Irriari fobia, fobiari irri

pirritx

Iruindar askoren babesa jaso zuten Pirritx, Porrotx eta Marimototsek emanaldiaren debekua salatzeko egin zuten
prentsaurrekoan.

 

Euskararen Eguna hurbil, ospatzeko gutxi Iruñean: euskaraz bizi eta irri egin nahi duenak zail du. Navarra Sumako Enrique Maia alkate duela, Iruñeko Udalak harturiko zenbait erabakik agerian utzi dituzte agintean direnek lehendik ere maiz erakutsitako fobiak. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek azaroaren 29an eman behar zuten emanaldia bertan behera utzi zuen Udalak, aurreko udal gobernuarekin sinaturiko kontratuan “irregulartasunak” zeudela argudiatuta. Ondoren, Maiak berak esan zuen “ezker abertzalearen pailazoak” direla, eta ez zeudela hori baimentzeko prest. Bestalde, azaroaren 22an, euskararen udal ordenantza berria onartu zuten, PSNren babesarekin. Aurreko legealdian onarturiko ordenantza, euskara Iruñeko berezko hizkuntzatzat jotzen zuena, baliogabetuta eta 1997ko udal ordenantza oinarri, euskaldunontzat orduko hura baino murriztaileagoa dena jarri dute indarrean. Euskararekiko eta euskal hiztunekiko ezinikusia erakusten dute neurriok. Atzerapauso kezkagarria salatu dute Iruñeko euskaldunek, euskalgintzak eta hainbat eragilek, eta irriz eta euskaraz erantzuteko beharra eta asmo osoa azaldu. Oztopoak oztopo, fobiak irriz ere gainditu baitaitezke.