkatu bertso lerroen, hala izendatzerik badago, kaskarra.